«Gure ustez, instalazio militar hau, gure inguruko beste asko bezala, milaka kilometrora gertatzen diren eta telebistan ikusten ditugun gerrak prestatzeko makineriako beste pieza bat da». Era horretan mintzatu dira gaur goizean Bota Kuartela asanbladako ordezkariak justu Bilboko Iralabarri auzoko gobernu militarraren parean egin duten agerraldi batean. Zer asmo duten azaldu dute: instalazio hori «berreskuratu» egin nahi dute, eta auzoarentzat izatea. Kanpaina bat hasi dute horretarako.
«Gaur egun gerraren kulturari eskainia dagoen espazio honek Iralabarri auzoan eta Bilboko hiri osoan bizi diren pertsonen beharrizanak asetzeko gunea izan beharko luke», azaldu dute. Besteak beste, kultur ekintzak egiteko, osasuna sustatzen laguntzeko, zaintza lanak egiteko edota kirol jarduerak aurrera eramateko erabil daitekeela nabarmendu dute.
Asanbladako kideen asmoa da gerren atzean dauden «azpiegiturak eta sare produktiboak amaitzea», eta xede horrekin bat egiten duten herritarrak bat egitera deitu dituzte. Era «horizontalean eta irekian» lan egiten dutela esan dute, eta ekarpenak jasotzeko prest daudela.