Bilbobuseko langileek greba mugagabean jarraituko dute, «akordioa lortu arte»

Bozketa egin dute beharginek: 266k esan dute greba mugagabean jarraitu nahi dutela; 194k, berriz, adierazi dute nahiago dutela astean egun bakarreko lanuzteak egin.

 Bilbobuseko langileen protesta, greba mugagabearen lehenengo egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bilbobuseko langileen protesta, greba mugagabearen lehenengo egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko maiatzaren 30a
18:45
Entzun

Apirilaren 9an hasitako greba mugagabea bere horretan mantentzea erabaki dute gaur Bilbobuseko langileek. Bozketa egin dute, eta 266 beharginek aukera horren alde egin dute. Beste 194k, berriz, adierazi dute nahiago dutela astean egun bakarreko lanuzteak egin. «Berdin jarraituko dugu, beraz, akordioa lortu arte», nabarmendu du Maria Isabel Picado ELAko kide eta enpresa batzordeko idazkariak.

Biobide enpresa kudeatzaileak eta langileek bilera izan zuten herenegun. Bertan, duela aste batzuk egindako proposamen bera jarri zuten sindikatuek mahai gainean. Soldatak KPIaren arabera igotzeko exijitu zuten, eta «kontratu prekarioak» amaitzeko neurriak hartzeko. «Momentu hartan, gutxiengoa ginenez, ez zuten ezta begiratu ere egin», gogoratu du Picadok. Oraingoan aztertuko duela esan du enpresak.

Hain justu, enpresa batzordeko presidenteak eta idazkariak (UGT) dimisioa eman zuten maiatzaren erdialdean. UGT, CCOO eta USO sindikatuek deklarazio asmo bat adostu zuten Biobide enpresarekin, negoziazio mahaian. Hori onartu ala ez bitartean, greba mugagabea bertan behera utzi zuten langileek bi egunez. Gehienek, baina, deklarazio horren aurka bozkatu zuten, eta greban jarraitzea erabaki zuten.

ELA sindikatua deklarazioaren kontra agertu zen. «Gaitzetsi» egin zuen sindikatuek eta patronalak adostutako eduki ekonomikoa, langileek ez baitzuten erosahalmena bermatua izango. Are, soldata igoerak «Madrilgo legeek ezartzen duten funtzio publikoko soldata igoeraren araberakoak» izango ziren. LAB sindikatuak zera adierazi zuen X sare sozialean: «Batzarrak hitz egin du, eta Bilbobuseko langileak nagusitu dira batzordearen gehiengoaren iruzurraren aurrean. 287 botorekin, batzarrak bertan behera utzi du hurrengo sei urteetarako kondenatzen zituen aurreakordioa». 143 langilek bozkatu zuten baietz. Emaitza horren ostean eman zuten dimisioa enpresa batzordeko kargudunek, eta ELAk hartu zuen gidaritza. 

Jarrera «aktiboa»

Lan gatazka luzea du Bilbobusek; langileek bi urte baino gehiago daramatzate lan hitzarmenik gabe. Haien soldatek ere bi urte daramatzate izoztuta. «Enpresak alde bakarrez kendu die aparteko ordainsaria bajan egon diren langileei», gogoratu du ELAk. Egoera horren ondorioz, langileak iazko urriaren 23tik ari dira lanuzteak egiten, eta duela ia bi hilabete erabaki zuten 24 orduko grebekin hastea. 

Sindikatuaren arabera, Bilboko Udalak badu aukera «konponbide gatazkari» amaiera emateko, gatazka horren «erantzule» baita. «Kezkagarria da Bilboko Udalak enpresa honi aukera ematea egunero milaka herritarri zerbitzua ematen dien zerbitzu publiko batekin espekulatzeko». Izan ere, Udalak Biobide enpresari eman zion Bilbobus zerbitzua eskaintzeko kontratua duela bost urte. 500 milioi euroko kontratua adostu zuten hamar urterako, 2019tik 2029ra. 2021. urtearen amaieran amaitu zen lan hitzarmenaren epealdia. Hori dela eta, sindikatuak udalari eskatu dio modu «aktiboan» parte har dezala. 

Maiatzaren erdialdean jakinarazi zutenez, Bilboko Udala hasia da Biobiderekin duen kontratua deuseztatzeko urratsak egiten. Hiru hilabeteko epea ezarri dute horretarako. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak apirilaren amaieran esan zuenez, «errurik gabe kontratua ez betetzeagatik» etengo dute hitzarmena, eta, hartara, udalak ez dio hogei milioi euroko kalte ordaina eman beharko Biobideri. Behin kontratua amaituta, lizitazio berria ateratzeko lanean hasiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.