Biktimak. Buru osasuna

Biktimak «subjektu» gisa hartzeko hitzen eta ekintzen bila

Berridatzi elkarteak antolatuta, arta on baten beharraz ohartarazi dute 'Osasun mentala eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimak' izeneko saioan

Carlos Martin Beristain, atzo egin zuen agerraldian. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Donostiako Aieteko jauregia «sinbolismoz» betetako leku bat dela gogoratu zuten atzo Berridatzi elkarteak antolatuta han egin zen Osasun mentala eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimak jardunaldiko hizlariek. Errege-erregina eta agintarien bizilekua izan zen aurreko gizaldian, Donostiako Bake Konferentziaren egoitza 2011ko urrian. Hitz handi asko esan dira han, ozen zabalduak horietako asko. Atzo, berriz, Carlos Martin Beristain mediku eta Psikologia doktoreak behin baino gehiagotan azaldu zuen eran, kontu isil eta isilaraziei begira jarduteko izan zen saioa: biktimek «bihotzean» gordetzen dituztenei erreparatzeko, haien mina arintzeko bideak zein izan daitezkeen aztertzeko, ulertzeko. Lehenbiziko hitzaldia Beristainek berak eman zuen; esperientzia zabala du Euskal Herrian motibazio politikoko biktimen artara begira egin diren hainbat esperientziatan, baita mundu zabalean ere, eta xedeen artean nabarmenetariko bat horra zein den haren ustez: beren prozesuan «subjektu» gisara hartu behar dira biktimak, beren bidea egin dezaten.

Ikusi gehiago:Elkarrizketa eta enpatia dira gatazkaren zauriak josteko behar diren haria eta orratza

Beristainen hitzaldiaren aurretik, jardunaldia aurkeztu zuten Berridatzi elkarteko ordezkari Pili Zabalak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuorde Jose Antonio Rodriguez Ranzek. «Bihotza» mugitua solastatu zen Zabala, eta esan zuen hainbat «galderari» erantzuteko asmoz antolatu dutela jardunaldia. Zerrendatu egin zituen horietako zenbait. Horra sorta bat: «Beharrezkoa da Osakidetzan eta Osasunbidean protokolo bat eratzea halako kasuetarako? Ad hoc organismo bat eratzea? Zer esperientzia daude munduan horietatik ikasteko?». Berridatzi elkartea 2019an eratu zutela gogoratu zuen; giza eskubideen urraketak jasan dituztenak «entzun» egin behar dira, haien «ondoan» egon behar da, eta ekarpena egin nahi dute hor. Atzokoaren gisako saio gehiago ere beharko direla gogoratu zuen Zabalak: errezeloak gainditzeko foroak nahi dituzte, elkarri «begietara begira» jarduteko atondutakoak. «Mesfidantzen kontrako bidea izatea nahi dugu; inor atzean utzi gabe». Esperantzaren aldeko aldarria egin zuen, baina hitz ederresleez harago, ekintzek eta horiek egiteko moduek duten garrantzia argi utzita: «Itxaropena landu egin behar da».

Egin beharreko bidea oraindik luzea dela onartu zuen Rodriguez Ranzek ere. Deskripzio bat egin zuen bere hitzaldian; biktimen artara begira, lanak eginak dituen Euskal Herri bat irudikatu zuen. Memoria ez da «xextrarako» motibo; «memoria inklusibo bat» idazte aldera urratsak egin dira; «aitortza» bera dute biktima guztiek; «autokritikan» aurrera egin dute alde guztiek... Baina hitz ederresleen arriskuaz ohartarazi zuen hark ere. «Bai, badakit: deskribatu dudan herria ez da 2023koa... Baina hori da zerumuga. Gaur mugarri bat jartzen ari gara bide horretan. Guztion betebehar morala da hor aurrera egitea jomuga dugun Euskal Herri hori lortzeko».

Lezioak

Beristainek azaldu zuen arlo horretan aurrera egiteko lezio gehienak ez direla liburuetan ikasten. «Bidean ikasi ditugu, jendearekin». Eta munduaren maparen luze-zabalean, batean eta bestean, biktimen zuztarreko sentimenduak igualtsuak direla gogoratu zuen: «Beldurrak antza du toki guztietan... Heriotzak, traumek, elbarritasunek». Giza eskubideen urraketen gaineko albisteak hedabideetatik eta goiburu handietatik desagertzen direnean, politikarien «erretorika» beste nonbaitera begira geratzen denean, gaiaren «dimentsio psikosoziala» hor geratzen dela azaldu zuen, eta kontuan hartu behar dela. Bidean aintzat hartu behar diren aldagaietako bat da biktimen egiteko erak eta erritmoak errespetatzea. Guatemalan ezagutu zuen biktima bat du gogoan. Torturak pairatu zituen moja bat zen. Behin jazarpen egoera hartatik ihes eginda, terapian hasi zenean, berak era izan zuen zer behar zuen esateko, terapeutari eskatzeko: «Ez iezadazu begietara begiratu». Halaxe, artatu zuen profesionalak pareta batera begira egin zituen lehen saioak. Ikasbide egokitzat dauka.

«Jendeak bere bizitzaren kontrola berreskura dezan egin behar da prozesua», nabarmendu zuen Beristainek. Jarduera traumatikoek biktimen bizitza «hautsi» egiten dutela azaldu zuen: «Ja dena ez da lehenago bezalakoa». Usu, ordea, hausturak eragindako oinazeaz harago «marka moral» bat ere igartzen dute biktimek azalean, besteen begiradan: «Kentzen ez den estigma bat». Biktimek senti dezaketen begirada lohi hori garbitzea lehenetsi behar da beti. «Biktimek identitate positibo bat berreskuratzea da ardatzetako bat». Bide horretan izan duten pairamenduaren «baiespen soziala» ezinbestekoa dela esan zuen. Gizarte osora begira egin behar da lan, ezinbestean: «Denborak ez baitu dena sendatzen».

Gela «ilunak»

Bidean oztopo izaten dira «polarizazioa» eta dena «sailkatzeko» ahaleginak; horiek gaindituta, «bide eraikitzaileak» bilatu behar direla argi du Beristainek. Tentuz betiere. «Oso kontuz ibili behar da, gainerakoan txinpartak berriz oso erraz pizten dira eta... Ekintzak bezain garrantzitsua da ekintza horiek babestea». Gaiaz hitz egiteko espazioak sortzea ere beharrezkoa da, biktimei entzunak direla sentitzeko aukerak ematea: gainerakoan, «erreprimitu» egin behar dituzte askotan beren bizipenak. Hamarraldiak ere egin ditzakete isilik. Euskal Herrian torturatuen kasuak aintzat hartzeko egin diren urratsetan, esaterako, ikusi dituzte halakoak: «Guardia Zibilak bortxatutako andre batek 40 urtean ez zion senarrari ere esan zer gertatu zitzaion. Inoiz ez zuen horretarako espazio bat aurkitu». Isiltasun hori beste toki askotan ikusi du. Kolonbian ere lanean jarduna da Beristain. Handik ihes egin behar izan zutenen seme-alabekin egindako saio bat ekarri zuen gogora, han entzundakoa: «Parte hartzaileetako batek esan zuen: 'Nire etxean beti egon zen gela ilun bat: Kolonbian gertatu zena. Bagenekien zerbait gertatu zela, baina horri buruz ezin zen hitz egin. Guztiz baldintzatu zuen nire garapena'».

Dena ez dela «patologizatu» behar adierazi zuen, oinazearen aurreko «erreakzio normalak» direla usu biktimek dituztenak, baina arta psikosozial on bat gabe handiagoa dela arazoak «kroniko izateko» arriskua. Aurrera egite aldera «zigorgabetasunaren» aurka ere egin behar dela onartu zuen Beristainek: «Zigorgabetasun handia dago, eta horrek ez du laguntzen. Zigorgabetasunaren aurka ere egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.