Biktimek argitu dute bidea

Ikastetxe erlijiosoetako pederastiaren aurkako bidean aitzindari da Nafarroa: ekainean, Elizako abusuen legea onartu zuten, eta 2022ko bukaeratik martxan da biktimak aitortzeko batzorde parlamentarioa.

2. Omenaldia. Gobernuak omenaldia egin zien iaz abusuen biktimei. Irudian, Txibite lehendakaria, 1960ko hamarkadan abusuak sufritutako Marivi Martikorena iruindarra agurtzen. JESÚS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Lizarra
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Oso mingarria izan da; hala da oraindik». Begirada galdua du Jesus Zudairek. Dagoeneko hoztu zaizkion kafe apurrak irabiatzen ari da koilaratxoarekin, Lizarrako (Nafarroa) autobus geltokiko tabernaren leihoaz harago dagoen puntu zehaztugabe bati so. Segundo batzuen buruan, koilara utzi eta, zerbaitek pentsamendu jarioa eten balio bezala, naturaltasun osoz kontatu du nola aldatu zaion bizitza El Puy eskolan sufritu zituen sexu abusuak salatzea erabaki zuenetik.

Ikusi gehiago:Elizaren altzoan, 90 erasotzaile eta 177 biktima

«Trauma osteko estresa diagnostikatu zidaten», esan du, dramatismorik gabe. «Edonoiz etortzen ahal da antsietatea. Etxean, telebista aurrean, pelikula bat ikusten... Zerbaitek klik egiten dizu buruan, eta duela 50 urte gertatutakoaren oroitzapenak etortzen zaizkizu, flash baten moduan. Bat-batean, ez da iraganeko kontua: abusuak atzo gertatu izan balira bezala sentitzen zara». Zudaireri dagokionez, txikitan pairatutako sexu abusuak salatzeko prozesuak eragin dio «gertatutakoa behin eta berriro errepikatzea», eta, zenbaitetan, mina areagotzea.

2019an, Estellerriko zenbait ikastetxetan azaleratutako pederastia kasuen arrimura, Abusuen Biktimen Nafarroako Elkartea sortzea erabaki zuen. Urte gutxian, bide luzea egin dute: hedabideetan lortutako oihartzunari esker, harremanetan jarri ziren erakunde publikoekin, eta auzia Nafarroako politikaren lehen lerrora eramatea lortu zuten. «Gure arrangura eta sufrimendu intimoenak azaldu behar izan ditugu behin eta berriro: parlamentuan, hedabideetan, perituen aurrean... Latza izan da, baina merezi izan du. Hori da, finean, sendatzea: min ematen dizu, baina ezinbestekoa da, zauriak behar bezala ixteko».

Biktimek eginiko lan horri esker, Nafarroa aitzindari izan da Eliza katolikoaren barruan gertatutako abusuak ikertzeko bidean. Elkarteak Nafarroako Gobernuarekin izandako hartu-emanen fruitu izan dira; besteak beste, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak iaz argitaratutako ikerketa eta biktimen aitortzarako foru legea. Iazko ekaineko azken egunean onartu zuten araua.

Maria Txibiteren gobernuari eusten dioten hiru taldeek aurkeztu zuten lege proposamena —PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k—, baina sostengu ia erabatekoa lortu zuen testuak tramitazio parlamentarioan, EH Bildu eta Ezkerra ere batu baitziren. Navarra Suma izan zen kontrako botoa eman zuen bakarra: abusuak arbuiatuta ere, «fenomeno orokorra» direla eta Eliza katolikoarenak soilik ikertzea instituzio hori «kriminalizatzea» dela argudiatu zuen Iñaki Iriarte parlamentariak.

Ikerketa batzordea, abian

Ekainean onartutako legearen ondorioz abian jarritako egitasmo nabarmenetako bat izan da aitortzarako batzorde independente bat, abusuak salatu dituztenei biktima izaera aitortu eta justizia errestauratiboa eskaintzeko xedez. Iazko urrian osatu zuten batzordea, honako aditu hauek: Mikel Lizarraga eta Esther Aldabe historialariek, Josean Etxauri psikologoak, Ana Carmona kriminologoak, Camino Bueno irakasleak, Mikel Cordoba giza eskubideetan adituak eta Nafarroako Gobernuko Biktimen Arretarako Bulegoko arduradun Izaskun Gartzaronek.

Prozedurak eta jarraibideak erabaki eta bide orri bat zehazteko baliatu zituzten lehen bilerak, eta datozen asteetan asmoa dute biktimekin banan-banan hitz egiten hasteko. Horren ostean, sexu abusuak pairatutakoen testigantzak aztertu, eta ebatzi beharko dute salatzaileei biktima izaera aitortu edo ez. Hilabete bateko epea izanen dute horretarako. Urtero, txosten bat aurkeztu beharko dute Nafarroako Parlamentuan, aztertutako kasu guztiekin.

«Bi frontetan ari gara lanean», azaldu du Josean Etxauri batzordekideak: «Alde batetik, biktimen bulego bat sortu dugu, abusuak sufritutakoek salaketa egin dezaten; eta, bestetik, batzordea dago, haiekin hitz egin eta espediente bakoitza aztertzeko. Bulegoa martxan dago iaztik, eta uneotan batzordearen egitekoaren oinarriak jartzen ari gara, elkarrizketa pertsonalei heldu aurretik».

Batzordeko buru izendatu berri dute Etxauri, ikastetxe erlijiosoetako abusuen biktimekin duen eskarmentuagatik. Izan ere, auzitegiko psikologoa da, eta Psimae Psikologia Juridiko eta Forentseko Institutuko zuzendaria. Kristau eskoletan abusatuak izan zirenetako askok haren kontsultan egiten dute terapia. Aurrez aurreko elkarrizketak diseinatzeko tenorean, biktimen buru osasuna eta ongizate animikoa aintzat hartzen ditu Etxaurik: «Ahal den neurrian, birbiktimizazioa saihestu nahi dugu prozesu honetan, baina, batzuetan, gertatutakoa berriz kontatzea beste aukerarik ez dago, egia azaleratu nahi badugu».

Orain arte artatu dituen biktimen soslaia ere egin du psikologoak: «Gehienak diktadura garaiko delituak direnez, isiltasunak pisu handia izan du urteetan. Biktima askok ez zekiten identifikatzen zer gertatu zitzaien; ez zuten uste hori delitu bat izan zitekeenik ere».

Haren ustez, batzorde parlamentarioaren aintzatespena «balio handikoa» izan daiteke biktima horien osatze prozesuan: «Gertatu zena aitortzeak, bere horretan, badu erreparaziotik pixka bat. Biktima askorentzat oso garrantzitsua da, eta horixe da, hain zuzen, batzordearen egiteko nagusia: biktimei aitortza soziala eta instituzionala eskaintzea». Estatus horrek, baina, ez du ondorio juridikorik izanen: alde batetik, delitu gehienak preskribatuta daudelako, eta, bestetik, auzitegietan zabalik diren prozesu juridikoetan ere, batzorde parlamentario baten ebazpenek ezin dutelako eraginik izan.

«Trabak» Madrildik

Muga juridikoak gorabehera, sexu abusuen legea onartu eta hari esker aitortzarako batzordea sortu izanak «esperantza» sortu du Nafarroako biktimen artean. «Badugu itxaropena Nafarroako batzordean jarria. Espainian abian jarri dutenak, berriz, zalantza gehiago sortzen dizkigu», esan du Zudairek. Haren esanetan, «alde nabarmenak» daude Nafarroako batzordearen eta Espainiakoaren artean: «Nafarroan, badago lege bat batzordeari sostengua ematen diona, badago adostasun politiko oso handi bat... Madrilen, berriz, arartekoa jarri dute batzordeko buru. Harekin bildu gara, baina ez dakigu noraino iristeko gai izanen den. Gure susmoa da PSOE ari dela dena trabatu nahian».

Zudaireren irudiko, Espainiako Gobernuak ez du gehiegi estutu nahi Eliza katolikoa; «horregatik ez dago prest kontuak garbitu eta egia osoa azaleratuko duen batzorde bat eratzeko». Horren frogatzat jo du Espainiako Gobernuko presidentearen eta Apezpiku Konferentziako goi ordezkarien arteko azken bilera: «Iazko otsailaren 6an, Apezpiku Konferentziarekin batzartu zen Pedro Sanchez, Elizaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanak estutzeko. Handik astebetera, sexu abusuak ikertzeko legez besteko proposamena aurkeztu zuten Espainiako Kongresuan, eta PSOEk atzera bota zituen batzorde horri botere betearazlea emateko proposamen guztiak».

Bultzada politikoaz harago, edukietan ere aldea sumatu du biktimen ordezkariak, Nafarroako eta Espainiako batzordeen artean: «Aldeak handiak dira. Nafarroako batzordeak ikertzen ditu ikastetxe erlijiosoetan gertatutako sexu abusuak, eraso fisikoak eta kalte psikologikoak. Espainiak, berriz, sexu abusuei soilik erreparatzen die. Horrek kanpoan utziko ditu hainbat biktima: gure elkarteko bati, adibidez, apaizek ebakiak egin zizkioten belarrietan, eta beste bati, tinpanoa hautsi. Horiek ez dira sexu erasoak, baina ez al dute ikerketarik eta aitortzarik merezi?», galdetu du.

Oro har, Nafarroako araudia «ausartagoa» dela uste du Zudairek, biktimak aitortzeaz gain «justizia errestauratiboa ere bermatuko duelako». Aurrez aurreko elkarrizketa saioak antolatuko dituzte biktimen eta Elizako ordezkarien artean, hori bermatzeko: «Bi bitartekari izendatu dituzte, biktimen eta Elizaren artean negoziatzeko. Ni neu ere artzapezpikuarekin batzartuko naiz aurki, eta hainbat eskaera helaraziko dizkiot».

Eliza, mahaitik kanpo

Hain zuzen, Eliza katolikoaren jarrerak zeresana eman du lehen kasuak azaleratu zirenetik: hasieran, «dena estaltzeko nahia» egotzi zieten biktimek Iruñeko Artzapezpikutzari, eta, ordutik, gotzainek eta ordena erlijiosoek ikerketa propioak abiarazi dituzten arren, Nafarroako Elizak uko egin dio batzorde parlamentarioan parte hartzeari.

Iazko ekainean onartutako foru legean ezarria dago Eliza katolikoari dagokiola biktimen aitortzarako batzordeko bi kide aukeratzea. Oraingoz, baina, artzapezpikutzak ez du aukera hori baliatu nahi izan, eta bi eserleku horiek hutsik dira iaztik. Etxauriren aburuz, «pena» da gotzainak mahaitik kanpo gelditu izana, baina gogorarazi du «ateak zabalik» dituztela:«Nahi dutenean batu daitezke abusuak argitzeko elkarlanera».

Biktimen elkarteak Elizarekin izandako bilkuretan, ordea, «jarrera aldaketa txiki bat» nabaritu duela azaldu du Jesus Zudairek: «Konfidentzialtasun kontratu bat sinarazi digute; hortaz, ezin dut xehetasunik aipatu, baina Nafarroako Artzapezpikutza prest azaldu da elkarlanari ekiteko. Ikusiko dugu nora garamatzan bide horrek, baina hasiak dira urrats txiki batzuk egiten. Bada zerbait».

Etorkizuneko erronkak

Elizaren lankidetza gorabehera, orain arte eginiko urratsak «txalotzeko modukoak» direla nabarmendu dute bai Zudairek eta bai Etxaurik. «2019ko apirilean elkartea sortu genuenean, sei bazkide ginen. Gaur egun, bi elkarte ditugu Nafarroan bakarrik, bata Lizarran eta bestea Iruñean; dozenaka kasu eta biktima azaleratu ditugu; lege bat onartu da parlamentuan; eta auzia lehen lerrora eramatea lortu dugu. Oso pozik gaude urte hauetan lortutakoarekin», azaldu du Zudairek.

Gogoeta horrekin bat egin du batzorde parlamentarioko buruak ere: «Nafarroa aitzindari izan da Elizako sexu abusuen auzian, beste inon ez baitira biktimak elkarteetan antolatu, eta erakundeek horren gaineko legeak sortu baitituzte». Are, Etxaurik uste du Nafarroako bidea «beste lurralde batzuentzako eredu» izan daitekeela: «Gustatuko litzaidake halako egitasmoak ikustea beste erkidego batzuetan ere, ongi eginikoa kopiatuz eta hobetu daitekeena hobetuz».

Hala ere, biek argi dute bidea ez dela amaitu, eta sexu-abusu kasuen lagin txiki bat besterik ez dutela azaleratu. «Aintzat hartu behar dugu biktima gehienek ez dutela ezer esan, orain artekoa icebergaren tontorra baita. Gure helburua da orain arte ezer esan ez duten horiengana iristea, garrantzitsua baita arazoa azaleratzen segitzea», esan du Etxaurik. Orain arteko lanari eutsiko dio Zudairek ere: «Badakigu abusu gehiago izan zirela. Gu geu izan ginen horien lekuko, ikasgelan gertatzen baitziren, denon aurrean. Biktimak gure ikaskideak ziren. Kasu berriagoak ere ezagutu ditugu, azken urteetan gertatutakoak. Horientzat guztientzat beharrezkoa da elkartea, biktimen helduleku izaten segitzeko».

Ikusi gehiago:Sean Ryan: «Elizak aspalditik zekien arazo larria zuela sexu abusuekin; barne agiriek frogatzen dute hori»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.