«Biktima faltsuak» ez dituela onartuko ohartarazi du Lopezek

Biktimen arteko parekatzerik ez duela nahi garbi utzi du Lopezek, eta justifikaziorik ere ez

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Indarkeria terroristagatik sufritu duten pertsona guztiak» izan ditu gogoan Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek, Ajuria Enean egindako ekitaldian. «ETAren terrorismoaren biktimak» izan zituen gogoan aurrena; «hura izan delako euskal gizarteari modu iraunkor eta orokorrenean eraso egin diona». GALen, Batallon Vasco Españolen «eta beste talde terroristen» biktimak ere gogoan izan zituen. Eta azkenik, estatuko funtzionarioen aldetik «eskubide urraketak» jasandakoak izan zituen gogoan. Azken horiei dagokienez, garbi utzi zuen ez duela «parekatzerik» egin nahi, ez «ardurak desegiterik», ezta «justifikazio onartezinik ontzat ematerik» ere.

Hori guztia esan ostean, «biktima faltsuak» onartzeko batere asmorik ez duela ere azpimarratu zuen Lopezek. Honela azaldu zuen: «Indarkeriaren bidea inoiz hartuko ez luketen arren hil dituztenak dira biktimak. Hiltzen saiatuz hil dena ez da biktima bat, hiltzaile frustratu bat da».

«Pasatutako indarkeria» justifikatzeko saio oro salatuko duela ohartarazi zuen Lopezek. «Hiltzaileak absolbitzeko asmoz historia berridazteko edozein asmok egia defendatzen duen dike bat topatuko du gugan: inor ez da terrorista jaiotzen, terroristek beraien borondatez erabaki dute indarkeria erabiltzea».

Alderdi guztiekin agiri instituzionala adosten saiatu zen aurreko egunetan Lopez, baina ez zuen halakorik lortu. Jaurlaritzak bakarrik egin zuen ekitaldia Ajuria Eneko zelaietan. Ekitaldiaren ostean, zuhaitz bat landatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.