Bikote bat atxilotu dute Barakaldon, emakume bat sexualki esplotatzea egotzita

69 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Ortuellan, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko urriaren 11
13:50
Entzun

Espainiako Poliziak bikote bat atxilotu du Barakaldon (Bizkaia), emakume bat sexualki esplotatzea eta legez kanpo atxikitzea leporatuta. Poliziak erran duenez, bi akusatuek biktima engainatu zuten, garbitzaile gisa kontratatuko zutela erranez. Eskaintzaren berri izatean, Madrildik Barakaldora joan zen emaztekia, eta han sexu lanak egitera behartu zuten, dokumentazio pertsonal guztia kendu eta gero.

Ikerketaren arabera, 21 egunez «bortxaz eta mehatxatuta» atxiki zuten biktima. Gertatzen ari zena jakitean, Polizia etxe hartara joan zen, eta bi akusatuak atxilotu zituen; 49 urte ditu batak, eta 25 besteak. Epailearen esku gelditu dira biak.

Horrez gain, 69 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Ortuellan (Bizkaia), emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emaztekia zaintza lanak egitera joan zen akusatuaren etxera. Handik egun batzuetara, akusatuak masajista zela erran zion biktimari, eta sexu erasoa egin zion masaje saio batean.

Biktima ertzain etxera joan zen salaketa jartzera, eta akusatua identifikatzea lortu zuen Ertzaintzak; ordea, akusatuak biktimari salaketarik ez jartzeko erran zion. Joan den astelehenean, baina, Ertzaintzak akusatuari eskatu zion ertzain etxera joateko, eta hala egin zuen. Bertan atxilotu zuten, sexu erasoa egitea leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.