Adingabeei egindako sexu abusuak ikertzeko Bilboko Elizbarrutiak sortutako ikerketa batzordeak hamalau apaiz identifikatu ditu. Horixe jakinarazi du gaur Joseba Segura Bilboko gotzainak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Adingabeak Babesteko eta Sexu Abusuak Prebenitzeko Batzordea sortu zuen Bilboko Elizbarrutiak 2019an, eta batzorde hori ari da salaketak ikertzen.
Segura ziur agertu da «kasu gehiago» egongo direla, baina horietako batzuk ez direla sekula ezagutuko, besteak beste biktimek ez dutelako hitz egin nahi. Nolanahi ere, biktimei hitza ematearen alde agertu da, bai eta haien lekukotzei sinesgarritasuna ematearen alde ere. «Biktimei aukera eman behar zaie euren istorioa kontatzeko; ez da euren egia zalantzan jarri behar, eta lekukotza emateko ausardia aitortu behar zaie», adierazi du.
Bestalde, Leioako Gaztelueta eskolan (Bizkaia) irakasle batek umetan abusuak egin zizkion gaztearen kasuaz ere aritu da Segura. Jose Maria Martinez Sanz ikastetxeko irakasleari bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten ikasle ohi bati sexu abusu jarraituak egiteagatik; hala ere, Bizkaiko Auzitegiak erabaki zuen ez zuela espetxera sartu behar. Ebazpenaren ostean, biktimaren aitak ikastetxeari eskatu zion sexu abusuak izan zirela aitortzeko eta barkamena eskatzeko, baina ez zen halakorik gertatu. Segurak esan du bere esku egon izan balitz berak beste gutun bat idatziko zuela, eta irakasleak gertatutakoa aitor zezan saiatuko zela. Horrez gain, sinesgarritasun osoa eman dio sexu abusuak salatu zituen ikasleari.