KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitaristako kide batzuk Bilboko Juan de Garay kuartel militarraren harresira igotzen saiatu dira gaur goizean, «Gastu militarrik ez» zioten panelak eskegitzeko, baina Poliziak ekintza galarazi du.
Zortzi bat urte daramate ekintzaileek eragozpen fiskalaren aldeko kanpaina egiten. Estatuei errenta aitorpenaren bidez ematen zaien diruaren parte bat ordaintzeari uko egitean datza, eta gastu militarrari protesta egiteko baliatzen dute.
Salatu dute Espainiako estatuaren 2023rako gastu militarra 48.800 milioi eurotik gorakoa dela: BPGaren %4 eta pertsona bakoitzeko 1.051 euro, alegia. Ohar bidez azaldu dutenez, iaz ia 200 pertsonak «egin zioten planto armaden finantzaketari», Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ordaindu ez zuten zatia gizarte «bidezkoago eta solidarioago baten alde lan egiten duten proiektuetara» bideratu zutela esan dute: egitasmo ekologistak, giza eskubideen aldeko proiektuak eta komunikabideak, besteak beste.
Eragozpen fiskalerako bulegoak irekiko dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Ekintzaileen arabera, aldez aurretik hitzordua eskatuta, PFEZ errenta aitorpeneko prestatzaileak egongo dira horietan, «zergekin militarismoa finantzatzen laguntzeari uko egiten dioten pertsona guztiei» errenta aitorpena egiten laguntzeko.