Biktima askorentzat egia «elementu sendagarria» dela uste du Foro Sozial Iraunkorrak, hori dela biktimek «benetan» behar dutena. Nekane Altzelai Foro Sozialeko kideak aldarrikatu du biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutela, eta, horregatik, egiarako eskubideak «erabateko garrantzia» duela nabarmendu du, hori delakoan, hain zuzen ere, bizikidetza «demokratikoa» sortzeko bidea.
Atzo izan zen Desagertze Behartuen Biktimen Nazioarteko Eguna. Foro Sozialak duela bost urte txertatu zuen eguna bere lan egutegian, eta atzo egindako agerraldia baliatu zuen biktima horiek gogoratzeko. Horrekin batera, azaldu zuen Euskal Herrian hamalau kasu daudela dokumentatuta, eta horietatik zazpi oraindik argitu gabe daudela. Altzelaik gaineratu zuen ez dela «inolako aurrerapenik» izan desagertuta jarraitzen dutenen kasu horietan.
Aitortza bera urraketei
Desagertze behartuak «giza eskubideen urraketa larriak» dira, Foro Sozialaren esanetan, eta, horregatik, giza eskubideen urraketa beraren aurrean aitortza bera egitea merezi dute biktimek. Bide horretan, salatu zuen ETAren biktimek egia jakiteko hainbat tresna dituztela, baina ezin dutela gauza bera esan estatuaren biktimez, haientzat ez baitago egia jakiteko «ia itxaropenik».
Egia jakiteko bidean, baina, «argi pixka bat» ematen duten hiru esparru ikusten ditu Foro Sozialak. Batetik, 12/2016 Legearen Balorazio Batzordea egiten ari den lana «txalotu» zuen. Bestetik, aipatu zuen irailean «antzeko» lege bat abiaraziko dela Nafarroan; eta, azkenik, Informazio Klasifikatuen Lege Proiektuaren eztabaida Diputatuen Kongresuan dagoela gogorarazi zuen. Foro Sozialaren arabera, legearen aurreproiektua «etsigarria» da; hala ere, uste du «nahikoa baldintza» daudela Diputatuen Kongresuan «akordio baten alde» lan egiteko.
Biktimen «egiarako eskubidea» aldarrikatu du Foro Sozialak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu