Biktimentzako «ekarpena»

Otegik eta Rodriguezek Urriaren 18ko Adierazpenarekiko «konpromisoa» berretsi dute

Arkaitz Rodriguez eta Arnaldo Otegi, gaur duela urtebete, Aieteko jauregiaren atarian, Urriaren 18ko Adierazpena irakurtzen. JON URBE / FOKU.
Gotzon Hermosilla Iosu Alberdi
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Iaz Aieteko Bake Konferentziaren 10. urteurrena izan zen, eta, horren ingurumarian, urriaren 18an, gaurko egunez duela urtebete, ezker abertzaleak adierazpen bat egin zuen Aieteko jauregian. Han, besteak beste, ETAren biktimei adierazi zien beren mina aitortzen zuela eta min horrek ez zuela inoiz gertatu behar. Urtebete igaro da, eta Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu du adierazpen hura «ekarpen garrantzitsua» izan zela.

«Modu positiboan irakurri genuen, ekarpen garrantzitsu bezala», azaldu dio Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak BERRIAri: «Urtemuga garrantzitsua zen, eta ezker independentistak hala adierazi zuen adierazpen horrekin». Hernanen hitzetan, ezker independentistak aipatzen dituen gaietatik biri ematen die foroak garrantzia: «Batetik, biktimak erdigunean jartzea; kasu honetan, ETAren biktimak. Eta bigarrena, bizikidetza demokratikorako ekarpen gisa egin zutela».

Aieteko Konferentziaren 10. urteurrenarekin, jardunaldi batzuk antolatu zituen iaz Foro Sozialak, eta horiek lortutako «zentralitatea» nabarmendu du Hernanek: «Gaurtik begiratuta, ematen du normala zela, baina aitortu behar dugu hilabete lehenago lau antolatzaileen artean kezka zela ea sartuko ote zen agenda politikoan». Gainera, uste du topaketa horiek «palanka efektu bat» izan zutela bi arlotan: «Batetik, biktimak erdigunean jartzea. Eragile guztiek jarri zituzten biktima guztiak erdigunean. Bestetik, kontakizunaren batailan. Uste dugu hortik abiatu zela prozesu bat krispazio esparrutik espazio eraikitzaileago batera igarotzeko».

Jarrera «aldaezina»

Urriaren 18ko Adierazpena irakurri zuten bozeramaileek, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, elkarrizketa eman dute Naiz irratian, eta, agirian agertzen ziren edukiak berresteaz gain, «apaltasunez elkarbizitzari egindako ekarpentzat» jo dute adierazpena. Rodriguezek esan du manifestua egitea erabaki zutela halaxe pentsatzen zutelako: «Han esaten genuena pentsatzen genuen, eta ezker abertzaleak beti esaten du pentsatzen duena». Baina beste arrazoirik ere egon zen erabakiaren atzean: Aieteko Bake Konferentzian argi adierazi zen biktima guztiak aitortzea ezinbestekoa zela gatazka konpontzeko, eta horixe egin nahi izan zuten: «Gure konpromisoa adierazi nahi izan genuen, eta bultzada bat eman nahi izan genion konponbide demokratikoaren aldeko bide orriari».

Otegik ere berretsi du orduan esandakoa, eta adierazi du, orain beste zerbait erantsi behar izatekotan, orduan ETAren biktimen aurrean azaldutako jarrera «behin betikoa eta aldaezina» dela.

Presoez, ontzat jo dute adierazpena egin zutenetik gaur arte espetxe politikan izandako aldaketa, baina urrats gehiago egin behar direla uste dute: «Hamarkadak eman ditugu entzuten legea bete egin behar dela», esan du Rodriguezek: «Hori baino ez dugu eskatzen, euren legea bete dezatela. Hala egingo balute, presoen %90 kalea zapaltzeko moduan leudeke». Ezker abertzalearen ustez, azken helburua «preso politikorik gabeko Euskal Herri bat» erdiestea da, «ez baita arrazoizkoa ETAren jarduera amaitu zenetik 11 urte igaro ondoren oraindik ere 150 preso baino gehiago egotea».

Biek gogorarazi dute Aieten egindakoa «gatazka politiko bati irtenbide demokratiko bat emateko» ahalegina izan zela: «Hemen gatazka politiko bat zegoen ETA sortu aurretik ere, eta, ETA desagertuta, gatazkak hor jarraitzen du, eta irtenbide politiko eta demokratikoa eman behar zaio», azaldu du Rodriguezek. Otegik uste du konponbide politikoaren aldeko hautu horrek «gaurkotasun osoa» duela: «Norbaitek sinesten du Palestinan, Kurdistanen edo Ukrainan gatazkak indarra erabiliz konponduko direla?». Otegiren ustez, Aietekoak «patroi unibertsal» bat du: ez dagoela alternatiba hoberik «gatazka termino politiko eta demokratikoetan konpontzea baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.