Maizterren Sindikatuko kideek Bilboko gotzaindegia okupatu zuten atzo, etxegabetze bat salatzeko. Ordu batzuez hartu zuten egoitza, gotzaindegiari eskatzeko erabakian atzera egin dezala, eta kaleratu asmo duten 61 urteko gizonari babesa adierazteko. Elkarretaratzea antolatua zuten goizean, Begoñako basilikaren aurrean, eta, hasierako asmoa kanpoan gelditzea bazen ere, gotzaindegiko bulegoetara sartzea erabaki zuten sindikatuko kideek. Ertzainek kaleratu egin zituzten berehala.
Maizterren Sindikatuak azaldu duenez, gizonak «bizi osoa» darama gotzaindegiaren jabetzakoa den etxebizitza batean bizitzen.Gaur zuten bilera egitekoa bi aldeek, baina gotzainak bertan behera utzi zuen atzo goizean, eta horregatik erabaki zuten protesta egoitza barrura eramatea. Egoera konpontzeko, «negoziatzeko» eskatu zion sindikatuak gotzaindegiari: «Bizilagunok argi daukagu ez garela geldirik geratuko». Exegabetze agindua atzera bota ezean, bihar eguerdian izango da epaiketa.
Gotzaindegiaren eskaintza
Gotzaindegiko iturriek Radio Bilbao irratiari baieztatu diotenez, etxebizitza berean geratzeko eskaintza egina diote gizonari, etxebizitza beste pertsona batekin partekatuta, errenta sozialeko antzeko kasuetan bezala. Sindikatuak erantzun du, ordea, gotzaindegiaren proposamena soilik urtebeterako dela: «inongo» bermerik gabeko «nahitaezko» tutoretza bat. Sindikatuak osteguneko epaiketara biltzeko deialdia egin du.
Bilboko gotzaindegia okupatu dute, gizon baten etxegabetzea salatzeko
Maizterren Sindikatuko kideak egoitza barrura sartu dira, gotzaindegiari eskatzeko negoziatu dezala. Ostegunean egingo dute epaiketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu