Airearen kalitatea hobetzea izango da 2015 eta 2030 bitarteko Bilboko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren zirriborroaren helburu nagusietako bat, Bilboko Alfonso Gil Hirigintza zinegotziaren arabera (Bilbo, 1967). Datuak eman ditu: Bilbon 180.000 ibilgailu sartu eta ateratzen dira egunero; 07:00etatik 09:00etara 20.000 ibilgailu sartzen dira hirira, eta horietatik %80 inguru pertsona bakar batek gidatzen ditu. Autoen erabilera ahalik eta gehiena gutxitu nahi dute, eta, horretarako, Bilbora ordu jakin batzuetan sartzen diren autoei ordainsari bat ezartzea proposatu dute. Horrekin batera, beste 51 neurri jarri dituzte mahai gainean, eta, hemendik aurrera, bestelako taldeekin eta udaleko gainerako alderdiekin eztabaidatuko dituzte. Horrez gain, hiritarren iritzia jasotzeko inkesta bat jarri dute eskuragarri udalaren web orrian. Gilek esan du aukera handiak ikusten dituela gainerako alderdi guztiekin adostasun osoa lortzeko mugikortasunaren arloan.
Proposatu dituzuen neurrien artean, autoei bidesari bat ordainaraztea izan da atentzio handiena eman duena.
Oso deigarria izan da, gure testuinguruan halakorik martxan jartzen den lehen aldia litzatekeelako. Kontraste tekniko baten ondorio da, eta ikusi dugun arazo bati konponbide hori proposatu diogu. Horrek ez du esan nahi azkenean ezarriko denik, baina gure helburua da egunero autoan datorren jendea garraiobide publikora igarotzea. Autoetan bakarrik doan %80 horretatik portzentaje garrantzitsu bat garraiobide publikora pasatzen bada, askoz kutsadura txikiagoa izango genuke. Bilbon oso aire kalitate ona dago, baina hobetu egin nahi dugu. Greenpeacerekin akordio bat sinatu genuen iaz; konprometitu ginen 2030erako airearen kalitatea %50 hobetzera, 2012ko isuriak oinarri hartuta. Bilboko isuriak %50 gutxitu nahi ditugu.
Pentsatu duzue bidesari hori zenbatekoa izango litzatekeen?
Neurria baino gehiago, proposamena da. Oraindik ez dugu sakonki aztertu. Ibilbide luzea geratzen da ikusteko neurria egokitu behar ote dugun. Irailera arte, kontraste fase bat izango dugu, herritarrek iritzia ematea nahi dugu; esan diezagutela zer pentsatzen duten, eta ez bakarrik neurri horretaz, baizik eta proposatu ditugun beste 51 neurriez ere.
Gehien kutsatzen duten autoei tasa bat ordainaraztea eztabaidatu duzue?
Egia da hiri batzuek hori egiten dutela, baina, esan dudan moduan, Bilboko airea oso kalitate onekoa da. Egia da hobetzea zaila izango dela; saiatuko gara, baina oraintxe bertan ez dugu pentsatu halako tasak ezartzerik. Horrek ez du esan nahi ez ditugunik neurriak hartuko. Eta bada beste neurri bat oso garrantzitsua dena baina ia konturatu gabe igaro dena: Bilbo 30 izena du. Hiri batzuk saiatzen ari dira gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izan dadin, baina gure inguruan ez dira ausartzen hori egitera. Guk hori oso argi dugu; gainera, neurri horrek jende guztiaren adostasuna dauka; horrekin batera, gehienez 50eko bide alternatiboak ezartzea da ideia.
Gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izateak ez al lituzke arazoak eragingo hiri erdian?
Pedagogia eta kontzientzia politika onarekin egiten bada, zirkulazioa arinduko luke, paradoxa bat iruditu arren; kale lehentasunen eskema ongi ezarri behar da, eta, hortik aurrera, guk egindako ikerketan lortutako datuekin, hiriko zirkulazioa arina izango litzateke. Gainera, auto pribatuak gutxitzen baditugu —eta hori da helburu nagusia—, auto ilarak desagerraraziko ditugu automatikoki.
Gutxienez 50 pertsona dituzten enpresekin ere hitz egin nahi duzue, langileak bizikletaz joan daitezen lanera.
Gutxi hitz egin da horretaz, eta neurri interesgarrienetako bat iruditzen zait niri. Enpresa horientzat mugikortasun planak ezarri nahi ditugu; hala, lagundu egingo ditugu bizikletaz joatea errazten duten mugikortasun planak antolatzen dituzten enpresak. Dagoeneko badira hala lan egiten duten enpresa batzuk Bilbon. Lehen lekuz kanpoko zerbait bezala ikusten zen, baina orain oso tresna garrantzitsua izan daiteke.
Bidegorri sarea zabaltzea ere jaso duzue zirriborroan.
Jakitun gara bidegorri asko ez daudela elkarri lotuta; krisi garaiak bizi izan ditugu, bidegorrien sarearen hazkundea gelditu behar izan zen... Bilboko gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa izanda, eta kontuan hartuta 2017rako bizikleta elektrikoa alokatzeko aukera abian egongo dela hiri osoan, uste dugu bizikletan lasai joango garela errepidetik, eta ez espaloitik, debekatuta baitago hortik bizikletan ibiltzea.
Erraza izango da gainerako alderdiekin ados jartzea helburu horien inguruan?
Zoriondu egin behar ditut udaleko gainerako alderdiak, oso eskuzabalak izan direlako gurekin lan egitean. Denek ahalik eta hobekien egin dute. Egia da neurri batzuk eztabaidagarriak izango direla, baina Bilboko alderdiek hiritarren aldarrikapenak entzuten dituzte, eta uste dut irailean mugikortasunaren inguruko akordio handi batera helduko garela denok.
Zein neurriren inguruan sortu dira desadostasun handienak?
Batzuk ez daude ados bidesariarekin; beste batzuek ez dute uste auto pribatuaren sarbidea asko mugatzea ona denik... Desadostasunak gutxi dira, eta aukera asko ditugu mugikortasunaren arloan erabat ados jartzeko. Nik ibilbide hau hasi nuenean, neure buruari ezarri nion helburua izan zen 2019ko hauteskundeetan, agintzen duen alderdiak agintzen duela, mahai gainean diagnostiko bateratu bat izan, eta bere egin dezala.
Biziz Bizi elkarteak salatu du Zabalbide kalean ez dela bidegorririk jarri, nahiz eta udalaren planean hala jasota egon.
Bilboko gehienezko abiadura orduko 30 kilometro izango da, eta jendea bizikletaz joan ahalko da errepidetik. Hori arazo txikienetariko bat da; bidegorriak goratu egin dira; zenbait hiritan bidegorriek talkak eragiten dituzte oinezkoen eta txirrindularien artean, eta oso arriskutsuak ari dira izaten... Nire ustez, garrantzitsuagoa da trafikoa lasaitzen saiatzea.
Alfonso Gil. Bilboko Hirigintza zinegotzia
«Bilboko kutsadura isuriak %50 gutxitu nahi ditugu»
Mugikortasun plana aurkeztu du Bilboko Udalak, eta hainbat neurri proposatu ditu; tartean, autoei tasa bat ordainaraztea hirira sartzeko. Gilek adierazi du jendea garraio publikoetara aldatzea dela helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu