Bilboko gotzainari eskatu diote trans kolektiboaren inguruan esandakoak zuzentzeko

Joseba Segura apezpikuak atzo Begoñan egindako sermoian esan zuen identitatea ezin dela «nahieran» eraiki, pertsona batek «jaiotzetik» duen gorputza aintzat hartu gabe.

Joseba Segura, elizkizun batean, zutik. EFE
Joseba Segura, elizkizun batean, zutik. EFE
arantxa iraola
2024ko abuztuaren 16a
15:15
Entzun

«Norberak ezin du, nahieran, emakume ala gizon izatea aukeratu». Halaxe mintzatu zen atzo Bilboko gotzain Joseba Segura. Esan zuen «desio hutsean» oinarritako mezuak hauspotzen direla gaur egun, eta auzitan jarri behar direla «errealitatea» aintzat hartzen ez duten mezuak. Andre Maria eguna zela-eta Bilboko Begoñako basilikan egindako elizkizunean esan zuen hori, sermoian, eta kritikak piztu ditu hainbat sektoretan, iritzita begirunerik gabe mintzatu zela trans kolektiboari buruz.

Bilbo Bizkaia Harro kolektiboko koordinatzaile Aratz Castrok, adibidez, berba horiek zuzentzeko eskatu dio apezpikuari, eta nora begiratua baduela esan: adierazi dio Frantzisko aita santuak bestela begiratzen diola kolektiboari, «onartu eta errespetatu» egiten duela.

Apezpikuaren adierazpenek eta antzekoek jendea «nahasi» egiten dutela esan du Castrok, eta transak «seinalatu» egiten dituztela. Halaber, salatu du halako esanekin elikatu egiten direla pertsona horien eskubideen kontrako «gorroto mezuak».

Gotzainari zuzenketa eskea egiteaz gain, gainerako erakunde publikoetako arduradunei ere mintzatu zaie Castro: hitza hartu beharko luketela uste du. Izan ere, besteak beste Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui han ziren, mezua entzuten.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko lehendakari Iratxe Uriartek ere kritikatu du apezpikua. Adierazpen «transfoboak» egitea leporatu dio, eta bat egitea hainbat tokitatik hauspotzen ari diren mezu «atzerakoiekin».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.