Aranzadik Galdakaoko Udalarentzat (Bizkaia) prestatutako webgunean zentratutako legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean, azaleratutako gainerako kasuei erreferentziarik egin gabe —tartean, EAJk gobernatutakoak—.Webgunea itxita, beste bide bat hartu du testuak, Elkarrekin Podemos-IUren proposamenen bidez. Hark PPren eta Voxen babesa ere izan du. EH Bilduk, berriz, salatu du eztabaida horrek iraganari buruzko irakurketa partekatu bat egiteko dinamikak «suntsitu» dituela.
«Egia, justizia eta erreparazio politikak bermatzeko» eta biktimen kontrako «irain, umiliazio eta birbiktimazioa» eragozteko neurriak hartzearen, eta memoria inklusibo eta kritiko baten aldeko puntuak mantendu dituzte EAJk eta PSE-EEk, baina Galdakaori lotutakoak aldatu. Hala, Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategiren ustez, testuaren «norabide okerra» zuzendu da, udalek prozesuan duten garrantzia nabarmenduta eta Eusko Jaurlaritzari Udaberri plana garatzeko urratsak eskatuta.
Jeltzaleek zein sozialistek EH Bilduri kritika egiteko baliatu dute legez besteko proposamenaren aurkezpena, eta, webguneen edukietatik harago, azken hamarkadetan gertatutakoa «bidegabea» izan zela onartu ez izana leporatu diote. Hortik aurrera, EAJko parlamentari Iñigo Iturratek «positibotzat» jo du webguneak itxi izana, «akatsetatik» ikasi behar delakoan. Haren hitzetan, «giza eskubideen urraketa larrien biktimak» eta bestelako motibazio politikoko indarkeria jasandakoak ezin dira batera aurkeztu, «errealitate bakoitza» bere testuinguruarekin erakutsi behar delako. Era berean, PSE-EEko Miren Gallastegirentzat, «atzerapauso oso garrantzitsua» izan da webguneak osatzeko modua. Hark gehitu du ez dutela halakorik onartuko, «hauteskunde garaia izan edo ez». Eta harago ere jo du: «Inoiz ez da gatazka politikorik izan Euskadin».
Beste bide bat hartu du Gorrotxategik. Zerrenda bakar bat izatearen kontra egin du, baina defendatu du «motibazio politikoko indarkeriak eragindako beste gertaera batzuk kaltetutakoek» ere dokumentuetan agertu behar dutela. Hala, azaldu du gertatutakoa webgunea aurkezterakoan izandako «akats bat» izan zela.
Berdin bozkatu arren, bestelako argudiaketa bat erabili dute PP+Ciudadanosek eta Voxek. Ukatu egin dute «akats bat» izan denik, eta Carmelo Barrio popularrak «bizikidetzaren aurkako kolpe» gisa definitu du.
«Nola sentituko dira?»
Julen Arzuaga EH Bilduko kidearen ustez, eztabaidaren oinarria koalizio subiranistaren aurka egiteko nahia da, horretarako «gezurrak» erabili behar badira ere. Are gehiago, albo kalteak kontuan ez hartzea leporatu die EAJri eta PSE-EEri, estatuaren biktimei erreferentzia eginda: «Nola sentituko dira Lasa eta Zabalaren senideak Tolosako webgunetik, aitortza egiten zien erakunde bakarretik, kendu ostean?».
Hitzartzean, Arzuagak Unesco katedrako zuzendari Jon Mirena Landaren hitzak gogoratu ditu, Aranzadiren aurkako oldarraldiak «giza eskubideen defentsaren aldeko mugimenduko sektore oso bati» eragin diolakoan. Landa, baina, ez da sozialisten eta jeltzaleen erreferentziazko aditu afera honetan. Hala erantzun dio Gallastegik aipamenari: «Ez dut bat egiten, inola ere ez, Jon Mirena Landari entzun dizkiodan gauzen erdiekin ere».
Biktimen zerrendetako «akatsa»
Aranzadik osatutako webguneen harira, biktimen «birbiktimizazioa» eragoztearen aldeko legez besteko proposamena onartu du Eusko Legebiltzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu