Bilbo: metroa ilunpetan, kortesia errepideetan, eta jendea igogailuetan

Itzalaldiak eragina izan du hirietan; besteak beste, Bilbon.

Bilboko kaleetan semaforoak itzalita, gaur goizean. BERRIA
Bilboko kaleetan semaforoak itzalita, gaur goizean. BERRIA
Iñigo Astiz-Imanol Magro
2025eko apirilaren 28a
14:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Argindar falta sumatu da kalean. «Hau erabateko kaosa izango da». Argindarra joan eta gutxira, Errekalde kaleko atarian ezker-eskuin aritu da atezaina telefonoan. Bizilagun batek ere eman dio abisua. «Entzun duzu bizilagun bat oihuka ari dela igogailuan?». Entzun du, eta alboko eraikinetan ere jendea igogailuan harrapatuta geratu dela esan du. Jaso berri du abisu hori ere.

Metroko bagoiek ere izan dituzte gorabeherak. Zenbait bidaiari trenbidean aurrera eginez heldu dira geltokietaraino, baina hustu egin dituzte minutu gutxian. Jendea harrapatuta geratu da igogailuetan, halere. Moyua plazako geltokian, esaterako, metro langile izandako gizon batek hartu ditu jendeari metroa itxita dagoela esateko lanak. «Igogailuan daudenei galdetu diet ea larritasunen bat zuten, eta ezetz esan didate; lasai zitezen saiatu naiz».

Errepidean, hiri barruan, polizia gutxi batzuk bakarrik iritsi dira trafikoa antolatzen laguntzera. Semafororik gabe, nagusiki gidarien artean antolatu dute ibilgailuen joan-etorria. Guggenheim museoaren ondoko zubia da hirirako sarbide nagusietako bat, adibidez, eta ia ordu bata jotzear zela heldu da lehen polizia autoa. Ilara luzeak eta trafiko motela egon dira San Mames inguruko errepideetan ere, eta bi polizia aritu dira hirirako beste sarbide nagusia kontrolatzen.

Iberdrola dorrea da hiriko beste ikur arkitektonikoetako bat, eta egunez ere ikusgarri egon ohi da haren puntako argia. Itzalita egon da, ordea, argindar etenak iraun artean. Kale Nagusi osoan egon da dena itzalita, baina biraka jarraitu dute orduan ere Hotel Gran Catalonia Gran Via hoteleko sarrerako ateek. Harrerako pantailetan, itzalaldi betean, pantailak ere piztuta, Guggenheim museoaren eta Bizkaiko beste gune turistiko batzuen irudiekin. «Elektrizitate sorgailu propio bat daukagu», azaldu du harrerako langileak.

Argindar itzalaldiak etenak eragin ditu Bilboko Metroan. IÑIGO ASTIZ
Argindar itzalaldiak etenak eragin ditu Bilboko Metroan. IÑIGO ASTIZ

Kale Nagusiko igogailu konponketako enpresaren atarian mobilari begira egon da Anibal Sierra igogailu konpontzailea, argindarra berreskuratu berritan. Galtza bete lan izan dutela dio, baina «ahal bezala» erantzun dutela. «Bezeroek enpresara deituz gero, Madrilen hartzen dute dei hori, eta handik bideratzen dute hona, baina, telefonoa ere ez denez ondo ibili, hemen egon gara atean, eta jendea bertara etorri zaigu bere eraikinean norbait igogailuan harrapatuta geratu dela esatera. Eta gu bezala, berdin aritu dira beste lankideak ere: Eskuinaldean zegoena, bada, han, ahal zuena egiten, eta Ezkerraldean zegoena, berdin». Argindarra itzuli ostean ere igogailuetan arazoak egon daitezkeela esan du, litekeena delako itzalaldiaren ondorioz bat baino gehiago hondatu izana.

Argindarra itzuli ostean ere, metroak itxita jarraitu du, eta, ondorioz, argindarra etenda egon denean bezala, ohi baino jende gehiago bildu da autobus geltokietan, eta taxiek ere ohi baino lan gehiago izan dute. Eta hiriburuko erdialdera argindarra itzuli ostean ere arazoak izan dira hiriko auzo batzuetan. Uribarrin, esaterako, argindarrik gabe daude oraindik, eta baita Bizkaiko beste herri batzuetan ere. Larrabetzun ez dute argindarrik, eta Mungian joan-etorrian dabil.

Bulegariak, etxera

Itzalaldiak hankaz gora jarri du ordubetez Bilbo erdialdeko kaleetako ordena naturala. Bilboren bihotzean dago Moyua plaza, eta ehun metro eskaseko tartean dauden ia dozena bat semaforoak kolpetik itzali dira. Itzalaldia hasi eta berrogei minutura, oraindik ez zen poliziarik ageri; kaosa, baina, ez da agertu. Oinezkoen eta gidarien arteko bake akordio inprobisatu bat adostu da, eta pazientzia izan da nagusi zebra bideetan. Ez bozina soinurik ezta oihurik ere. Pazientzia, elkar ulertzea eta ezer larririk ez.

Bilboko trafikoaren korapilo nagusia da Moyua plaza, eta bulegoz jositako eraikinez inguratuta dago. Kaleak gorbata eta soineko dotorez jantzitako langilez bete dira. «Etxera joateko esan digu nagusiak, eta argindarra itzultzen bada agian etxetik egingo dugula lan», esan du Moyua plazako iturrian eserita zegoen gizon batek; eguzkia hartzen ari zen, beste gorbatadun batzuekin. Iturria bera itzalita zegoen: nonbait argindarra behar du lanerako.

Kale nagusian gora, Moyuatik Plaza Biribilerako tartean anabasa handiagoa zegoen. Metro gutxitan banku askoko —Kutxabank, La Caixa, BBVA...— egoitzak eta arropa denda handiak —El Corte Ingles, Zara...— daude pilatuta. Denak ilunpetan zeuden, eta langileak kalean. Segurtasun zaindariek ez diote inori sartzen utzi, eta espaloia txiki gelditu da. Zabalburu kale inguruan Bilboko udaltzainak zeuden, biribilguneko irteerak zaintzen.

Irudi deigarriena, dena den, Abando lorategien inguruko tabernetan zegoen. Itzalaldiak lanera atera dituen langileek bertan aurkitu baitute babesa. Terrazak bete egin dira, eta kanpoaldean makina bat jende dago, garagardo bat hartzen. «Apokalipsiak harrapatzen bagaitu, garagardo bat hartzen harrapa gaitzala», esan du Uribitarteko aldapen alboan zegoen langile batek. Alboko termometroak 27 gradu markatzen zituen, eta ez zen gutxiagorako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.