Bilboko Aste Nagusia

Bilboko Aste Nagusia «gazi-gozoa» izan dela adierazi dute Bilboko Konpartsek

Jai «arrakastatsuak» izan direla nabarmendu dute zenbait eragilek; hori bai, izandako sexu erasoak eta kaleko saltzaileen kontrako polizia jazarpena salatu dituzte.

Marijaia erre zuten, atzo gauean, Aste Nagusiaren amaiera gisa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Marijaia erre zuten, atzo gauean, Aste Nagusiaren amaiera gisa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
nerea intxausti
2024ko abuztuaren 26a
16:00
Entzun

Bilboko Aste Nagusiaren biharamunean balorazioa egin dute Bilboko Konpartsek, Bilboko EH Bilduk eta udalak. Konpartsek aitortu dute Aste Nagusi «gazi-gozoa» izan dela. «Gaziak» izan dira, haien esanetan, eraso sexistengatik, kaleko saltzaileen aurkako polizia jazarpenagatik, hainbat konpartsatako txosnek jasan dituzten zentsura saiakerengatik eta udalak jarritako traba tekniko batzuengatik. «Gozoak», aldiz, parte hartzeari eta ekintzen aniztasunari dagokienez; lehiaketa gastronomikoen arrakasta nabarmendu dute.

Konpartsek Udaltzaingoaren «jarrera oldarkorra» salatu nahi izan dute, «bereziki kaleko saltzaileekin izan dutena, aste osoan». Atzokoa nabarmendu dute: kaleko saltzaile baten «atxiloketa bortitza», ondorengo «indar erakustaldia», eta «ehunka» poliziak kaleko saltzaileei zein haien alde agertutako herritarrei borra kolpeak eman eta mehatxuak egin izana. EH Bilduk ere uste du poliziak «neurriz kanpo» jardun duela kaleko saltzaileen kontra, eta, egoerari irtenbide bat emateko, alkatearekin bilera bat egitea eskatu dute, Maria del Rio bozeramaileak gaur azaldu duenez.

Eraso sexistak egon izana ere deitoratu dute konpartsek: «Ezein eraso ez da onartua izango, eta, aurten bezala, etorkizunean ere, behar den guztietan salatuko dugu: errespetuz egoten ez dakiena ez dadila etor!». Bederatzi egunetan, orotara, hamalau gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistarekin lotutako delituak egotzita; horietatik bost larunbat gauean atxilotu zituzten. Konpartsek erasoen aurkako protokoloa abiarazi dute bitan, eta elkarretaratzea egin zuten ostiralean, azken egunetako indarkeria matxista kasuak salatzeko. Bilboko EH Bilduk goraipatu egin du Bilboko Konpartsek eraso matxisten kontra izandako jarrera, eta «eredugarria» izan dela esan dute, erasoak berehala kudeatu dituztelako eta elkarretaratzeetara deitu dutelako. 

Era berean, konpartsakideek aitortu dute kezkatuta daudela Bizkaiko Ogasun Departamentuak ezarriko dien Ticket Bai sistemagatik. Adierazi dute jai herrikoien «defentsa sutsua» egiten dutela, eta haienak ez direla negozioak. 

Aipamen berezia egin diete Nagore Ugarte txupinerari eta Itziar Ituño pregoilariari. «Bihotzez» eskertu dute izan duten jarrera: «Partaidetzaren eredu eta ahizpatasunaren ikur bihurtu dira». Bilbotarrak ere eskertu dituzte, haiei esker ateratzen baita jaien astea aurrera. 

Aldarrikapenerako jaiak

Aste Nagusiaren arrakasta goraipatu dute Maria del Rio EH Bilduko udal bozeramaileak eta Garazi Perea EH Bilduko zinegotziak, gaur goizean egindako balorazio prentsaurrekoan. Erantsi dute Bilboko Konpartsen eta bilbotarren lanari eta ahaleginari esker ateratzen direla jaiak aurrera. 

Laudatu dute Aste Nagusia Bilboko herri mugimenduen aldarrikapenen eta borroken isla dela: «Pentsiodunen Mugimenduak, Mugimendu Feministak eta Sarek antolatutako mobilizazioak, besteak beste, herritarren babes zabala izan dute, eta Palestinarekiko elkartasuna ere oso presente izan dugu jaietan», adierazi du Pereak. 

Zezenketak jaien programaren parte izan diren arren, Pereak ohartarazi du argi geratu dela bilbotarrek ez dutela zezenketarik nahi: «Nabarmena izan da Vista Alegren izandako publiko eskasa». Uste dute beharrezkoa dela plaza publiko horri bestelako erabilera bat ematea. 

Jaiak, datuetan

Udalaren kalkuluen arabera, 1,6 milioi pertsonak baino gehiagok hartu dute parte udalak antolatutako jardueretan. Su artifizialek erakarri dute jende gehien: gauero, batez beste, 110.000 pertsona baino gehiago bildu dira. Pregoiaren irakurketan eta txupinazoa botatzeko orduan ere 50.000 pertsona inguru bildu ziren Arriaga antzokiaren parean. Txikiguneak, kontzertuek eta kalean egin diren antzerkiek ere izan dute arrakasta. 

Juan Mari Aburto alkatearen arabera, «arrakastatsuak» eta «apartekoak» izan dira jaiak, ez soilik bilbotarrentzat, baita bisitarientzako ere: «Parte hartzea pixka bat murriztu da [iazkoarekin alderatuta], baina aparteko kopuruak ditugu hala ere. Programatutako jarduera guztiak arrakastatsuak izan dira». 

Segurtasun publikoaren arloan, balantzea ona izan dela esan dute: «Aste Nagusia lasaitasunez igaro da, eta ia delitu larririk gabe». Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lana batuta, iaz baino %14,5 salaketa gutxiago jaso dituzte. Udalaren arabera, «bizikidetza protagonista izan da» jaietan, eta uste du herritarrek erantzun diotela erasoak salatzeko eta horien aurka egiteko erantzukizunari.

Udalak bere gaitzespena azaldu du egun hauetan hirian izandako «gertakariak, genero indarkeriako kasuak eta eraso matxista eta homofoboak direla eta». Adierazi dute eraso matxisten, jarrera arrazisten eta LGBIQfoboen kontrako udal estrategiak «oso ondo» funtzionatu duela. 

600 langile baino gehiago aritu dira garbiketa lanetan, eta 544 hondakin tona inguru jaso dituzte jai eremutik, iaz baino %7,63 gutxiago. Gaineratu dute «nabarmen» hobetu dela gaikako bilketaren kopurua.

Bilboko Metroak inoizko daturik onenak bildu ditu Aste Nagusia bitartean: 2,4 milioi bidaia egin dira, iaz baino %5,5 gehiago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.