Ulertzen ez dena ezin da konpondu». Indarkeria sexuala jasan duten emakumeen erreparazioak hori du lehen funtsa, Maitena Monroy autodefentsa feministako irakaslearen esanetan: emakume horiek jakin behar dute biktima direla. Oinarri horren gainean eman behar dira, haren ustez, erreparaziorako pausoak. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan parte hartu zuen atzo Monroyk, indarkeria sexualaren biktimak hizpide. Hain justu ere, nabarmendu zuten esparru horretan lan handia dagoela oraindik egiteko, indarkeria jasaten dutenen artean gutxik salatzen baitute; askotan, bizi izandakoa ez dutelako indarkeria modura hartzen.
Emakundek antolatu zuen indarkeria sexualari buruzko ikastaroa atzo. Monroyrekin bat, hizlari izan ziren honako hauek ere: Irantzu Varela ekintzaile feminista; Laia Serra, Dones Juristes (Emakume Legelariak) taldeko kidea; eta Silvia Rugamas, Trabajadoras No Domesticadas (Etxekotu gabeko langileak) plataformako kidea. Pilar Kaltzada kazetaria izan zen solasaldian gidari.
Kontzientzia hartzearen garrantzia nabarmendu zuten lau ekintzaileek. Izan ere, haien ustez, indarkeria azaleratzeko oinarria da hori, eta, urrats hori egindakoan, emakume horiei laguntzea dagokio mugimendu feministari. Giltzarritzat jotzen dute «sare feministak» sortzea: norberaren eta eraso bakoitzaren araberakoa dela hori gainditzeko prozesua, baina sarearen babesa ezinbestekoa dela bide horretan.
Indarkeria sexuala norbanakoen arazoa ez, egiturazkoa dela ohartarazi dute, eta, beraz, konponbideak ere halakoa izan behar duela. Varela: «Emakumeok desulertu behar dugu zaurgarriak eta menpekoak garela». Beste aldaketa bat eskatu du: indarkeria jasan duten emakumeak errudun gisara hartzeari utzi behar zaiola.
Garaiaren arabera aldatu egin da indarkeriari buruzko ikuspegia; alegia, gaur egun indarkeria matxista gisa hartzen diren ekintza asko ez zituzten halakotzat jotzen orain urte batzuk, Varelak gogora ekarri duenez. Aldaketa horretan mugimendu feministak jokatutako rola nabarmendu du.
Pauso horiek gorabehera, horma handiak daude oraindik eraisteko. Varelak beldurraz ohartarazi du, emakumeek jasaten duten beldurraz. «Hori ere indarkeria gisa ulertu behar da». Monroyk ere bat egin du horrekin: «Sistema patriarkala ezagutzen dut, eta horregatik diot beldurra». Nolanahi ere, haren ustez, beldurra indarkeria matxistari aurre egiteko motor gisara ere hartu behar da.
Aitortza politikoa
Baina zailtasunak handiak dira oraindik. Serrak ohartarazi du, adibidez, arlo juridikoak «zor historikoa» duela andreekin. Haren hitzetan, sistema judizialeko eragileak ez dira interpelatuak sentitzen biktimen erreparazioari dagokionez, eta horregatik biktima askok ez dute jasotzen aitortzarik eta erreparaziorik. «Askotan, sententzia bera da biktimak jasotzen duen erreparazio bakarra. Baina ez dago sententziarik horraino heldu izanagatik barkamena eskatzen duenik». Serraren esanetan, sententzietan «etikoki» landu behar da biktimaren duintasuna, epaia haren aldekoa izatea ez delako nahikoa.
Hala ere, uste du erreparaziorako lanketa komunitatean bertan ere egin behar dela, biktimak gizartearen aitortza ere jaso dezan, ez epaitegiena soilik.
«Nekropolitika»
Urrats horietan guztietan aparteko zailtasunak dituzte emakume migratzaileek. Etxeko lanetan eta zaintzan ari diren andre migratzaileen egoeraz mintzatu da Rugamas: «Gu bizitzaren eusleak gara, bai hemen bai itsasoaren beste aldean». Alegia, Euskal Herrian, zaintza arloan egiten duten lanagatik, eta jatorrizko herrialdean, senideei eusteko dirua bidaliz egiten duten ekarpenagatik.
Indarkeria pairatzeko egoera zaurgarrian daude emakume horietako ugari. Lantoki duten etxean bizi diren andreez ohartarazi du Rugamasek: esparru horretan aritzen diren emakume ia guztiak egoera irregularrean daude, eta asko erasotzaileekin bizi dira gau eta egun, «inolako kontrolik ez duen eremu pribatu batean».
Estatuek joera hori bultzatzen dutela salatu du Serrak: «nekropolitika» deitoratu du. Gogora ekarri du, adibidez, Espainiako Estatuak hiru urteko epea eskatzen diela paperik ez duten migratzaileei, eta tarte horretan egoera irregularrean egoten direla; areago, ohartarazi du epe horiek luzatu egiten dituztela. Horrek aparteko babesgabetasuna ekartzen die paperik gabe dauden emakumeei, eta indarkeria jasateko arrisku handiagoa. «Esklabotza» hori kentzearen aldeko aldarria egin du Varelak, eta Rugamasek «abolizioa» eskatu du.
Biktimak osatzeko bideen bila
Sexu indarkeriaren biktimen erreparazioa aztertu dute EHUren udako ikastaroetan, Emakundek antolatuta. Lehen pausoa argi dute: biktimak uler dezala biktima dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu