Josu Ibargutxi. Frankismoaren krimenen aurkako plataformako kidea

«Biktima guztiek merezi dute duintasuna, baita hilobietan daudenek ere»

edurne begiristain
Gasteiz
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Haserre eta minduta daude elkarte memorialistak Gasteizko Biktimen Oroimenezko Zentroak kanpoan utzi dituelako frankismoaren biktimak. Josu Ibargutxik (Eibar, Gipuzkoa, 1949) salatu du «erabat baztertzailea» dela egitasmoa.

Gasteizen irekiko den Biktimen Oroimenezkoarekin oso kritikoak zarete. Zergatik?

Erabat baztertzailea delako. Izatez, 2011n onartutako Terrorismoaren Biktimen Legea da baztertzailea. Memoria Historikoaren lege txepel batetik lau urtera onartu zuten Terrorismoaren Biktimen Legea. Pisuzko lege bat da. Guk nahiago genuke lege hori frankismoaren terrorismoaren biktimen aldekoa izatea, baina ez, lege horrek argi uzten du terrorismo bakarra ETArena izan dela. Eta lege horretatik dator Biktimen Oroimenezko Zentro bat eraikitzeko asmoa. Non eta Euskal Herrian. Hori ez da kasualitatea.

Frankismoaren biktimak alboratuta sentitu zarete, beraz.

Bai, noski. Guk ez dugu ukatzen ETAk biktimak eragin ez dituenik, baina ez dugu bat egiten talde horren indarkerian soilik jartzea foku guztia, hemen bestelako indarkeriak gertatu izan ez balira bezala. Iraingarria da ETAren biktimei sekulako oroimenezko zentroa eskaintzea, fisikoki ere eraikin erraldoi eta itxuroso bat dena, eta, aldiz, frankismoaren biktimentzat inolako zentrorik eta legerik ez egotea. Eta are iraingarriagoa da gune hori Euskal Herrian jartzea, non eta frankismoak bonbardaketa izugarriak egin zituen eta milaka lagun erail zituen herrian. Horientzat ez dago inongo memoriarik.

Gasteizko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diezue patronatua uzteko. Zer iritzi duzu euskal erakundeen jarreraz?

Ez dira batere koherenteak. Ez da zilegia trantsizioan egindako paktu tamalgarri batzuengatik orain frankismoaren biktimekiko jarrera koldarra izatea, eta, aldiz, estatuak inposatutako lege batzuk direla medio ETAren biktimekiko politikei men egitea inolako protestarik gabe. Eraikiko al dute oroimenezko bat frankismoaren biktimen alde? Zergatik ez dute egiten? Ulertzen dugu euskal erakundeak egungo estatuaren estrukturaren menpeko direla, eta zaila dela hortik irtetea, baina uste dugu indar handiagoz egin beharko luketela frankismoaren biktimen alde.

Bi proposamen zehatz egin dizkiezue euskal erakundeei.

Alde batetik, Arabako Diputazioari eta Gasteizko Udalari eskatu diegu frankismoaren biktimen aldeko kereila kriminalak abiatzeko. Eta, bestetik, Gasteizko Oroimenezkoari dagokionez, uste dugu euskal erakundeak instituzio demokratikoak baldin badira, giza eskubide guztiak eta biktima guztiak hartuko dituen gune bat sustatu beharko luketela. Gasteizen badugu San Frantzisko eliza, Zaramaga auzoan, 1976ko martxoaren 3ko gertakariekin lotutako toki adierazgarria, eta hor egitea proposatu genien duela bi urte. Orduko hartan, Gasteizko Udalak 35.000 euroko diru sail bat gorde zuen horretarako, baina ez zuen ezer gehiago egin. Uste dugu ideia horri jarraipena eman behar diotela,

Hori da bidea memoria barneratzaile bat lortzeko?

Jakina. Memoria inklusiboa behar dugu eta ez baztertzailea. Biktima guztiek merezi dute duintasuna, eta baita hilobietan dauden milaka lagunek ere.

Zein erantzun eman dizuete udalak eta aldundiak?

Kereilak martxan jartzeko asmoa dute, eta pausoak eman nahi dituzte Zaramagako gunea eraikitzeko. Guk epe zehatzak eskatu dizkiegu, garaia delako urratsak egiteko, eta ezin delako ideia hori airean utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.