Euskal Herriko 50 herritan baino gehiagotan antolatu ditu ekitaldiak Sortuk gaur, Gudari Egunez, eta gogora ekarri dute Txikiren eta Otaegiren fusilamenduen 49. urteurrena. Alderdi abertzalearentzat, «inoiz baino indartsuago» dago proiektu politikoa, nahiz eta Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegiren «fusilamenduekin akabatu nahi izan zuten».
Irailaren 27a «egun berezia da ezker abertzalearentzat», Sortuk helarazi duenez. Egun horretan, 1975ean, frankismoaren hondarretan, erregimen hark Txiki eta Otaegi fusilatu zituen. Gaur, 49 urteren ostean, Sortuk ekitaldi ugari egin ditu gertakari hura oroitzeko, eta, alderdi abertzaleak esan duenez, «mobilizazioetan bildutako ehunka lagunek independentziaren alde lanean jarraitzeko engaiamendua berretsi dute».
Bide horretan, «erronka nagusiak» zein diren zerrendatu dituzte: «preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko lanean segitzea; joera erreakzionarioei aurre egitea; eta aldaketaren aldeko haizea hauspotzen segitzea». Hori guztia, «bizitzak erdigunean» jarrita egin nahiko luke Sortuk, «Euskal Herri askerako bidean» aurrera egin nahi du, «nazio bulkada eta bulkada soziala hauspotuz, herrigintzatik balioen eraldaketa bultzatuz, eta ezker independentismoa indartuz».
Irrintzi bat dabil leloaren bueltan gogoratu du Sortuk aurten irailaren 27a, Telesforo Monzonek idatzitako Batasuna kantuari tiraka, Taxio Ardanaz artistak sortutako kartelarekin. Lelo horrekin berarekin egingo du nazio ekitaldia ere, etzi, irailaren 29an, Azpeitiko Soreasu antzokian (12:30). «Ehunka lagun bilduko dira bertan, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurren seinalatua betetzeko urtebeteren faltan».
EH Bildu, Zarauzko hilerrian
Zarauzko hilerrian (Gipuzkoan), Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegiren senide eta lagunek horiek omentzeko ekitaldia egin dute —Azpeitiko Nuarben ere bai—, eta ekitaldi horretan izan da Haimar Altuna, Sortuko kidea. Hark adierazi du «gatazka politikoak hor jarraitzen» duela, «konponbide demokratiko baten zain». Eta erantsi du horretarako Espainiak eta Frantziak Euskal Herriaren «nazio izaera» aitortu behar dutela, «baita autodeterminazio eskubidea ere». Halaber, nabarmendu du bizikidetza eraikitzeko «ezinbestekoa» dela egia eta memoria «osoa» lantzea, «eta biktima eta min guztiak» aitortzea.
Era berean, Zarautzen izan da EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua. Madrili eskatu dio biak biktima gisa aitortzeko urratsak egiteko. Aizpuruak azaldu duenez, Txiki eta Otaegi «euskal herritarren ikur bat» dira: «borroka antifrankistarena». Eta hala aitortzea defendatu du. Espainiako Gobernuak aste honetan jakinarazi dio koalizioari Euskal Herrian oraindik ere presente zeuden aztarna frankistak kendu dituztela, baina gehitu du urratsak egiten segitu behar dela: «Hori ondo dago, egin beharreko zerbait zen, baina bada garaia ere Txiki eta Otaegi eta haiek bezalakoak ofizialki errekonozituak izateko».
Txiki eta Otaegi ETAko kideak gerra kontseilu batean epaitu zituzten, eta heriotza zigorra ezarri. 1975eko irailaren 27an fusilatu zituen erregimen frankistak, FRAPeko militante Jose Luis Sanchez, Ramon Garcia eta Humberto Baenarekin batera. Bost lagun horiek izan ziren Frankismoak exekutatutako azkenak.
Jardun antolakunde iraultzaileak ere ekitaldi politikoa egin du, Gudari Egunaren harira, Arrigorriagako (Bizkaia) Lehendakari Agirre plazan. «Ez dira ilunetan eroriko» lelopean aritu dira, eta Euskal Herriaren alde lanean segitzeko deia egin dute.
EHKSk ere gogora ekarri ditu Frankismoak fusilatutako azken borrokalariak. «Militante iraultzaile askoren saiakera eta borroka-esperientzia guztiak abiapuntu izan dira ondorengo belaunaldien borrokarentzat, baita Euskal Herrian ere. Gaur militante horien lanaren aitortza egiten dugu».