Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzaketa publikoa kendu dio Bilboko Scientia ikastetxeari, «etengabe egindako irregulartasunak direla eta», eta, horren ondorioz, ikastetxea itxiko dute. Han ikasten zuten haurren familiei aukera eskaini zieten bertze ikastetxe batean «berehala» matrikulatzeko, eta guztiak bertze ikastetxe batzuetan kokatuta daude jada, Hezkuntza Sailak baieztatu duenez.
Sailak abenduan argitaratutako ohar batean eman zituen azalpenak: «Hezkuntza Sailak antzeman du ikastetxeak hutsak egin dituela itunen esparrua betetzeari dagokionez, eta ondorioz, erabaki du ikastetxeko hezkuntza ituna ebazteko prozedura abiaraztea. Saila hasia da neurriak hartzen, ikasleen hezkuntzarako eskubideak urratu ez daitezen ikastetxearen egoera dela eta».
Abenduan, ikastetxeko eta Eskola Kontseiluko ordezkariekin bildu zen Hezkuntza Saila, egoerari nola aurre egin aztertzeko. Familiekin ere elkartu zen, jakinarazteko informazio eta laguntza protokolo bat martxan jarriko zutela.