Uztailaren 7a gorriz markatua dago Iruñeko egutegian. Eta ez bakarrik San Fermin eguna delako. Indarkeria matxistari lotuta ere badago. Eta ez bakarrik 2016an bost gizonek andre bat bortxatu zutelako. Aurtengo uztailaren 7an hamar urte beteko dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenetik. «Espainiako Estatuko gizarteak bikote barruko genero indarkeriaren kontzientzia hartu zuen Ana Orantesek senar ohiarekin sufritutakoa telebistan kontatu zuenean, eta ondoren senar ohiak hil egin zuenean. Nagore Laffageren hilketarekin, jabetu zen bikote harremanetatik kanpo ere badagoela indarkeria matxista». June Fernandez kazetari eta militante feministak uste du Laffageren hilketa mugarria izan zela: jai giroan gertatzen den indarkeria sexista ipini zuen mahai gainean. «Urteak pasatutakoan, hedabideek ere bat egin dute indarkeria hori salatzeko orduan».
Baina duela hamar urte bestelakoa izan zen egoera. Orduan ikusi, irakurri eta entzundakoak gogoratu ditu Fernandezek: «Lehen ordu eta egunetan jakin genuen emakume baten gorpua agertu zela, eta kazetariek genero indarkeriatzat jo zuten. Baina, jakin zenean Laffageren eta Yllanesen artean ez zegoela bikote harremanik, utzi egin zioten genero indarkeria deitzeari». Justiziak kasuari emandako tratamenduan ere eragina izan zuen bien artean harremanik ez egoteak. «Agerian geratu ziren 2004ko Espainiako Genero Indarkeriaren Kontrako Legearen mugak. Laffagerena eta antzeko kasuak kanpoan geratzen dira».
Fernandezek uste du, gainera, hedabideen jarrerak okerrera egin zuela denbora pasatu ahala. Gogor gaitzetsi ditu Yllanes barik Laffage epaitu zuten kazetariak. «Telebistan sarri entzuten zen, eta kalean ere bai, jendea galdetuz ea Laffage zergatik igo zen Yllanesen etxera. Etxera igotzea onartzen bada hortik aurrera emakumearekin nahi dena egin daitekeela dago barneratuta. Oraindik ez da ulertzen adostutakoa ere eraso bihur daitekeela edozein unetan».
Funtsean, Laffageren hilketa ez zen kokatu zegokion testuinguruan. Hala salatu du Maria Naredo abokatu eta militante feministak. «Genero ikuspuntua falta izan zitzaion justiziari. Ez zuten feminizidioaren barruan sartu. Eta horrek eragin zuzena izan zuen egotzi zioten delituan eta zigorrean». Fiskalak eta Laffageren familiaren abokatuak hogei urteko espetxealdia eskatu zuten Yllanesentzat, hilketa delitu batengatik. Baina herri epaimahaiak ebatzi zuen hilketa barik homizidioa zela, eta epaileek hamabi urte eta erdiko zigorra ipini zioten. Gaur egun, aske dago baldintzapean.
Naredoren ustez, kasu hark irakaspen asko utzi zituen, baina epaileek «ez dute ezer ikasi»: «Patriarkatuaren kulturaren eraginpean jarraitzen du gizarteak; baita justiziak ere. Eta horren parte da bortxaketen kultura». Salatu du epaimahaiei ez zaiela eskatzen genero gaiei lotutako prestakuntza jasotzea. «Genero indarkerian berezitutako auzitegietan baino ez da aldatu hori, eta ez behar beste. Pentsa zein izango den egoera bestelako epaitegietan; adibidez, Laffageren hilketa epaitu zuen zigor arloko auzitegian». Izan ere, genero indarkeriaren kontrako auzitegi berezituek bikote barruko indarkeria baino ez dute epaitzen gaur egun. Genero Indarkeriaren Aurkako Espainiako Estatu Itunak badu hori aldatzeko asmoa. «Indarkeria sexuala, bikotetik kanpoko indarkeria matxista, feminizidioa, prostituten hilketak... Horiek guztiak inolako prestakuntzarik izan ez duten auzitegi arruntek epaitzen dituzte».
Itxaropenik badu Naredok, hala ere. Uste du 2016ko sanferminetako talde bortxaketa bigarren mugarria izango dela. «Auzia eskandalagarria izan da. Epaiak gizarte osoa aztoratu zuen, eta behin-behinean aske utzi izanak sumindura areagotu du». Halako epaiak beti egon direla esan du, baina orain arte gutxiengoa zirela aurka egiten zutenak. «Orain dena aldatu da. Justizia patriarkala beti egon da, baina orain haren gainean ipini da fokua, eta ez gaude prest horrelako gehiago onartzeko».
Fernandezek uste du nazioartean egon den giroak lagundu duela. Gogora ekarri ditu Latinoamerikan feminizidioa salatzeko egindako manifestazioak, udazkeneko Me too kanpaina. «Testuinguru horretan hasi zen Manadaren aurkako epaiketa. Eta Martxoaren 8ko greba historikotik hilabetera jakin genuen zein zen epaia. Nik uste dut emakumeok amorru asko dugula barruan, urteetako ezinak sortua. Orain arte irentsi egin dugu, baina azken urteetan hasiak gara hori adierazten; kalean eta elkarrekin. Eta ez dugu gehiago horrelakorik onartuko». Hala ere, ez du Iruñeko mugimendu feminista ahaztu gura izan. Hilketaren ondoren gizartearen jarrera aldatzeko egin duten lana aitortu die.
Haientzat ere —Iruñeko feministentzat— Laffageren hilketa mugarri izan zela aitortu du Zurine Altablek. «Orduan ez ginen ohartu. Baina, orain, atzera begiratu, eta konturatu gara ispiluaren aurrean jarri gintuela. Hasieran, beste hilketa matxistetan bezala erantzun genuen. Baina apurka ohartu ginen: zer gertatzen ari da jaietan? Hilketa matxista hark bazuen testuinguru bat: jai giroan gertatu zen».
2013ko txupinazoa
Egun haiek penaz gogoratzen ditu Altablek. Eta ez bakarrik hilketagatik. Uste du komunikabideek ez zutela ondo landu notizia. Salatu du erakunde publikoek ez zutela ezer egin. Eta iruditzen zaio gizarteak oso epel erantzun zuela orduan. «Ez naiz ausartzen datu bat ematera, baina oso gutxi egon ginen hilketa gaitzesteko egin ziren mobilizazioetan. Mugimendu feministan sartuta geundenak, eta gutxi gehiago».
Gaur egun egoera ezberdina dela uste du, azken bospasei urteetan egindako lana fruituak ematen hasi dela. Gora Iruñeak eta indarkeria sexistaren aurkako plataformak elkarlanean taxututako protokoloa goraipatu du. «Laffageren hilketa lurrikara bat izan zen mugimendu feministarentzat. Haren ondoren egindako lanketak gizartea mugiarazi du, eta lortu dugu erakunde publikoek jarrera aldatzea».
2013ko sanferminak azpimarratu ditu. Atzerriko hainbat hedabidetan ikusi zituzten txupinazoko eta haren osteko irudiak: gizonezkoak emakumezkoei bularrak ukitzen. «Europako komunikabideetan eztabaida sortu zen: 'Zer gertatzen da sanferminetan?'. Zerbait egin behar zutela ohartu ziren politikariak». 2016ko talde bortxaketaren epaiaren abaroan sortutako mobilizazio jendetsuek ere aldaketa gehiago ekarriko dituzten itxaropena du Altablek.
Indarkeria matxista
Bikotetik kanpo ere, matxismoa
Hamar urte beteko dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenetik sanferminetan. Mugarria izan zela uste du mugimendu feministak: indarkeria matxistaren definizioa zabaltzen lagundu zion gizarteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu