Bilboko Guka mugimenduak agerian utziko du hirian euskara bazterreratzen duen «erdalduntze makina»

Datozen asteetan makinaren «mekanismo bakoitza» aztertzeko ahalegina egingo dute, gogorarazteko makina horrek erdarara bultzatzen dituela hiztunak «etengabe».

Guka mugimenduko kideak, aurkezpen egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Guka mugimenduko kideak, aurkezpen egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
arantxa iraola
2025eko otsailaren 27a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko Guka euskaltzaleen mugimenduko kideek ohar baten bidez jakinarazi dute datozen asteetan dinamika bat abiaraziko dutela hirian martxan den «erdalduntze makinaren» funtzionamenduaz ohartarazteko. «Dena emanda martxan» ari den makina bat dela gogoratu dute, eta «erraldoia» dela. Baina esan egin behar da hor dagoela, «ikusarazi» egin behar da; izan ere, guztiz ohikoak dira haren «zarata eta usaina», eta igarri ere ez da egiten askotan haren jardunbidea. Baina indartsua da: «Erdaldunak sortzen dituen makina bat da, 24 orduz martxan dabilena». Bazterreratu egiten du euskara. «Ia ezinezko egiten digu Bilbon euskaraz bizitzea».

Datozen asteetan makina horren «mekanismoetako bakoitza» aztertzen ahaleginduko dira, eta dituen ondorioez ohartarazten. Horren harira, iragarri dute zer alor jorratuko dituzten, denak ere makinari bete-betean aritzeko modua ematen diotenak; besteak beste: aisialdi eskaintza erdalduna, euskara ikasteko zailtasunak, hezkuntza ez-formal erdaldunak, euskararen kontrako diskurtsoak eta komunikabide sistema erdalduna. Guztiz errotuta daude guztiak, eta aski eraginkorrak dira. «Punta-puntako teknologia darabil makinak, Bilbon euskaraz bizitzea galarazteko».

Makina hori «elikatzen eta olioztatzen» dutenek «ardurak eta erantzukizuna» dituztela gogoratu dute Gukako kideek. Makinaren jardunari «ez ikusiarena egiteko» joera ere oso zabaldua dagoela nabarmendu dute, eta horregatik dela garrantzitsua orain abiaraziko duten dinamika. «Ekiteko garaia da: inertziaz martxan dauden mekanismoak alde batera utzi, eta euskararen aldekoak aktibatu beharra dago».

Guka iazko ekainean irten zen «plazara». Euskalgintzako kideak eta eragileak batzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.