Bikote harremanak, gizarteko desoreken isla

Lau emaztek beren lanak eta gogoetak aurkeztu zizkieten atzo Baionako antzokia bete zutenei. Bikote harremanek gizartean duten lekuaz eztabaidatu zuten, Loverdose festibal feministaren barnean.

Baionako Loverdose festibaleko lehen mahai ingurua. GUILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Baiona
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Baionako antzokiko tokiak poliki-poliki betez zihoazen atzo goizean. Emazteak ziren tokiak hartzen zituzten gehienak. Denak Celine Bessiere, Mari Luz Esteban, Christelle Murhula eta Elisa Rojasen beha zeuden, esango zuten guztia adi-adi entzuteko xedez. Gaia: Bikotea sistema heteropatriarkalean:nola eta zerendako uztartzen dira menpekotasun harreman ezberdinak?. «Laurak feminismoaren pentsalariak zarete, emazteak gizartean duen lekuazgogoeta egiten duzue; ongi etorri», hasi zuen moderatzaileak.

Hizlari bakoitzak bere espezialitatetik heldu zion gaiari. Mari Luz Esteban antropologo eta EHUko irakasleak hartu zuen hitza lehenik, eta, sarrera orokorra egitea erabaki zuen. «Herentzia feministan» militanteak betidanik maitasunaz arduratu izana ikus daitekeela azaldu zuen. Hala ere, azken hamarkadetara arte maitasuna ez zen landu «ikergai» gisa, Estebanen arabera: «Maitasuna pentsaketen erdigunean jartzekoa zela iruditu zitzaigun, gure bizitzen erdigunean baitago». Gaur egungo sistema kapitalistari eusten dio maitasunak, Estebanen ustez. Horrez gain, maitasun harreman anitz ditugula oroitarazi zuen, baina gaur egun «hierarkizaraziak» zirela, «bikotekidearekiko maitasuna piramide gainean jarrita».

Elisa Rojas abokatuak hartu zuen segida, Paristik, bideokonferentzia bidez. Bere burua feminista gisa eta pertsona elbarrien eskubideen aldeko militante gisa definitu zuen. Hala, haren espezialitatea kapazitismoa zela azaldu zuen: «Kapazitismoak dio gizartea elbarritasunik gabeko jendeak pentsatua dela, inongo desgaitasunik ez dutenentzat; horrela, botere harreman bat sortzen da desgaitasunik gabekoen eta elbarrituen artean». Horiek horrela, elbarriek bikote harremanak izateko dituzten zailtasunak aipatu zituen: «aukeratu gabeko bakartasunean» daude asko, haren arabera. «Baina zenbateraino ez ote da gizartean onartua izateko soilik beharrezkoa ikusten bikote harreman bat izatea?».

Christelle Murhula kazetariak hartu zuen hitza ondoren. Haren liburua aurkezten hasi zen: «Konfinamendu garaian otu zitzaidan liburuaren gaia; prentsan ziren gai nagusietako bat zen nola salbatu nire bikote harremana; orduan, aztertu nahi izan nuen zergatik ematen diogun hainbesteko garrantzia gure gizartean». Murhularentzat garrantzitsua izan zen emazte guztiei zegokien liburu bat idaztea: «Ez dago emazte unibertsal bat; emazte klasearen barnean hainbat geruza sozial daude». Hain zuzen, azaldu zuenemazte beltza izanik jasaten duen «misoginia» ezberdina dela emazte zuri batek jasaten duenarekin konparatuz. «Frantzian, emazte zuria, elbarritasunik gabekoa, aski goiko klasekoa eta heterosexuala hartzen da emazte unibertsaltzat. Besteok ez dugu aukerarik bikote harremanak edukitzeko».

Celine Bessiere familiaren soziologo feministak segitu zuen. «Gure lana gizartea den bezala deskribatzea da; gure diagnostikoa da gizon eta emazteen artean oraindik berdintasunik eza dagoela ekonomiari dagokionez etxeetan berean». Datu batzuk aurkeztu zituen: batez beste, emazteek gizonek baino %25 gutxiago kobratzen dute gaur-gaurkoz Frantzian, eta bikote heterosexualetan dauden emazteek, berriz, bikotekideak baino %42 gutxiago irabazten dute. «Horrek erakusten du esfera pribatuan ere badela borroka politiko bat egiteko, emazteen gain gelditzen diren etxeko lanek justifikatzen baitute ezberdintasun hori».

Estebanek hasieran esandakoari erreparatu zion Bessierek, familia gizartearen parte zela adierazita, haren mendekotasun harreman guztiekin. «Beraz, ez dut lortzen imajinatzea bikote harremanak aldatu daitezkeela gizartea aldatu gabe». Murhulak eta Rojasek ere bat egin zuten ideia horrekin.

Loverdose festibala

Ostiralean hasi zen Baionako lehen festibal feminista. PAF elkarteak antolatu du, eta ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik maitasunaz eztabaidatzea du helburu. Bide horretan, arrakasta handia ukan zuten tailer eta hitzaldiak egin zituzten ostiralean eta atzo, emazte asko bilduta gai beraren inguruan luze eta ertz askotatik aritzeko. Gaur amaituko dute festibala, film proiekzioa batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.