Gizartea

Bilbo eta Portsmouth arteko ferry zerbitzua kenduko dute irailean

P&O Ferries enpresa arduradunak errentagarritasun falta arrazoitu du erabakia hartzeko. Bilboko Portuko Agintaritza ez dago ados erabakiarekin.

2010eko urtarrilaren 15a
16:16
Entzun
Irailaren 27an Bilbo eta Portsmouth (Britainia Handia) arteko ferry zerbitzua kenduko dute, P&O Ferries enpresak gaur jakinarazi duenez. P&Ok zerbitzuaren errentagarritasun falta arrazoitu du erabakia hartzerako unean, baina Bilboko Portuko Agintaritza ez dago horrekin ados.

Pride of Bilbao ontziak duela ia hamazazpi urtetik egin du Bilbo eta Portsmouth arteko ibilbidea, eta irailean, hain zuzen ere, bukatuko da bere baliagarritasun aldia. Helen Deebles P&Oko presidenteak erran du ibilbide hori "defizitarioa" dela, eta ez duela ontzi berri baten eraikuntza ordaintzeko lain ematen. "Zerbitzua ixtea bertze alternatibarik ez dago", adierazi du Deeblesek.

Bilboko Portuko Agintaritza, ordea, ez dago ados P&Ok hartutako neurriarekin. Bere ustez, ibilbidea "errentagarria" da eta "galera handia" izanen da Bilborentzat. Horregatik, irailetik aitzinera zerbitzuarekin jarraituko duen konpainia baten bila hasiko dela jakinarazi du.

Enpresak langileei jakinarazi die sindikatuetako ordezkariekin bilduko dela "lanpostuen galeraren eraginak gutxitzeko". 264 langileri eraginen die zerbitzuaren ixteak: 252 ontzian bertan lanean ari direnak, eta hamabi P&Ok Bilbon duen bulegokoak. Bezeroei dagokienez, P&Ok erran du irailaren 27a baino beranduagoko erreserbak zituztenekin harremanetan paratuko dela, alternatibak bilatu edo dirua itzultzeko.

Pride of Bilbao ontzia Finlandian eraiki zuten 1986an. 2.500 bidaiari eta 580 auto edo 62 kamioi garraiatu ditzake. Astean bitan egiten du Bilbo eta Portsmouth arteko bidaia, 1993az geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.