Bilboko familia baten etxegabetzea behin-behinean geldiarazi dutela jakinarazi dute hainbat eragilek

Caixabankek datorren asteko ostiralean kaleratu nahi zuen etxetik Zurbaranbarri auzoko familia. Auzoko eragileek eta AZET etxebizitza sindikatuak etxegabetzea behin betiko geldiaraztea exijitu dute, eta alokairu sozialeko kontratua berritzea.

Zurbaranbarri auzoko eragileek eta AZET Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin dute gaur, Bilbon. BERRIA
Zurbaranbarri auzoko eragileek eta AZET etxebizitza sindikatuak agerraldia egin dute gaur, Bilbon. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko martxoaren 27a
13:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Kaixo konpartsak, Pituxka talde feministak, Zurbaranbarriko (Bilbo) jai batzordeak, Uribarri Prest plataforma sozialak eta AZET etxebizitza sindikatuak agerraldi batera zuten deitua gaurko, datorren asteko ostiralean Caixabankek Zurbaranbarri auzoko familia bat etxegabetu nahi zuela salatzeko. Azken orduan, baina, Caixabank harremanetan jarri da sindikatuarekin. «Herri mobilizazioari eta lan sindikalari esker, etxegabetzea behin-behinean geldiaraztea lortu da, eta negoziaziorako bidea zabaldu», azaldu dute AZETeko kideek. Hala ere, agerraldiari eutsi diote, ez dietelako ziurtatu etxegabetzea egiteko «beste egun bat jarriko ez dutenik». Etxegabetzea behin betiko geldiaraztea exijitu dute, eta borrokan jarraituko dutela argi utzi.

«2011n hasi ziren arazoak; zailtasun ekonomikoak izaten hasi ginen, soldata bakarra baikenuen etxean,eta, beraz ordainketak atzeratu egin ziren». Gaur egungo egoerara nola iritsi diren azaltzeko, hitza hartu du Haritzek. Berak eta familiak jasandako «indarkeriazko praktikak» aipatu ditu. Caixabankek alokairu sozialeko kontratua eskaini zien 2014an, eta hiru urtean behin berritu zitekeen. 2021ean, Caixabankek erabaki zuen ez ziela berriro berrituko.

Orduan, etxebizitzaren jabetza Building Centerren esku geratu zen; «Caixabanken higiezinen filial bat» da. Hark ere ez zuen kontratua berritu, eta bide judiziala martxan jarri zuen familia etxetik botatzeko. Hilabete honen hasieran, etxegabetze agindua jaso zuen familiak: 2025eko apirilaren 4rako, 10:30erako. «Irtenbide bakar gisa, Caixabankek 1.000 euro eskaini dizkio familiari etxetik alde egin dezan. Kopuru iraingarria da, eta larriagotu egiten du egoera bidegabe hau», kritikatu du.

«Presioari» esker, datorren asteko ostiralean Haritz eta familia ez dituzte etxetik botako. Izan ere, eragileen izenean hitza hartu dutenek, Aitziber Pascual Manzanasek eta Alex Diez Mariak, argi utzi dute: «Hortzez eta haginez defendatuko dugu Haritzen eta haren familiaren etxea». Caixabanki eskatu diote «indarkeria egoera honi» amaiera emateko. Auzi eskea kentzea, etxegabetzea behin betiko geldiaraztea eta alokairu sozialeko kontratua berritzea exijitu dute. Izan ere, etxegabetzea behin-behinean geldiarazi duten arren, AZETek jakinarazi du Caixabankek ez duela alokairu soziala berrituko dieten bermerik eman.

Pascualek eta Diezek nabarmendu dute «bankuak, putre funtsak eta jabe handiak» direla langile klasearen «miseriaren» erantzule. «Gure bizitzen kontrako erabateko ofentsiba darabilte, zeinetan aberatsak gero eta aberatsago diren, eta pobreak gero eta pobreago; poltsikoak gure sufrimenduarekin betetzen dituzte».

«Haien ofentsibari antolatuz eta borroka sindikala eginez erantzungo diogu, auzoko inor etxerik gabe bera ez dadin, inork bere auzotik alde egin behar ez dezan»

AITZIBER PASCUAL MANZANAS ETA ALEX DIEZ MARIAZurbaranbarri auzoko eragileetako ordezkariak

Eragileen ordezkariek argi utzi dutenez, etxebizitzak negozio izaten jarraitzen duen bitartean etxegabetze gehiago izango dira auzoan. Are: «Etxebizitza merkantzia bat den bitartean, inoiz ez da eskubide bat izango». Espekulatzaileei herritarren bizitzekin jolasteko bidea erraztea leporatu diete erakundeei, eta eraso horietan herritarrak alternatibarik gabe uztea.

«Ofentsiba» hori ikusita, «antolatuz eta borroka sindikala eginez» erantzungo dute: «Auzoko inor etxerik gabe gera ez dadin, inork bere auzorik alde egin behar ez dezan». Argi dute herri antolakuntzaren eta borrokaren bitartez posible dela garaipena. Horiek horrela, herri mobilizazioetan parte hartzera dei egin diete herritarrei, baita «erasoei aurre egitera eta etxegabetze bakoitza barrikada bihurtzera ere».

7.000 milioi euro

Caixabanken egoitzaren aurrean egin dute gaurko agerraldia. «Gure arerioaren aurpegia ez da berria», adierazi dute, eta zehaztu Caixabankek «7.000 milioi euro baino gehiagoko kapitala» duela. Are gehiago, «5.785 milioi euroko irabazi garbiak» lortu zituen iaz. Euren diru sarreren iturri nagusia «etxebizitzaren negozioa» dela ohartarazi dute.

Pascualek eta Diezek salatu dute ez dela lehen aldia Caixabankek familia bat etxegabetzen duela. Etxebizitza «nahi bezala» erabiltzea egotzi diote, «ogi apurrak eskainiz eta oinarrizko eskubideak ukatuz, errentagarria iruditzen ez zaienean».

Bestalde, AZETek sare sozialen bidez jakinarazi du atzo hamahiru pertsona etxegabetu zituztela Abandon, «tartean bi adin txikiko eta haurdun dagoen emakume bat». Sindikatuak salatu du herritarrak iruzur baten biktima izan direla, eta ez dutela etxegabetzearen berri izan, atzo goizean poliziak etxean agertu arte. «Instituzioetatik ez dute inolako alternatibarik jaso, ume txikiak dituen bikoteak salbu. Familia horri egun gutxi batzuetarako hostala eskaini diete», azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.