Carlos Martin Beristain. Mediku eta psikologoa

«Biktimentzat itxaropena galtzea prezio garestiegia dela konturatu naiz»

Aurtengo Rene Cassin saridunak uste du pandemiak azaleratu dituela lehen ezkutuan zeuden zenbait «bidegabekeria», eta estatu eta botere askok «lotsa» galdu dutela giza eskubideen urraketei dagokienez. Hala ere, esperantzari eustearen alde dago.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
«Euskaldun unibertsala eta giza eskubideen defendatzaile amorratua». Hala definitu zuen Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun sailburuak Carlos Martin Beristain (Bilbo, 1959), 2020ko Rene Cassin saria hari emango diotela iragarri zuenean. Medikua eta psikologoa da Martin Beristain, eta mundu osoan ezaguna da gatazken konponbidean eta biktimen artan egindako lanagatik Guatemalan, Saharan, Kolonbian, Mexikon eta beste zenbait herrialdetan.

Euskal Herrian ere lan handia egindakoa da Martin Beristain. Paco Etxeberriarekin batera, torturari buruzko 2017ko txostena egin zuen taldeko kidea izan zen, eta mota askotariko biktimak elkartu zituen Glencree programaren bultzatzaileetako bat izan zen. Gaur izango da saria jasotzeko ekitaldia.

Zer etorri zitzaizun burura Rene Cassin saria jaso behar zenuela jakindakoan?

Azken urte hauetan munduko hainbat herrialdetan ezagututako biktima guztiak etorri zitzaizkidan gogora. Uste dut egindako lanaren aintzatespena dela eta, era berean, lan hori zabaltzeko aukera bat.

Nola iristen da psikologian doktore den mediku bat giza eskubideen arloan lan egitera?

Medikuntza ikasten ari nintzelarik hasi nintzen torturaren gaia ikertzen Amnesty Internationaleko mediku talde batekin; torturaren gaiak asko hunkitzen ninduen. Horrela hasi nintzen beste mediku batzuekin harremanetan, eta, torturaren ondorio fisikoak aztertzetik, pasatu ginen gaia modu zabalagoan eta torturak gizartean eta komunitatean dituen inplikazioak aztertzera.

Oraingo pandemia egoerak bizitzaren arlo guztiak ukitu ditu. Giza eskubideena ere bai?

Pandemiak agerian uzten ditu bidegabekeriak, eta gordean dagoen bazterketa soziala azaleratu du. Baina, aldi berean, beste gauza asko ezkutatzen ditu. Kolonbian, adibidez, pandemiaren egoera dramatikoa da, baina gatazka armatutik ateratzeko ahalegin horretan giza eskubideen urraketa larriak gertatzen ari dira, eta horiek ez dute oihartzun mediatiko handirik, pandemiaren gaiak dena hartzen duelako.

Urte asko eman dituzu giza eskubideen arloan lanean. Egoerak hobera egin du?

Giza eskubideen aldeko borrokaren historia aurrerapausoz eta atzerapausoz beterik dago. Nik uste dut gaur egun tresna gehiago ditugula, giza eskubideak aintzat hartzen lagun diezaguketen erreminta gehiago, baina, aldi berean, estatu eta botere askok lotsa galdu dute. Garai honetan, Trump presidenteak mexikar migratzaileak irain ditzake, eta terroristak direla esan, eta ez da ezertxo ere gertatzen.

Edonola ere, biktimen ondoan egonda konturatu naiz haientzat itxaropena galtzea prezio garestiegia dela, eta beharrezkoa dela esperantzaren militante izatea.

Zer irizten diozu Mendebaldeko Saharan piztu berri den gatazka armatuari? Eragile askok denbora luzea eman dute horren arriskuaz ohartarazten.

Saharari urte askoan itxaropen faltaren errezeta ezarri diote: gauzak ustel daitezela uztea. Oraindik orain hasi dira arazoa giza eskubideen ikuspegitik lantzen, eta ez geopolitikatik edo AEBek, Frantziak eta Espainiak Marokorekin dituzten interesak aintzat hartuta. Gatazkaren ikuspegi bakarra izan da laguntza humanitarioarena, baina ez dute giza eskubide arazotzat hartu.

Bestalde, munduan gatazka bakarra da, 1991tik su eten batean dagoena baina bake akordiorik gabe. Sahararen etorkizuna ezin da gerra izan; bake akordio bat izan behar du, herrialdea berreraikitzeko, eta jendearen hitzerako eskubidea aintzat hartuko dituena.

Kolonbiako Egiaren Batzordeko kidea zara. Gaur egun, zertan da hango bake prozesua?

Trantsizio politikoko esparru bat ezartzen zuen prozesua zen Kolonbiakoa, baina gaur egun motelduta eta apalduta dago akordioaren zenbait puntu betetzeari dagokionez. Era berean, esperantzaz beteriko prozesua da, erakunde asko ari direlako lanean bakea eraikitzeko. Beharrezkoa da bake prozesua hedatzea eta sakontzea.

Ez da erraza 60 urteko gerra batetik ateratzea, baina gaur egun arrisku nagusia dira gatazka iraunarazten duten faktoreak: FARCeko 250 kide ohi hil izanak hori erakusten du.

Bake prozesua arriskuan dagoela esango zenuke?

FARCen desmobilizazioa ez dago arriskuan; nik uste dut, zailtasunak zailtasun, bere lana egiten ari direla. Arriskuan dagoena zerbait zabalagoa da: Kolonbiako bakea, eraldaketarako aukera gisa, hau da, esparru bat zedarritzea, Kolonbiak behar dituen aldaketak egin ahal izateko eta berriro ez gertatzeko helburu hori asmo hutsa baino gehiago izan dadila. Esparrua ezarrita dago; orain, aurrera egiteko borondate politikoa behar da.

Euskal Herriko egoera nola ikusten duzu?

Aldaketa oso esanguratsuak gertatu dira; garrantzitsuena, indarkeria egoera politikotik ateratzea. Oraindik gelditzen da agenda inportante bat iragan traumatiko bat onartzeko. Oraindik badaude liskarrak iragan horren inguruan, eta, seguru asko, geroan ere egongo dira, baina lider politikoek iraganaren azterketa kritikoa egitea garrantzitsua da.

Glencree izeneko esperientziaren bultzatzaileetako bat izan zinen. Zer ekarri zuen horrek?

Ekinbide horretan mota askotako biktimek elkarrizketak izan zituzten, eta, amaitutakoan, oso garrantzitsuak diren bi ondorio atera zituzten: batetik, biktima horiek ez zeudela bi alde kontrajarritan, alde berean baizik, sufritu dutenen aldean; eta, bestetik, gizarteak, politikariek, liderrek iraganaren azterketa kritikoa egin behar dutela. Geroztik, aurrerapauso esanguratsuak egon dira, eta hortik jo behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.