Aske utzi eta ordu gutxira, bihotzekoak eman zion Txema Urbiolari. Taberna baten zegoen Urbiola, eta bertan zegoen sendagile batek erreanimazioa egin zion. Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago, eta ospitalean izango da egun batzuetan. Urbiolak 62 urte ditu.
Ostiralean utzi zituzten aske Urbiola, Xabier Gartzia, Dabid Grazia eta Andres Fernandez. Ostegunean atxilotu zituzten, Iruñean, 2014ko sanferminetako prozesioaren harira. Espainiako Poliziak eta Iruñeko Udaltzaingoak egin zituen atxiloketak. Karguekin gelditu ziren aske.
Bozen atarian, polizia operazioarekin politikoki errentagarritasuna lortu nahi izatea salatu dute hainbat eragilek. Iruñea Askatasunez-en ustez, atxiloketak eragindako estresaren ondorioz eman dio bihotzekoak Urbiolari. EH Bilduk ere halako polizia operazioak kritikatu egin ditu, "krispazioa" areagotu besterik egiten ez dutelako.