«Oinezkoentzako eremuak hiriaren erdigunean sortu dira, batez ere; normalean, aisialdi eta merkataritza edo turismo jarduerei lotuta. Ez da hainbeste pentsatu hiri osoan oinez mugitzeko modu bat; horren ordez, gune atseginak bilatu dituzte jarduera ekonomiko edo kultural batzuk egiteko». Hala uste dute Bilborako Oinezkoentzako Sarearen Alde, Puntatik Puntara Oinez eta Hesirik Gabe proiektuaren sustatzaileek. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, Feekor Bizkaiko Desgaitasun Fisikoa edota Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak eta Ekologistak Martxan plataformak Bilboko oinezkoen sarearen proiektua aurkeztu berri dute. Hainbat eragileren artean hilabeteetako hausnarketa egin ondoren, hirian «modu seguruan eta lasaian» oinez punta batetik bestera ibili ahal izateko egin beharreko egokitzapenak proposatu dituzte. Proposamen hori ardatz duen kanpaina abiatu berri dute.
Enrique Antolin Ekologistak Martxan plataformako kideak eman zituen proposamenaren xehetasun nagusiak hilaren 7an Bilbon egin zuten agerraldian. Hiri eta mugikortasun eredu bakarra ez dagoela jakin badakitela esan zuen. Hala ere, lehenengoz, «hiria interkonektatutako espazio gisa pentsatzeko» proiektuan murgildu direla azaldu zuen, «hiriaren alde batetik bestera mugitzeko aukerarekin», hain zuzen; «halakorik ez da egin orain arte», gaineratu zuen.
Kaleen pribatizazioaz
Ainhoa Abendaño Anaitasuna elkarteko kidea ere bide beretik mintzatu zen. «Hiriaren erdi aldean lan hori [espazioak oinezkoentzako egokitzearena] egin da, baina pribatizazioa egon da eta kontzeptu berri batean sartzea da asmoa». Ledesma kalearen kasuari egin dio aipamena, gogora ekarrita denbora luzez egindako aldarrikapena izan zela kale hori oinezkoentzako bilakatzea: «Kale asko oinezkoentzako jarri dira, baina merkataritza jarduerek leku handia hartu dute. Ibilgailuek hartzen zuten leku bera hartzen dute orain terrazek. Ledesman, gainera, lehenago zeuden bertako dendak ere desagertu egin dira. Ostalaritza bihurtu da dena. Joera horrek auzoak aldarazten ditu», ondorioztatu du.
Bilboko eragileok egin duten proposamenak bestelako oinezkoentzako espazioen eredua du helburu. «Mugikortasunari buruz ari gara», adierazi du Abendañok. Antolinek «sare kontzeptua» gehitu dio: «Oinezkoek alde batetik bestera oinez joan ahal izatea nahi dugu, inolako hesirik gabe, ez soilik kontsumo jardueretarako». Ana Isabel Simon Meñique Bizikidetzaren aldeko Auzoak Santutxuko elkarteko kideak zehaztu du ibilbideok ez dituztela planteatzen paseoan joateko soilik: «Lanera, autobusera eta bestelakoetara joan ahal izateko bideak dira. Irisgarriak ere izan behar dira; bankuak behar badira, jar ditzatela; euria izanik garraiobide bat hartu behar badute, aukera izan dezatela, iturriak egon daitezela… Joan-etorriak lasai egin ahal izateko bideak proposatzen ditugu».
Hiria artikulatzen duten sei ibilbide aztertu dituzte, eta horien gaineko proposamena ondu dute: San Ignazio, Deustu eta Abando artekoa; Errekalde eta Indautxu batzen dituena; Otxarkoaga, Txurdinaga, Santutxu eta Zazpikaleak elkartzen dituena; Abando; Basurtu eta Zorrotza artekoa; eta Uribarri eta Castaño lotzen dituena. Gehienetan oinezkoentzako kale bat egokitzea adostu dute. Deustu eta San Ignazio lotzeko, berriz, bulebar bat proposatu dute. Irtenbidea bilatzeko ingururik zailena Santutxukoa izango dela aurreikusi dute; errazena, berriz, Abandokoa.
Egitasmoaren helburua da auzoak elkarrekin bat egitea eta horiek guztiak hirigunearekin ere konektatzea. Izan ere, haien arabera, «ez dago hiri osoa artikulatuko duen oinezkoentzako plan globalik, haren ikuspegi zatikatua baitago». Orokorrean ez dute planteatu obra handirik; dauden azpiegiturak apur bat egokituta oinezkoen mugikortasuna asko hobetu daitekeela uste dute.
Oinezkoentzako ibilbide ideia «berritzaile batean» oinarritu dira diseinuan, sustatzaileek eurek definitu duten bezala. Oinezkoentzako ikuspegia «espaloia handitzetik harago» doala zehaztu du Antolinek: «Oinezkoentzako kalea ez da lortzen espaloia handituta. Osotasunean oinez mugitzen direnentzako espazioa da, edo bidearen %75 oinez doazenek erabiltzekoa».
Bestalde, esan dute ibilbideak hainbat sistema edo puntu intermodalen bidez beste garraio-sistema batzuekin konektatuta egon beharko direla, hala nola, igogailuekin, metroarekin edo autobusekin. Halaber, ekipamendu osagarri batzuk izan beharko dituzte, besteak beste, zuhaitzak, bankuak edo iturriak. Oinezkoentzako ibilbide horiek gauzatuz gero, horien erabilerak mugatzeko araudi espezifiko bat aurkeztu beharko dela iritzi diote.
Populazioa zahartuz doa
Gaur egun garrantzitsutzat jo dituzte oinezkoentzako ibilbide horiek, eta aurreratu dute etorkizunera begira ezinbestekoak izango direla. Hain zuzen, azaldu dutenez, Bilbon biztanleen eguneroko «joan-etorrien %65 oinez egiten dira». Joera hori azaltzen duten faktoreen artean «biztanleriaren zahartzea» aipatu dute. Antolinen arabera, Bilboko populazioaren zati handi batek 60 urtetik gora ditu. «Bilbo oso hiri heldua da. Eta are helduagoa bilakatuko den egoera baterako bidean goaz. Horrek aldatu egiten du mugikortasunaren kontzeptua».
Aurrerantzean, auzoetan edo barrutietan landuko dituzte jada urtebeteko hausnarketen ondoren planteatu dituzten ibilbideen proposamenak. Taldeetan eztabaidatuko dute, eta, azkenik, diseinatutako ibilbideetarako zehaztasun gehiago landuko dituzte: ekipamenduak edota irisgarritasuna, kasurako. Bukatzeko, ibilbide guztiak ibilbide bakarrean batuko dituzte, hiriko joan-etorrien ikuspegi globala emateko. Dokumentu bakarrean jasoko dute dena. Datorren udaberriko hauteskundeak baliatuko dituzte gogoeta plazaratzeko eta hausnarketarako gai izan dadin. Dena zehaztuta daukatenean, Bilboko Udalari aurkeztuko diote.