Julia Hernandez. Arartekoaren ondokoa

«Biktima izateaz gain, ama hori erasotzailearen jagole ere bada»

Genero indarkeriatik bereizten du guraosen aurkakoa Hernandezek, seme-alabek ez diotelako biktimari baliorik kendu nahi.

Ibai Maruri Bilbao.
Barakaldo
2011ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Clara Campoamor elkarteak antolatuta, genero indarkeriaren inguruko jardunaldiak egin dituzte egunotan Barakaldon (Bizkaia). Arartekoaren ondoko Julia Hernandezek indarkeria mota horrekin estu lotuta dagoen beste bat aztertu du: seme-alabek gurasoen aurka egiten dutena; batez ere amaren aurka. Azken urteetan kasu gehiago ikusten hasi garela dio, nahiz eta kontu zaharra izan. EAEn, adibidez, %9 egin dute gora salaketek.

Emakumeen aurkako indarkeria eta seme-alabek gurasoen aurka egiten dutena bereizi nahi izan dituzu. Baina antzekotasun asko dute, ala?

Genero indarkeria egon daiteke emakumezko baten aurka, adingabe batek egina. Askotan, amaren aurkakoa izan daiteke. Kasu horretan, uler dezakegu genero indarkeria ere badela. Esan daiteke emakume izateak ere eragina baduela, gizarteak emakumeen aurkako indarkeria transmititu duelako. Baina baditu ezberdintasunak, batez ere helburuei dagokienez. Adingabeek erraminta moduan erabiltzen dute, paga handitzeko, txangoan joateko baimena lortzeko... Genero indarkerian, ordea, beste pertsonari balioa kendu nahi izaten zaio.

Normalean amaren aurkako indarkeria izaten da, ala?

Bai, ez da ohikoena aitaren aurkakoa izatea. Baina, hein handi batean, arrazoi praktiko batengatik: seme-alabek harremana amarekin dute batez ere. Aita gutxiago ikusten dute, eta aitak ez ditu eguneroko erabakiak hartzen. Egia da, hala ere, esan bezala, errazagoa dela emakumearen aurka oldartzea. Normalean irainekin hasten dira, eta nahi den emaitza lortzen ez dutenean erabiltzen da indar fisikoa. Aitaren aurka, amaren alde agertzen denean erabiltzen da indarkeria.

Argi utzi nahi izan duzu zure ustez ez dela familia barruko arazoa, nahiz eta gizarteak hala balitz bezala ulertzen eta jokatzen duen.

Genero indarkeriarekin gertatu zen bezala, gizarteak onartuko du hau ere denon arazoa dela. Jarrera hauek ez dira familiaren ondorio bakarrik; gizarteak hedatzen dituen balioek ere eragin zuzena dute. Eta, hori hala izanik, pribatutik publikorako jauzia egin behar da. Poliki-poliki gizartea erantzuten hasi da, eta gurasoei horrek asko laguntzen die.

Hortaz, erantzukizuna gurasoena ez ezik, gizartearena ere bada.

Inor ez da kapsula batean bizi. Umeak eskolara doaz, lagunekin jolasten dira, kirola egiten dute, telebista ikusten dute... Telebista hezitzaile garrantzitsua da. Nire garaiko telebistak zabaltzen zuen balio sistema eta gaur egun arratsaldeko bostetan telebistan ikus daitekeena ez dira igualak. Orain, arrakasta erraza, indarkeria eta halakoak ikusten dira umeen ordutegietan. Hori horrela dela, ezinezkoa da gazteek bestelako erantzunik agertzea arazoen inguruan. Egia da, hala ere, oro har, gazte hauek badutela indarkeriarako berezko joera bat.

Laguntza lortzeko ezinbestekoa da salaketa jartzea?

Ez da zertan zigor arloko salaketa jarri. Muturreko egoera bada, eta gurasoek ezin badute gazte horren zaintzarekin jarraitu, foru aldundietako gizarte zerbitzuetara jo dezakete, eta zaintza haiek har dezatela eskatu. Zaintza hori aldi baterako izango da, eta, azkenean, gaztea gurasoekin itzuliko da. Epaileak zigorra ezartzeko, hala ere, salaketa jarri behar da zigor zuzenbideari dagokion epaitegian.

Zaila izango da semea edo alaba epaitegietan salatzea.

Eta gogorra. Erasotzailea irainduta sentitzeaz gain, biktima bera ere errudun sentitzen da uste duelako ez dela gai izan semea edo alaba behar bezala hezteko, eta salaketa jarriz gero gizartearen aurrean onartzen duela iruditzen zaio. Nola aitortuko duzu semeak edo alabak jipoitu egin zaituela? Umiliagarria da.

Eta geroko harremana are gehiago gaiztotuko du, ala?

Bai, eta indarkeria gogortzea ere ekar dezake. Gainera, gainontzeko erasoen kasuan harremana apur daiteke indarkeriaren ondorioz, baina seme-alaben eta gurasoen arteko harremana betiko da. Senarra salatuz gero, oso gogorra izan arren, eta menpekotasuna izan arren, posible da harreman hori haustea. Semea edo alaba beti izango duzu seme edo alaba. Eta salaketa hori erasotzaileak txarto hartzekotan, betirako kontua izango da.

Askotan, gainera, salaketa jarri arren semeak edo alabak etxean jarraituko du, ala?

Bai, eta gurasoek seme edo alaba horren zaintza izango dute, lehen bezala. Kasu berezia da indarkeria mota honena. Biktima izateaz gain, erasotzailearen zaintzaile ere badelako ama hori.

Familion egoera normaldu daiteke?

Batzuetan bai, eta besteetan ez. Umeek ez dute egun batetik bestera erasotzen. Ikusten dira 8 eta 9 urteko umeen artean oso jarrera despotikoa dutenak. Ez da bat-bateko kontua izan. Garaiz hartuz gero, konpon daiteke. Halere, ni sinetsita nago umeak salbagarriak direla. Baina lan egin behar da haiekin.

Administrazioak arazoari ematen dion erantzuna ona da?

Nik uste asko hobetu daitekeela. Gainera, egoera berria da, eta irudimena erabilita asko egin daiteke. Ditugun baliabideak ondo egokituta, asko egin daiteke. Koordinazioa ezinbestekoa da. Hezkuntza Sailak, Osasun Sailak, epaitegiek, diputazioek... elkarlanean jardun behar dute. Eta, gainera, horrek dirua aurrezteko aukera ematen digu.

Nola saihestu daiteke?

Begiak zabal-zabalik ditugula. Arestian esan bezala, eraso hauek ez dira egun batetik bestera agertzen. Aurreneko indarkeria zantzua agertzen denerako, tentuz jarri behar dugu. Seme-alabei hazten lagundu behar diegu. Ez dio inporta zenbat ordu pasatzen ditugun eurekin, ordu horien kalitateak balio du.

Etxean helduen artean indarkeria ikusteak horretara bultzatzen ditu?

Jarrera eredu bat erakusten diezu seme-alabei. Etxean indarkeria erabiltzen dutela ikusten baduzu, zuk ere indarkeria erabilita konpondu nahi izango dituzu sortzen zaizkizun arazoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.