EUSKAL PRESOAK

Biktimek emanen diote hasiera urtarrilaren 8ko goizeko ekitaldiari

Bilboko manifestazioaren aitzinetik mahai ingurua eginen dute Euskalduna jauregian. Robert Manriquek, Naiara Zamarreñok, Rosa Lluchek, Maider Garciak eta Idoia Zabalzak hartuko dute hitza.

Duela bi urte manifestazioaren aitzinetik eginiko ekitaldia, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 15a
14:31
Entzun

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak eginen dituzte urtarrilaren 8an Bilbon eta Baionan, eta, Sarek gaur goizean iragarri duenez, Bilbon goizetik abiatuko dute aldarrikapen eguna. «Indarkeria anitzeko» biktimek emanen diote hasiera 10:30ean Euskalduna jauregian eginen duten ekitaldiari. Mahai inguruan izanen dira Robert Manrique, Naiara Zamarreño eta Rosa Lluch ETAren biktimak eta Maider Garcia eta Idoia Zabalza estatu indarkeriaren biktimak. Pilar Kaltzada kazetariak eginen dizkie galderak.

Sareren ustez, gizarteak «Euskal Herrian suntsitu eta eraitsi diren hainbat eta hainbat zubi berreraiki» behar ditu, eta «elkarbizitzaren alde borondateak batu». Horregatik emanen diete «ahotsa» biktimei: «Biktimei buruz asko hitz egiten da, bada baita haien izenean hitz egiten dutela dioenik ere, baina garrantzitsuena haiekin hitz egitea da, entzutea eta babesa ematea».

Mahai inguruaren ondotik, Sareko bozeramaileek «elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko beharrari buruzko hausnarketa labur bat» plazaratuko dute, «enpatian, erantzukizunean eta sufrimendu guztien aitortzan eta errespetuan oinarritua». Halaber, «elkarbizitzarako eta bakerako bidean aurrera egiten jarraitzeko, euskal presoak etxera itzultzeko prozesuan aurrera egitearen beharrezkotasuna» azpimarratuko dute. Sarek jakinarazi duenez, azkenik, ekitaldiaren ondotik «uneari buruzko barne hausnarketa baten ondorioak» argitaratuko dituzte dokumentu «luze» batean: «Espetxe politikaren elementu distortsionatzaile guztiak ez ezik, indarkeriaren biktimei eman beharreko tratamenduaren inguruan, memoriaren kontakizunaren inguruan, egungo egoeraren datuen inguruan... hausnartu eta elementu desitxuratzaile guztiak aztertzen dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.