Elikadura ohiturak apurka ere alda daitezke: astean behin aldatzea abiapuntu egokia izan daiteke. Hala proposatu dute Frantziako Ikerketa Zientifikoen Zentroak eta Agronomia Ikerketaren Institutuak, Lundi Vert (Astelehen Berdeak) izeneko dinamika martxan jartzean. Izenak dioen bezala, astelehenetan «dieta berdea» egiteko eskatu dute: egitasmoan parte hartzen dutenek ez dute ez haragirik eta ez arrainik jango astearen lehenengo egunean; hau da, dieta begetarianoa edo beganoa egin beharko dute. Urtarrilaren 7an ekin zioten aldaketari, eta 2019 osoan mantenduko dute egitasmoa.
Bijilia astelehenetara mugitzea proposatu dute, baina zentzu erlijiosoa kenduta: ingurumena eta osasuna zaintzea jarri dute helburu, baita animaliekiko errespetua sustatzea ere. Manifestu bat aurkeztuta ekin zioten erronkari. Frantziako 500 pertsona ezagunek sinatu zuten, baina edozein herritar batu daiteke dinamikara. Guztira, 50.000-500.000 boluntario batu nahi dituzte. Izan ere, helburu etikoak lortzeaz gain, ikerketa handi bat egiteko asmoa dute: aztertu nahi dute zer gaitasun duen jendeak elikadura aldatzeko. Frantziako Astelehen Berdeek oihartzun handia izan duten arren, ez da ideia berria, 40 herrialdetan abiatu duten dinamika bat baitago oinarrian; hain zuzen ere, Meatless Monday du izena, hots, haragirik gabeko astelehenak.
Dietan aldaketa hori eginda ingurumena zaintzen lagundu daitekeela diote Astelehen Berdeen bultzatzaileek. Neurri batean, horrekin ados dago Martin Mantxo Ekologistak Martxan taldeko kidea. Haren ustez, kanpaina horrek gogoeta bat «gizarteratu» dezake: «Geure buruari galdetu behar diogu zer demontre egiten ari garen elikadurarekin». Astelehen Berdeekin planteatzen den aldaketa «txikia» den arren, adierazi du ingurumena zaintzen laguntzeko pauso bat dela. Hala ere, gogoratu du aldaketak «zenbat eta egun gehiagotan egin orduan eta hobeak» izango direla.
Izan ere, haragia platerera eramateak ingurumenean duen eragina agerian utzi nahi dute kanpainaren bultzatzaileek. Azaldu dutenez, abeltzaintzak ur asko xahutzen du, berotegi efektuko gasen %15 sortzen ditu, eta basoak moztea dakar horietako lehengaiak industria horretara bideratzeko. Datuok, baina, ez datoz bat Euskal Herriko abeltzaintza ereduarekin, Xabier Iraola Enba nekazarien sindikatuko koordinatzailearen hitzetan: «Ez du zentzurik okelaren kontsumoaren kontra egiteak, eta tratamendu bera emateak Beizaman edo Aralarren dabiltzan behiei, eta Argentinako eta AEBetako haztegi handietatik datorren haragiari».
Alabaina, Mantxok azpimarratu du zaila dela produktuak nondik datozen jakitea, kasu batzuetan etiketan ez baita agertzen zein den elikagaiaren jatorria. «Saltokiek konpromisoa hartu behar dute», nabarmendu du. Herritarrek ere «desadostasuna» erakustea beharrezkoa ikusten du Ekologistak Martxan taldeko kideak, baina azaldu du «ohiturak aldatu» behar direla horretarako.
Iraolak gaineratu du haragi gorriaren inguruan «irudi okerra» hedatu dela, eta «kaltegarria» zein «arriskutsua» izan daitekeela euskal abeltzaintzarentzat: «Esango nuke Araba, Bizkai eta Gipuzkoako abeltzaintzaren %100 baliagarria dela gure mendiak kudeatzeko eta gure paisaia mantentzeko». Azken finean, «lurralde oreka» bat sustatzen dela adierazi du. Hori dela eta, «tokiko ekoizpenaren aldeko apustua» egiteko eskatu du: «Agian, tokian tokiko elikaduraren alde egitea haragia jateari uztea baino eraginkorragoa izan daiteke». Azaldu du horretarako kontsumitzaileak «hezi» behar direla. Mantxok ere Euskal Herrian ekoitzitako produktuen alde egitera gonbidatu ditu kontsumitzaileak. Horretarako, egoki deritzo azokako produktuak erosteari, garaikoak eta bertakoak direla «bermatuko» delako.
Osasunaren aldeko neurria
Astelehen Berdeen beste gakoetako bat dieta osasuntsu baten alde egitea da. Alde horretatik, neurriaren alde agertu da Cristina Perez Nusan zentroko dietista. Esan du haragi eta arrain «gehiegi» jan ohi dela, «behar dena baino gehiago». Izan ere, OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du astean 500 gramo haragi gorri jatea, eta Frantzian, esaterako, batez beste bikoiztu egiten dute kopuru hori. Datu horri heldu diote Astelehen Berdeen antolatzaileek.
Perezek azaldu du astean behin ohiturak aldatzeak ez duela eragin handirik izango, baina «kontzientzia hartzen» lagundu dezakeela. Uste du agerian geldi daitezkeela elikagaiekin egiten diren «gehiegikeriak». Hala ere, gaineratu du kontuan izan behar dela gainontzean zer jaten den: «Ikusi beharko da zein den haragiaren eta arrainaren alternatiba, eta nolakoa den gainontzeko egunetako elikadura».
Astelehen Berdeak dinamikara batu nahi dutenentzat, Perezek badu proposamen bat: «Argi dago egunero fruta eta barazkiak jan behar ditugula. Hori dela eta, ahal bada, saiatu beharko ginateke bi barazki ale eta hiruzpalau fruta pieza jaten». Perezek erantsi du haragiak eta arrainak dituzten proteinak eskuratzeko lekaleak sar daitezkeela dietan, alde horretatik «aberatsak» baitira. «Interesgarria da osoko zerealak jatea ere; arroza, esaterako», zehaztu du. Azaldu du dietak onartuz gero esnekiren bat ere sar daitekeela.
Bijilia astelehenera eramanda
Astelehen Berdeak dinamika jarri dute martxan Frantziako bi ikerketa zentrok, elikadura aldatzeko asmoz: parte hartzaileek ezingo dute haragirik eta arrainik jan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu