Jardunaldiak, sari emateak, hitzaldiak, elkarrizketak, elkarretaratzeak, aurkezpenak, liburuak, ikus- entzunekoak... Jarduera handia du Covite ETAren biktimen elkarteak. Eta telefono gorriak ere baditu: Espainiako eta Frantziako gobernuetako zenbakiak. Deitu, etahitzordua jarri, euskal presoei buruzko politikaz mintzatzeko. Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak dio ez dizkietela Parisi eta Madrili «baldintzak» ipini nahi, baina plazaratu nahi dituztela «exijentziak». Hitz bat edo bestea erabili, bi gobernuen kartzela politikan eragiten ari dira. Helene Davo Frantziako Justizia Ministerioko kabineteko arduradunak aitortu berri du Coviteren eta harremana duen beste biktima elkarteen iritzia «oso garrantzitsua» dela Parisentzat. Azkeneko urtebetean, gutxienez hiru aldiz bildu dira Ordoñez eta Davo. Covitekoak are eskurago dauka Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa. «Enpatia, maitasun eta errespetu handia diogu elkarri», zioen Ordoñezek iazko uztailean BERRIAn, eta estimu handitan dauka epaile eta ministroa: «Oso garai zailetan egon gara, eta gauza asko erakutsi dizkit, maila askotarikoak. Adibidez, PPk Parot doktrina indargabetu zuenean, mantentzearen alde azaldu zen bera». ETA desegin berritan PSOEren gobernuak bestelako espetxe politika bat agindu zuela eta, Ordoñezek esan izan du «azkar» ikusi zutela «oso aktibo» jardun beharra zeukatela, «eragiten saiatzeko aukera zelako». Lortu dutela uste du.
Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin mahai bat eratu ondotik, Frantziako Justizia Ministerioak iazko urtarrilaren 13an jakinarazi zuen euskal presoak gerturatzen hasiko zela Euskal Herri ingurura —Mont-de-Marsanera eta Lannemezanera (Okzitania)—, eta Ordoñezek handik hamar egunera egin zuen lehen bilera Davorekin, Parisen. «Oso kezkatuta» joan zen batzarrera, Covitekoak azaldu zuenez, baina «lasai» eta «kontent» atera zen. «Zer zortea duten frantziarrek gobernu honek ideiak hain argi izateagatik». Ez zeukan iritzi bera udan, Davoren taldea hitza betetzen ez zela ari iritzita, eta abuztuaren erdian gutun bat bidali zion hari. Ordurako Frantziak hogei preso hurbilduak zituen, eta Coviteko presidenteak Davori leporatu zion tartean zeudela odol delituekin zerikusi «zuzena» dutenak eta Espainiako Estatuan kasuak irekiak dituztenak, eta ez zela hori agindu ziona urtarrileko bileran. «Nolabait, traizio egin digutela sentitzen dugu biktimok». Bilera eskatu zion Davori, eta eman zion: irailaren 11rako. Gustura atera zen handik ere Ordoñez, egun gutxira hainbat egunkaritan argitaratu zuen eskutitzean igar zitekeenez: Frantziaren ispilua izan zen izenburua; lekualdatzeetan, «[ETAren] Biktimekiko begirunea izatea lehentasuna da harentzat».
Abenduaren 14an Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak adierazi zuen Parisek, momentuz bederen, uko egin diola Garikoitz Azpiazu, Aitzol Iriondo eta Mikel Karrera gerturatzeari. Afera horrekin lotu nahian bezala, Ordoñezek iraileko gutunean idatzi zuen Parisek ETAko zuzendaritza militarra ez hurbiltzeko hautua egina duela.
Datuak mintzo
Covitek publikoki argi esan du ez duela nahi Euskal Herriratzerik, eta uste du urruntzea, «legezkoa» izateaz gain, ez dela «ETAko presoen» aurkako «salbuespen» politika, «gure herrialdeko presoen %25 euren erkidegoetatik kanpo ari direlako zigorrak betetzen». Ez da halakorik gertatzen euskal presoekin: gaur-gaurkoz, 217 daude Espainiako Estatuan, eta haietatik 11 baizik ez dauzkate Hego Euskal Herrian; hots, %95, Hegoaldetik kanpo. Irizpide desberdinen isla.
Halaber, Ordoñezek aipatu du «legea betez gero» ez direla Euskal Herriratzeen eta gerturatzeen aurka agertuko. Coviteren exijentzia: euskal presoek «ETA arbuiatzea», eta hori da, haren ustez, «euren iragan kriminalaren damua» azaltzea. Ordoñez: «Hori [arbuioa] eskatu eta bi egunera, Kongresuan eginiko adierazpenetan, hitz bera erabili zuen Grande-Marlaskak. Ni izan naiz kasu honetan hitz hori erabiltzen lehena». Aitortu du legeak ez duela baldintzarik ezartzen hurbiltzeko-eta—aldiz, hirugarren gradura pasatzeko eta onurak erdiesteko eskatzen da arbuioa—, baina erantzun izan du «erabaki politiko bat»dela gerturatzea, «eta gobernuei dagokie, nahi badute, baldintzak jartzea». Lehengo astean Angel Luis Ortiz EspainiakoEspetxeetako Instituzioetako idazkari nagusiak jakinarazi zuen hurbilketetarako kontuan hartzen ari direla, besteak beste, indarkeriaren arbuioa.
Preso eriekin ere sartu da Covite, batik bat PSOEren gobernuak gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenekiko PPren instrukzioa indargabetu eta pixka malguago bat ezarri ostean. Jaiki Hadi mediku elkarteak aurreko astean eguneratu zuen datua: 21 dira osasun egoera horretan daudenak. Manuel Lezertua EAEko arartekoak ere eskatu du preso erien askatasuna, eta Covitek gutun bat igorri dio, eskatuz ez dezala bere egin «ezker abertzalearen propaganda». Biktimen elkartearen ustez, euskal preso eriek ere ezin dute «mesedezko traturik» jaso, eta, gainera, Zigor Kodearen eskariz, gaixotasun sendaezinak dituztenek —ez hilzorian leudekeenek— damua agertu behar dute. «Orain arte, 'gaixotasun larri eta sendaezinengatik' kaleratutako etakide guztiek gainditu dute kartzelatik irtetean iragarritako bizi itxaropena. Zalantzarik gabe, beste presoekiko mesedezko tratua jaso zuten». Hildako zortzi preso ohiren zerrenda eman du Covitek. Aldiz, isilik da, adibidez, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohiaren kasuaz: 2000n 71 urteko kartzela zigorra jaso zuen GAL auziagatik, eta, gaixotasun fisiko eta mentala zuela ebatzita, Barne Ministerioak libre utzi zuen 2004an. Oraindik bizi da Galindo, eta, ETB2ko programa batean ikusi berri denez, paseoan dabil.
Lezertuak, gainera, salatu du Eduardo Zaplana PPren gobernuko ministroaren eta euskal preso erien arteko bereizketa egiten dutela estatuko sektore askok. Covitek dio bi kasuak ezin direla alderatu, Zaplanaren gaixotasunalarriagoa delakoan —leuzemia dauka—. «Euskal presorik ez dago hiltzeko zorian», dio elkarteak, eta eskatu du «ETAko presoak» izan beharko liratekeela gaixoen instrukzio berria baliatzen azkenak. Beste alderaketarik bilatzen hasita, badago bat, Zaplanaren aldekoa: ustelkeria egotzita, iazko maiatzean sartu zuten preso, bera bizi den erkidegoan —Picassent kartzelan, Valentzian—, eta eridiren 21 euskal presoetatik hiru baino ez dituzte Euskal Herrian.
Legea betetzeaz
Legedia betetzeaz jarduten du Covitek, baina EAEko Estatutua lege organiko bat da, 1979an onartua erreferendumean, han jasota dago espetxe eskumena, Madrilek ez du igorri oraindik, eta ez emateko erregutuz dabil Covite. «Erabat aurka gaude». Ez da fio EAJz. «ETAren kartzeleroak ez izateko, abertzaleek ez dute nahi izan espetxe eskumena, eta, orain nahi badute, kartzeletako ateak irekitzeko da». Grande-Marlaskak lasaituko zuen elkartea, apika, esan baitu gaia ez dagoela uneotan agendan.
«Amnistiaren» beldur ere ba omen da Covite. Esajeratu egiten du, nahita, hain segur. Egunotan adierazi du horren bila doazela Sortu eta euskal gizartea. Sortuk txosten batean presoen kaleratzeetarako «premiazko» kasuak aipatu ditu —eriak, 70 urtetik gorakoak eta hiru laurdenak beteak dituztenak—, amnistiarik aitatzeke. Ordea, «ezker abertzalea, beti bezala, etakideen amnistia eskatzen», idatzi du txio batean Covitek. Zigor legedia eta espetxeetako araudia betetzeko eskatu du Sortuk txostenean. Jon Olarra Guridi EPPK-ko mintzaideak elkarrizketa batean azaldu berri du ezker abertzaleak sekula ez diola amnistiari uko egin, baina ez dela Madrilekin aldebiko akordiorik egon eta egongo, eta «arduragabekeria» dela presoen kaleratzea amnistiaren bidez lortuko dela zabaltzea. Halaber, Covitek esan du Bilboko larunbateko Orain Presoak manifestazioa amnistia eskatzeko izan zela. Martxaren eskaeretan ez dago halakorik; «salbuespen» legedia amaitzeko galdegin zuten.
Ordoñezek gogoratu duen bezala, amnistia ez dago Espainiako ordenamendu juridikoan. Gobernuak indultua eman ahal du; kasurako, PPrenak partziala eman zien Rafael Verari eta Jose Barrionuevori 1998an, GAL auziagatik Gorenaren hamar urteko zigorretik kartzelan hiru hilabete zeramatzatenean. Hilabete bat zen Covite sortu zela; protestarik ez.
Gehiago: 2014an, Auzitegi Nazionalak, Frantziako kartzelaldi urteak batuta, Santiago Arrozpide eta Alberto Plazaola libre utzi ostean, Covitek aste batzuetara, Gorenak irizpidea aldatu zuelarik, haien badaezpadako atxiloketaeskatu zuen. Atzeman zituzten. Iazko urrian, berriz, Giza Eskubideen Europako Auzitegia zigor batzeaz epaia ematear zegoelarik, Covitek PSOEren gobernuari eskatu zion diplomazia erabil zezala sententzia euskal presoen aurkakoa izan zedin. Halakoa izan zen, eta gobernuak 7/2014 legea ez du erreformatuko. Gehiago: ETAren argitu gabeko atentatuak argitzeko lanean ere ari da biktimen elkarte hori. Presioa sartzen beti.
Garaile eta garaituak
Garaile eta garaituen eskema nahi du. Ordoñez: «Kontakizunaren batailan biktimak eta demokratak izan behar dugu garaileak, eta, terroristak eta haiek justifikatzen dituztenak, garaituak». Ez da «batere baikor» euskal gizarteaz, «irakurtzeke pasatu nahi baitu orria. Konplizitatea egon da. ETA 50 urtean egon bada, gizarte honi esker izan da». Jaurlaritzaren Herenegun programa deitoratu du, ETAri zilegitasuna kentzen ez diolakoan. EAEko Memoria Eguna ere baztertu du, ETA «zuritzen» duela jota.
GALen, BVEren edota «eskuin muturraren» hilketa batzuk gogoratuz, Terrorismo guztiak gaitzesten ditugu dio Ordoñezek Twitterreko traol batean (#CondenamosTodosLosTerrorismos). Beste traola batean, «[hildakoa] etakide bat denean ere»: terrorismoaren aurka terrorismorik ez (#Noalterrorismocontraelterrorismo). «Ez gara haiek bezalakoak». Hasi arakatzen, eta Ordoñezen halako hamabi aipamen soilik daude, eta Coviteren bakarra.
Biktima, eta presio talde
PSOEren gobernuak bestelako kartzela politika bat agintzean, Covitek «oso aktibo» jardutea erabaki zuen, «eragiten saiatzeko». Lortu dutela uste du Consuelo Ordoñezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu