Bilbobusik gabe, Bilbo urrunago dago auzoentzat

Bi hilabete baino gehiago daramatzate Bilbobuseko langileek greba mugagabean. Agerikoa da eragina, bereziki erdigunetik urrunen dauden auzoetan. Auzokideek nabarmendu dute udalaren ardura dela arazoa konpontzea.

Bilbobusen gutxieneko zerbitzuak, Areatzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilbobusen gutxieneko zerbitzuak, Areatzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko ekainaren 22a
05:00
Entzun

Betolatza auzoko autobus geltokian markesina bat jartzeko eskatu diote auzokideek Bilboko Udalari, baina ez omen dago leku nahikorik espaloian. Hortaz, auzokide batek konponbidea jarri du: bankuaren ondoan itzalkin bat lotu du barandara, eta horrela sortu du markesina bat. Auzokideek euritik zein eguzkitik babestuta itxaron dezakete orain autobusa iritsi arte. Agian, baina, autobusa ez da helduko, edo ohi baino gehiago itxaron beharko dute. Bilbobuseko langileek bi hilabete baino gehiago daramatzate greba mugagabean, eta eragin nabarmena du horrek, batez ere Bilboko goiko auzoetan. Nabariak dira haserrea eta nekea auzokideengan, eta konponbidea exijitu diote udalari. Izan ere, zerbitzu publiko bat izanik, salatu dute udalak ezin dituela «eskuak garbitu, egin duen moduan».

Bilbobuseko langileek bi urte baino gehiago daramatzate lan hitzarmenik gabe eta haien soldatak izoztuta. Egoera horren ondorioz, langileak iazko urriaren 23tik ari dira lanuzteak egiten, eta apirilaren hasieran erabaki zuten 24 orduko grebak egiten hastea. Biobide enpresak kudeatzen du zerbitzua, eta, gaur-gaurkoz, langileek ez dute harekin akordiorik aurreikusi. Hortaz, Bilboko paisaia diferente dago azkenaldian: ohi baino autobus gorri gutxiago dago errepideetan. Grebak agerian utzi du garraio publikoaren beharra. Bereziki erdigunetik urrunen dauden auzoetan ari dira ondorioak pairatzen. 

Errekalde eta Basurtuko barrutietan daude Bilboko goiko auzoak, mendi magalean. Aldapaz eta eskaileraz betetako auzoak izateaz gain, ez dute Bilbobusez bestelako garraio publikorik. Errekalde auzotik Uretamendira igotzeko, posible da igogailua hartzea. Gorago joateko, hala nola Betolatzara, baina, eskailera ugari igo behar dira. «11:00 inguru arte ez dira gutxieneko zerbitzuak ailegatzen», azaldu dute Uretamendiko auzo elkarteko Maria Begoña Garcia Maestrek eta Francisca Redondo Botasek. Ordu horretatik aurrera, ordu erdiro igarotzen da autobusa bertatik, baina badago beste arazo bat: «Autobus gutxi daudenez, ilara luzeak egiten dira, eta askotan jendea kanpoan geratzen da». Konponbidea nahi dute. «Hiriak garraioa behar du».

«Zerbitzuaren pribatizazioak ez dakar inolako onurarik; zerbitzu publikoak publikoki kudeatu behar dira».

FER ATXA RICABilbo Auzo Elkarteen Federazioko Mugikortasun arduraduna

Grebak arazoa agerian utzi duen arren, auzia aurretik dator. Maiatzaren amaieran Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak manifestaziora deitu zuen. «Alde batetik, langileen egoera hobetzeko eta haien eskaerei erantzuna emateko exijitu genuen», azaldu du Fer Atxa Ricak, Mugikortasun arduradunak. Haren ustez, udalaren ardura da enpresaren eta langileen arteko «bitartekaritza» egitea. Bestetik, lineak «berregituratzeko» eskatu zuten. «Bilboko autobusen mugikortasun eredua erradiala da: auzoetatik erdigunera, eta erdigunetik auzoetara», azaldu du Atxak. Eta erantsi du: «Auzo batzuetatik beste batzuetara heltzeko beste eredu batzuk bilatu beharko genituzke». Berregituraketa hori erabiltzaileekin eta langileekin batera egin beharko litzateke, «haiek ezagutzen dutelako zerbitzua».

Jennifer Fernandez Vazquezek ere, San Gabriel auzo elkarteko presidenteak, berregituraketaren alde egin du. Elkarteak Masustegi, Karamelo Mendia eta Kobeta auzoak hartzen ditu. Hara ailegatzeko, linea bakarra dute auzokideek. «Berez, uste dugu hori ez dela nahikoa», kritikatu du. Grebak, gainera, arazoa larriagotu du, autobusak orduero igarotzen baitira, jendez gainezka. «Osasun etxera oinez edo autobusez joan gaitezke; oinez, gazte batek 40 minutu inguru behar ditu», azaldu du. Eta erantsi du ez dutela inolako elementu mekanikorik %15eko malda duen aldapa igotzeko eta jaisteko. «Igogailu bat egiten ari dira, baina oraindik ez dute amaitu». 

Manifestazioan, hirugarren eskaera bat egin zuten: zerbitzua publikoa izan dadila. «Zerbitzuaren pribatizazioak ez dakar inolako onurarik; zerbitzu publikoak publikoki kudeatu behar dira. Etorkizun batean kezkarik balego, errazagoa litzateke udalarekin zuzenean kudeatzea, enpresa bat erdian sartuta egon gabe», zehaztu du. 

Etxetik atera ezinik

Auzokide guztiei eragiten dien arren, auzo elkarte guztiak bat datoz: «Batez ere adinekoek dute arazoa, baita mugikortasun arazoak dituztenek ere». Pertsona zahar batzuek medikura joateko hitzorduak bertan behera utzi behar izan dituzte, osasun etxera iristeko modurik ez dutelako, Atxak azaldu duenez. «Bizilagun batek esan dit jada ez dela etxetik ateratzen; lehen plazara jaisten zen paseoan, baina orain ez daki noiz agertuko den autobusa, ezta hartu ahal izango duen ere; beraz, etxean geratzen da», azaldu du Belen Gonzalez Altamirako auzo elkarteko kideak. 

«Osasun etxera oinez edo autobusez joan gaitezke; oinez, pertsona gazte batek 40 minutu inguru behar ditu».

JENNIFER FERNANDEZ VAZQUEZSan Gabriel auzo elkarteko presidentea

Kritiko agertu da Gonzalez: «Egoera hau onartezina da; herritarrak abandonatuta sentitzen gara». Esan du arazoa denboran asko luzatzen ari dela, eta «sektore indartsua» dela hain «abandonatuta» izateko. «Zein da konponbidea? Taxi bat ordaintzea egunero?», bota du galdera. 

Umeak eramateko aulkiak dituzten gurasoek ere arazoak dituzte euren etxeetatik mugitzeko; hala ikusi du Artazugoikoan Arantza Rodriguez auzo elkarteko kideak. Orain arte, ordu eta 40 minututik behin igarotzen zen auzotik autobusa. Aste honetan iragarri dute gutxieneko zerbitzuak areagotuko dituztela, batez ere goiko auzoetan. Horrek pixka bat arindu du egoera Artazugoikoan. Halere, elkarte gehienetako ordezkarien esanetan, horrek ez du arazoa konpondu. «Kezkak berdinak dira», adierazi du federazioko kideak. «Guri ez digute ezer aldatu», gehitu du Masustegi, Karamelo Mendia eta Kobeta auzoetako ordezkariak. 

Bilbobus
Langileek pegatinaz bete dituzte Bilboko markesinak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gonzalezen iritziz, lotura egon daiteke gutxieneko zerbitzuak areagotzearen eta BBK Live laster ospatzearen artean –uztailaren 11tik 13ra izango da, Kobetamendin–: «Nahiko dute autobusak pixkanaka-pixkanaka jarri; ez denak batera, hori asko igarriko litzatekeelako. Beraz, ni, herritar gisa, kontuan hartzen nau udalak? Ni baino gehiago balio al du BBK Livera doanak?»

«Ezta bizikletarik ere»

Peñaskalgo auzo elkartearen parte da Pedro Castañares. Goiko gainerako auzoetako arazo bera dute bertan: linearen amaieran daudenez, jende asko geratzen da tokirik gabe. Are, ez dute beste garraio publikorik: «Ez dugu tranbiarik, metrorik, ezta bizikletarik ere». Izan ere, goiko auzoetan ez dago bizikletarik, eta Errekaldera jo behar dute horien bila. «Oinez, 25 minutu behar ditugu Indautxura ailegatzeko; bizikletaz hamar minutu beharko genituzke». 

Metroaren aldeko aldarria ere aspaldikoa da Bilboko Hegoaldean. Hain zuzen, 4. linearen aldeko plataformak exijitu izan du metroa auzo horietara eramateko linea sortzea. «Ez dugu autobus zerbitzu duinik, ezta metrorik ere», azaldu du Atxak. Horrek eragina du auzo horien «egoera sozialean eta ekonomikoan», beste auzoetako herritarrak ez direlako «ezertara» hegoaldera hurbiltzen. Are, Bilboko Udalak ez du azpiegitura publikorik bertan. 

«Ni, herritar gisa, kontuan hartzen nau udalak? Ni baino gehiago balio al du BBK Livera doanak?».

BELEN GONZALEZAltamirako auzo elkarteko kidea

Badira beste auzo batzuk, goiko auzoen parte izan ez arren, beste garraio publikorik ez dutenak. Bertan ere kezkatuta eta haserre daude, Luis Muñoz Zorrotzako auzo elkarteko kideak esan duenez. «Gutxieneko zerbitzuak handitzeak ez du sakoneko arazoa konpontzen. Argi dago zuzenean kaltetutako herritarrak lasaitzeko izan daitekeela, baina kontuan izan behar da langileen aldarrikapenei erantzun egin behar zaiela», azaldu du. 

Zorrotzako beheko aldeak beste garraio batzuk ditu; goikoak, berriz, ez. «Bertan bizi dira adineko pertsona asko, eta beheko aldera jaitsi behar dira erosketak egitera, osasun etxera zein beste zerbitzu eta jardueretara», azaldu du Muñozek. Hori dela eta, jendea gero eta haserreago dago: «Noski, ez daude haserre langileekin, udalarekin bizik». Argitu duenez, erantzukizuna udalarena da, Bilbobus Bilboko garraio publikoa baita. Are, leporatu die saiatzen ari direla «herritarren eta langileen artean liskar bat» egon dadin. «Beti gauza bera gertatzen da: erakunde batek zerbitzua pribatizatzen du, eta gero ez du arazoen gaineko ardura hartzen. Bilboko garraio publikoa den bitartean, udalaren ardura izango da arazoa konpontzea».

Igogailu eske

Grebak, beraz, agerian utzi du hiriaren irisgarritasun falta. Itsasadarraren beste aldean dago Arangoiti, hau da, hiriaren eskuinaldean. Han ere ez dira eroso bizi gaur egun. Greba baino lehen, bi linea heltzen ziren auzora. «Bat Deustutik zetorren, eta bestea Plaza Biribiletik», azaldu du Angel Prieto auzo elkarteko presidenteak. Orain, baina, Plaza Biribileko linea besterik ez da heltzen. «Beste lineak auzoko goiko eta beheko aldea konektatzen ditu; esate baterako, goiko aldean dago osasun etxea». Adinekoek arazoak dituzte hara ailegatzeko, bereziki makuluak edo taka-takak behar dituztenek.

Deustutik Arangoitira igotzeko, badago igogailu bat, baina, Prietoren iritziz, ez ditu herritarren beharrak asetzen. «Askotan matxuratuta egoten da; beraz, zaila da Arangoitira igotzea». Egun horietan, jendeak taxia erabiltzen du ibilbide oso laburra egiteko. Beraz, bost euro ordaintzen dituzte, autobusean euro bat baino gutxiago ordaindu beharrean.

«Gutxieneko zerbitzuak handitzeak ez du arazoa konpontzen; langileen aldarrikapenei erantzun behar zaie».

LUIS MUÑOZZorrotzako auzo elkarteko kidea

Ez hori bakarrik: igogailuko bidaiak bost minutu irauten du. Greba egunetan ilara luzeak egiten direnez, auzokideek txanda ugari itxaron behar dituzte. «Ordu erdi ere egon daitezke zain». Gainera, auzokideak bizi diren tokitik «urrun» uzten ditu igogailuak. Eguzki pixka bat dagoenean, are okerragoa da egoera. «Bero egiten duenean, hori infernua da; udalari esan izan diogu, baina erantzun digu baduela aireztapena jada», kritikatu du Prietok. 

Egoera ikusita, auzo elkarteak beste igogailu bat eskatu dio udalari. Duela bi urte, udalaren bilkura batean hartu zuten parte, eta igogailu berri bat sortzeko «aldarrikapen historikoa» mahai gainean jarri zuten. Udalak konpromisoa hartu zuen hurrengo urtean proiektu bat egiteko, eta aurten martxan jartzeko. Gaur-gaurkoz ez dago igogailurik. Auzo elkarteak argi utzi du lanean jarraituko duela 2025ean egin dezaten. Sinadura bilketa bat ere jarri dute martxan. «Datorren urtean ez badute igogailurik jartzen, mobilizazioetara deituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.