COVID-19aren pandemiak goitik behera baldintzatu zuen iaz administrazioaren jarduera, bereziki osasun sistemarena, eta herritarren eskubideak erasanak izan ziren. Hain justu, COVID-19aren izurritea dela-eta hartutako neurrien ondorioz, joan den urtean areagotu egin ziren osasunarekin lotutako kexak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehazki, osasunarekin lotutako 348 kexa jaso zituen EAEko Arartekoak, 2020an jasotakoak halako bi.
Manuel Lezertua arartekoak Eusko Legebiltzarraren esku utzi zuen atzo iazko txostena. Horren arabera, joan den urtean %27 hazi ziren herritarren salaketak, eta horietatik erdiak gizarte eskubideekin lotuta egon ziren. Guztira, 12.491 ekinbide tramitatu zituen Arartekoak. Aurreko urteetako joerari jarraikiz, 2021ean ere Eusko Jaurlaritzaren kontra aurkeztu ziren kexen erdiak (%53); udalen jarduerei lotuta egon ziren %34, eta foru aldundien jardueraren aurkakoak izan ziren ia %9.
OSASUNA
Osasunarekin lotutako 348 kexa tramitatu zituen Arartekoak iaz, 2020an arlo horretan jasotakoakhalako bi. Arartekoak 2021ean tramitatutako salaketa guztien %14k izan zuten lotura osasunarekin. Txostenean adierazi dutenez, herritarrek egindako kexa eta kontsulta gehienak COVID-19aren pandemia dela-eta ezarritako betebeharrei eta murrizketei buruzkoak izan ziren. Besteak beste, hurrengo arrazoiengatik aurkeztu zituzten salaketak herritarrek: Osakidetzak kontsultak eta proba diagnostikoak atzeratzeagatik edota bertan behera uzteagatik, adingabeek hezkuntza eremuan maskara derrigorrez erabili behar izateagatik eta zenbait tokitan COVID pasaportea erakutsi behar izateagatik.
GIZARTERATZEA
Gizarte bazterkeriaren aurka jarduteko bitartekoekin lotutako kexek gora egin zuten iaz: Arartekoak 508 ekinbide tramitatu zituen, 2020an baino %2,2 gehiago.Kexa horietatik 267 emakumeek aurkeztu zituzten; 232, gizonek eta gainerako bederatziak, gizarte eragileek. Aurreko urteetan bezala, erreklamazio gehienak diru sarrerak bermatzeko kudeaketa publikoari lotuta egon ziren, bereziki Lanbiderekin. Tramitatutako hamar espedientetik bederatzik Lanbideren funtzionamendu txarrarekin zerikusia izan zuten; bideratutako kexa guztien %20,57 izan zen hori.
Datuok argi uzten dute iaz gizarte arazoak areagotu egin zirela, eta horren adierazle da kalean bizi diren pertsonen kexak eta etxegabetzeekin lotutako erreklamazioak nagusi izan zirela. Txostenean diote, halaber, seme-alabak zituzten emakume askok jo zutela instituziora «etxetik kaleratuko zituzten beldur zirelako».
HIZKUNTZA ESKUBIDEAK
Arartekoak urte osoan jaso zituen kexa guztien %1,46k hizkuntza eskubideekin lotura izan zuten. Salaketa ia guztiak zerbitzu publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea ez bermatzeagatik aurkeztu ziren. Hain justu ere, zenbait udalerritan udaltzainak euskaraz ez aritzeagatik eta Osakidetzan arreta euskaraz ez emateagatik aurkeztu ziren kexa gehienak.
HAUR ETA NERABEAK
Haur eta Nerabeen bulegoak 454 espediente bideratu zituen 2021ean, Arartekoan aurkeztutako kexa guztien %16,4. Umeen bizi baldintza materialekin lotutako arazoak erreklamazioen ia erdiak izan ziren (%47,4), eta hezkuntza sistemari buruzkoak, %28. Gainera, haur eta nerabeen osasun eskubidearekin lotutako kexa eta kontsulta asko tramitatu zituzten bulegoan: besteak beste, adingabeek maskara eskolan derrigor erabiltzeari buruzkoak eta COVID pasaportearekin lotutakoak.
Bikoiztu egin dira osasunari loturiko kexak
Herritarren kexak %27 ugaritu ziren iaz, EAEko Arartekoaren txostenaren arabera. Gizarte eskubideekin lotura dute salaketen erdiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu