Bilbo, euskararen ordenantza baten eske

Bilbok du euskal hiztun gehien Euskal Herriko hiriburuen artean. Alta, Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko udalek ez bezala, Bilboko Udalak ez du oraino euskararen udal ordenantzarik egin, nahiz eta aldarrikapena aspaldikoa den.

Euskaldunon harrotze asteko ekintza, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Euskaldunon harrotze asteko ekintza, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Xalbat Alzugaray
Bilbo
2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

2021eko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Bilbon 103.631 euskal hiztun bizi dira, eta 66.172 euskaldun hartzaile. 2011n baino 24.904 euskaldun gehiago daude. Ezagutzan izan den emendatzea, aldiz, ez da nabari erabileran. Euskararen Erabileraren Kaleko Neurketaren arabera, euskararen erabilera %3,5ekoa da egun. %4,3koa izan zen 1991n. 2001ean %4,6ra igan ondotik, 2011n %3,2ra apaldu zen, eta, 0,3 puntu iganik, %3,5era heldu arte azken neurketan, 2021ean. Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko udalek ez bezala, Bilboko Udalak ez du oraino euskararen udal ordenantzarik egin. Nahiz eta aldarrikapena ez den gaurkoa, joan den otsailaren 29ko udal batzarrean euskararen udal ordenantza egiteko proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk.

EH Bilduk ez ezik, euskalgintzako eragileek ere «hainbat aldiz» ordenantza aldarrikatu dutela adierazi du Maria del Rio EH Bilduko zinegotziak. Ordenantzek udal ekintzak arautzen dituzte: euskararen barne erabilera, herritarren hizkuntza eskubideak eta euskara lan hizkuntza izatea bermatu behar dute. Bilboko Udalean euskararen aldeko plan bat dago indarrean gaur egun, baina ordenantza baino anitzez «malguagoa» dela azaldu du Del Riok, ez duela balio loteslerik, eta ez duela «betebeharrik» zehazten. Horrela, zinegotziaren ustez, «jauzi» bat eginen litzateke Bilboko euskaldunen hizkuntza eskubideen bermeetan ordenantza egitea onartuko balitz.

Udal gobernuaren «ausardia falta» deitoratu du Del Riok, ez baitu ulertzen ordenantzarik egin nahi ez izatea: «Haien argudioa da badagoela jadanik euskararen aldeko plan bat, baina ez dut ulertzen zergatik plan hori ezin daitekeen batu ordenantza batekin». Haren ustez, ordenantzaren gaia mahai gainera ez ekartzea eta euskalgintzako eragileekin harremanik ez eraikitzea «larria» da. Euskararen erabilera erraztuko lukeen «benetako» zeharkako helburua izatea nahi luke, ordenantzaren gaia plazara ateratzeko «behar handia» ikusten baitu.

«Haien argudioa da badagoela jadanik euskararen aldeko plan bat, baina ez dut ulertzen zergatik plan hori ezin daitekeen batu ordenantza batekin».

MARIA DEL RIO EH BILDUko zinegotzia

Alta, Eider Inunziagak, Euskarako, Herritarren Arretako, Partaidetzako, 2030erako Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak, ez du ordenantzaren beharrik ikusten Bilbon hizkuntza eskubideen bermea lortzeko. Haren ustez, «arazoa ez da juridikoa, soziala baizik». Zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez, euskararen erabilera da Euskara Sailak lehenesten duen «erronkarik handiena».

Bilboko euskalgintzako eragileekin batera bidea egitea «udaletik datorren arau juridikoa» ezartzea baino garrantzitsuagoa da Inunziagarentzat. Gainera, azpimarratu du ordenantzak «lan eskerga» ekar dezakeela, tresna juridiko gisara ez dela «batere dinamikoa», eta «antzinako tresna batekin gaurko arazo bat konpontzea» biziki zaila dela. Jendea euskaraz gehiago aritzeko lanetan  «ilusioz» dabiltzala gehitu du, eta udalaren eta eragileen arteko hitzarmenak lehenetsi nahi dituztela horretarako. Luze gabeko helburuei «modu praktikoan eta zuzenean» erantzun nahi diete.

«Antzinako tresna batekin gaurko arazo bat konpontzea litzateke».

 EIDER INUNZIAGA Euskarako, Herritarren Arretako, Partaidetzako, 2030erako Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzia

Arkaitz Zarraga Hau Pitxu Hau konpartsako kidearen aburuz, berriz, plangintzetan oinarrituriko hizkuntza politiketan, hizkuntza eskubideen bermea «norbanakoaren hizkuntza gaitasunen esku» uzten da. Ondorioz, haren erranetan, Bilboko Udalaren hizkuntza politikak «ez du bermatzen» euskarazko zerbitzua ukaitea. Udal gobernuaren jarrera «mingarria» dela salatu du. «Inposizioaren bandera hartzen dute konturatu gabe euren alderdikideek beste herri batzuetan aspaldidanik egiten dituztela ordenantzak; oso gutxi dira ordenantzarik gabeko herriak», azaldu du. «Inposizioa» aipatu du Zarragak, hain justu ere, euskalgintzaren arabera udalak argudiatu izan baitu ordenantza ezartzen bada herritarrei tresna bat «inposatuko» zaiela.

Euskalgintzarekin batera jarduteko asmoa azaldu du Inunziagak, baina Zarragak erran du udalaren eta euskalgintzako eragileen artean «deskonexio handia» dagoela, eta salatu du, esaterako, «diru apurrekin» hornitzen dituztela euskaltegiak. Helduleku juridiko bat sortzekotan, ordenantzaren aldarrikapenak «lehentasuna» izan behar luke, haren ustez.

Ordenantza egokiak

Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen ordenantza eredugarrien lanketa egin zuen 2007an. Orduan, udalek euskararen normalizazioan aurrerabideak egite aldera landu beharko luketen ordenantza eredua aurkeztu zuten. Bertzeak bertze, zehaztu zuten euskarari lehentasunezko tratamendua eskaini behar zaiola: «Herritarrek nahiz udal langile euskaldunek berdintasunezko tratua jaso dezaten eta euskara normaltasun osoz erabiltzeko aukera izan dezaten, lehentasunezko tratamendu berezitua emango dio udalak euskarari». Udalarekin harremanak euskara hutsean izango direla ziurtatzea: horixe da ordenantza eredu horren helburua. Harreman elebidunak ukaiteko arreta zerbitzuetan euskaraz lehen hitza egiteko araua jasotzen du, eta hirugarren tipologiako udaletan, hots, Bilbokoaren gisakoetan, udalak langileen %70 euskalduntzeko konpromisoa hartu behar lukeela. Azkenik, ordenantza egoki bat egiteko, udalak euskararen erabilera sustatu beharko luke, lanketa horretan zehazten denez.

Ordenantzarik ez ukaiteak ondorioak izaten ditu. Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak azaldu du ordenantzarik gabe balitekeela, adibidez, hainbat zerbitzutan euskararen presentzia ez bermatzea. Behatokiak hizkuntza eskubideen urraketei loturiko kexak jasotzen ditu. Bilbon, udalaren kontrako kexak badira euskarazko arreta ez duelako bermatzen; hiztunek aurkeztu izan dituzte, telefono bidezko arreta edota aurrez aurrekoa euskaraz ez izateagatik. Nagusiki, udaltzainekin euskaraz egiteko zailtasunak izateagatik edo kiroldegietako eta obretako seinaleak gaztelania hutsean emateagatik jarri dituzte kexak.

Udal ordenantzek egoki landurik egon behar dutela nabarmendu du Gaubekak: «Askotan, ordenantzak zaharkituta daude. Udalean dauden alderdi politikoen arabera, batzuetan ez dira berritzen ordenantzak, eta atzean gelditzen dira». Udalaren ezaugarriei eta eremu soziolinguistikoari moldaturiko ordenantzak egin behar dira, hizkuntza eskubideak segurtatu ahal izateko. «Egokituak eta aurrerakoiak» izan behar dute, hizkuntza normalizazioaren alde eginen dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.