Bilbobuseko langileak grebara itzuli dira gaur

UGT, CCOO eta USO sindikatuek Biobide enpresarekin adostutako asmo deklarazioaren aurka bozkatu dute Bilbobuseko langile gehienek.

Bilbobuseko langileak, gaur, asmo deklarazioaren bozketan. LAB SINDIKATUA
Bilbobuseko langileak, gaur, asmo deklarazioaren bozketan. LAB SINDIKATUA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko maiatzaren 17a
12:00
Entzun

Apirilaren 9an hasitako greba mugagabea etenda eduki zuten Bilbobuseko langileek herenegun eta atzo, baina gaur berriro ekingo diete lanuzteei. Izan ere, UGT, CCOO eta USO sindikatuek Biobide enpresarekin —Bilbobusen enpresa kudeatzailearekin— adostutako asmo deklarazioaren aurka bozkatu zuten langile gehienek. Sindikatuen eta Biobideren arteko negoziazioen fruitua izan zen asmo deklarazioa, baina ez zen aurreakordio bat. «Aurreakordio bat adostu dezakeen negoziazio mahai bat dugu, baina oraindik ez dugu lortu; asko falta da horretarako», esan zuen Jose Fernandez enpresa batzordeko presidenteak (UGT) herenegun.

Bilbobuseko langileak lanean aritu ziren herenegun eta atzo, eta, horrez gain, asmo deklarazioaren alde edo kontra dauden adierazi behar izan zuten boto bidez. Zera adierazi zuen LAB sindikatuak atzo X sare sozialean: «Batzarrak hitz egin du, eta Bilbobuseko langileak nagusitu dira batzordearen gehiengoaren iruzurraren aurrean. 287 botorekin, batzarrak bertan behera utzi du hurrengo sei urteetarako kondenatzen zituen aurreakordioa». 143 langilek bozkatu zuten baietz.

Sindikatu guztiek ez zuten egin deklarazioaren alde. ELA sindikatuak, adibidez, «gaitzetsi» egin zuen sindikatuek eta patronalak adostutako eduki ekonomikoa. Haren ustez, «aurreakordiora eramateko prest dauden edukietan», langileek ez zuten erosahalmena bermatuta izango. Are, soldata igoerak «Madrilgo legeek ezartzen duten funtzio publikoko soldata igoeraren araberakoak» izango ziren.

Bilboko Udala hasia da Biobiderekin duen kontratua deuseztatzeko urratsak egiten. Duela bost urte sinatu zuten bi aldeek Bilbobus zerbitzua eskaintzeko kontratua. 500 milioi euroko kontratua adostu zuten hamar urterako, 2019tik 2029rako. 2021. urtearen amaieran lan hitzarmenaren epealdia amaitu zen, eta, ordutik, langileak hitzarmenik gabe daude. Besteak beste, langileek bi urte daramatzate soldatak izoztuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.