Bilboko Udalak hiri osoa tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera formala aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari. Etxebizitzaren kostuak bilbotarren errentaren gainean duen eraginari buruz egindako diagnostikoak agerian utzi duenez, hiri osoan daude etxebizitza eskuratzeko arazo larriak. Izan ere, biztanleek errentaren %30 baino gehiago erabili behar izaten dute etxebizitzaren hipoteka edo alokairua ordaintzeko. Udalaren esanetan, horri, gainera, «oinarrizko gastu eta hornikuntzak gehitu behar zaizkie».
Udal batek, tentsio handiko eremu izendatzea eskatzeko, Espainiako 12/2023 Legeak ezartzen dituen bi irizpideetako bat gutxienez bete behar du. Lehenik eta behin, etxebizitzaren hipotekaren edo alokairuaren kostuaren batez besteko kargak, gehi oinarrizko gastuek eta hornidurek, familien batez besteko diru sarreren edo errentaren %30 gainditu behar dute. Bigarren irizpidea da eremu horretako etxebizitzaren prezioek erreferentziako autonomia erkidegoan erregistratutako KPIa baino %3 gehiago egin izana gora azken bost urteetan. Bilbon lehen irizpidea betetzen da, udalerri osoan, auzo guztietan.
Halaber, legeak ezartzen du tentsio handiko eremuaren eskaerak bi agiri izan behar dituela: diagnostikoa, eta egoera hobetzeko ekintza plana. Bilboko Udalak, egindako diagnostikoan, ondorioztatu du udalerriko gaur egungo merkatuaren baldintzek zailtasunak sortzen dizkietela norbanakoei eta familiei etxebizitza bat lortzeko.
Diagnostikoarekin batera, agerian geratu den arazoari aurre egin nahian, ekintza plana ere osatu du udalak. 2025-2028ko hirurtekorako ekintzak jasotzen ditu, guztiak hiru helbururen inguruan: alokairu eskuragarria sustatzea, etxebizitza hutsak merkaturatzea eta bizitegi parkea zaharberritzea. Tentsio handiko eremua izendatzeak udalari aukera ematen dio alokairuen prezioak kontrolatzeko. Era berean, etxebizitza hutsak merkaturatzeko xedez, horiek zaharberritzeko pizgarriak eskaintzeko aukera ere aurreikusten du izendapen horrek. Horrekin batera, jarduera turistikoak ere muga ditzake udalak.
Behin eskaera Eusko Jaurlaritzari helarazita, Etxebizitza Sailak eskabidea eta ekintza plana onartu eta prozedura hasteko agindua eman beharko du. Orduan, hogei eguneko epea zabalduko da alegazioak aurkezteko. Horiek baloratu, espedientean sartu ala ez erabaki, eta ebazpena emango du Jaurlaritzak. Udalaren eskaera onartuz gero, erabaki hori Espainiako Etxebizitza Ministerioari helaraziko dio, aldizkari ofizialean argitara dezan. Orduan izango du Bilbok behin betiko izendapena.
Donostiaren ostean, bigarrena
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak iazko otsailean plazaratutako txostenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hemeretzi udalerrik betetzen zituzten tentsio handiko eremu izateko baldintzak. Nafarroan, ostera, 21 udalerri daude eskatzeko moduan. Hego Euskal Herriko hiriburu guztiak daude zerrenda horietan, eta, Bilborekin batera, Donostiak soilik abiatu du prozedura; iazko azaroan egin baitzuen eskaera. Gasteizko alkate Maider Etxebarriak duela bi hilabete adierazi zuen diagnostikoa egiten ari zirela eta laster espero zutela emaitza. Iruñeari dagokionez, Nafarroako Gobernua ari da eskaera horiek kudeatzen, eta, azaroan iragarri zuenez, irizpideak betetzen dituen udalerri guztietan egiteko asmoa dute. Errenteriak, Zumaiak, Lasarte-Oriak eta Barakaldok jadanik lortu dute izendapena.