Mugimendu Sozialistari Bilboko eta Gasteizko jaietan parte hartzen uztea exijitu zuten 150 kulturgilek maiatzaren bukaeran. Bada, salaketak erreakzioak ekarri ditu: joan den ostegunean Gasteizko Txosna Batzordeak erran zuen Mugimendu Sozialistaren bi talde gehiago ez sartzeko erabakia ez dela beto politikoa: «Prozesu guztiz legitimo baten emaitza da». Bilboko Konpartsek, berriz, gaur zabaldu dute oharra, erranez ez dela beto politikorik egon: «Bilboko Konpartsetan kide gehiago onartzea federazioaren erabaki burujabea da. Horrek ez du esan nahi jai herrikoietan parte hartzeko betorik dagoenik, ez ditugu akusazio horiek onartzen. Bilboko Konpartsak ez dira barra bat muntatzeko baliabide soila, hori egiteko beste hainbat aukera eta esparru daude eta».
Izan ere, antolakundeak zehaztu du beraiena «urtean zehar jai herrikoiak bultzatzeko esparru bat» dela, eta federazioa «ideologia anitzeko proiektu sozialak sostengatzen dituzten konpartsen elkargunea» dela: feminismoa, euskaltzaletasuna, antiespezismoa edo antimilitarismoa, erraterako. Hortaz, ez dutela onartzen konpartsak «ideologia jakin baten menpe» daudela erraten duen akusazioa. «Batzuetan asmatu eta beste batzuetan erratu egin dezakegu, baina ez dugu inoiz onartuko zalantzan jartzea gure autonomia, geure kideek erabakiak hartzeko eskubidea eta federazioaren aniztasuna», zehaztu dute.
Luberri konpartsaren eskaera nola kudeatu zuten azaldu dute. 2023an jaso zuten eskaera, eta gainerako taldeei bezala baldintza batzuk betetzeko eskatu zieten: konpartsa bat zirela erakusteko kide kopuru jakin bat izatea, Bilboko Konpartsen balioekin bat egiten zutela erakustea, eta federazioaren esparru parte-hartzailean aritzeko gai zirela erakustea. Urte hartako azaroan batzar orokor bat egin zuten 27 konpartsetako ordezkariek, eta ebatzi Luberrik ez zituela baldintza horiek betetzen. «Konpartsa bakoitzak bere ikuspuntua eta arrazoibidea emateko aukera izan zuen, eta erabakia modu asanblearioan hartu zen. Azpimarratu nahi dugu konpartsa bakoitzak erabakiak hartzeko autonomia duela, eta, iritziak emateko eragile burujabeak eta zilegiak izanik, inoiz ez ditugu erabaki horiek zalantzan jarriko eta ez dugu horietan esku sartzerik onartuko», gehitu dute.
Halere, oharrean diotenez, Luberri taldeko kideei Bilboko Konpartsen jardueretan parte hartzera animatu zituzten, eta ulertu zuten aurrerantzean bide hartatik jarraituko zutela: «Elkar ezagutzea, espazioak partekatzea eta jaiak elkarrekin gozatzea». Geroztik, baina, ez dute bertze eskaerarik jaso, bai, ordea, «beto akusazioa». Gehitu dute, gainera, Mugimendu Sozialistaren gutuna sinatu zuten kulturgileak ez direla beraiekin harremanetan jarri, zer ikuspuntu duten jakiteko, «federazioarekiko eta bere ibilbidearekiko gutxieneko begiruneak eskatuko lukeen moduan».
Zehaztu dute Bilboko Konpartsen egitekoa «jaiak giro onean eta anizkunean antolatzea» dela, eta ez «bertakoen arteko gatazka politikorako gunea izatea». «Hori dela eta, elkarlan osasungarrirako borondatea eta prestasuna erakusten duten eragileekin eta gure balioak errespetatzen dituzten elkarte, talde eta organismoekin elkarlanean jarraituko dugu, eta hori ziurtatzea da Bilboko Konpartsen asmo nagusia», borobildu dute.
Arrazoi garbirik ez
Joan den maiatzean kulturgileek egindako agerraldian, «betoaren» arrazoiak zeintzuk diren galdetu zieten, eta bozeramaileek erran zuten horri ez ziotela erreparatu: «Guk ez dakigu zein izan den arrazoia; guk badakigu horrek zer ondorio eragingo dituen».
Halere, sinatzaileei «azalezina» zaie egoera, «horren atzean arrazoi politikoak» egonda ere: «Jaietan, politika albo batera geratu beharko litzateke». Egoera hori guztientzat «kaltegarria» dela azpimarratu zuten, eta, haien ustez, txosnen eremua partekatu beharko litzateke, «ezarritako baldintzak, arauak eta dinamikak errespetatuz».