Gaur egungo ikerkuntzaren joeretako bat da berez gaixotasun edo osasun arazo batzuk tratatzeko sortu diren botikak beste gaixotasun batzuk tratatzeko erabiltzea. Horren adibidea da ranozalina, bihotzeko anginak tratatzeko erabilia.
Ranozalina aplikatzeak hobetu egin du saguetan melanoma —azaleko minbizia— tratatzeko egun erabiltzen diren terapien eraginkortasuna. Hori ondorioztatu du Marta Redondo Muñoz biologo nafarrak bere doktoretza tesian. Tesia NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu du, eta Navarrabiomeden garatu —Foru Gobernuaren eta erakunde akademikoaren ikerketa biomedikoko zentroa da—.
Biologoak azaldu duenez, melanoma dutenek gehienetan ondo erantzuten diete BRAF genearen aurkako terapiei. Gene hori funtsezkoa da tumorea hazteko. Hala ere, tratamendu horien eraginkortasuna ez da erabatekoa: izan ere, erantzunak ez dira iraunkorrak, eta pazienteak berriz gaixotzen dira, tratamenduarekiko erresistentziak garatzen baitituzte.
Horregatik, melanomaren zelulek gantzaren metabolismoa —gantz azidoak— nola erabiltzen duten aztertu nahi izan du Redondok, sendagai jakin baten kontrako erresistentzia garatzeko —BRAF inhibitzaileak—. Sendagai hori tumoreari aurre egiteko erabiltzen da.
Zelula ikusgarriagoak
Ikertzaileak saguetan ikusi du ranolazina lagungarria izan daitekeela larruazaleko minbizia motelago areagotu dadin. Horrez gain, botika horrek melanoma zelulak ikusgarriago egiten ditu immunitate sistemarentzat, eta, ondorioz, immunoterapiekiko erantzuna hobetzen du, eta immunitate sistemak tumoreari eraso egiteko duen gaitasuna handitu. Immunoterapia melanomaren aurka erabiltzen den beste tratamendu mota bat da.
Immunoterapiei eta zuzendutako terapiei esker melanoma dutenen tratamendu klinikoa hobetu egin dela adierazi du NUPek zabaldutako oharrean. Hala ere, gaixoen erdiek tratamenduari erantzun gabe jarraitzen dute oraindik, eta, batzuetan, terapia horiekiko erresistentzia garatzen dute.