Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Maria Solana. Geroa Baiko diputatugaia

«Bihotzak esaten badizu Geroa Bairekin fidatzeko, ez aldatu, ez du merezi»

Espainiako Gorteetako azken bozetan, Geroa Baik urrun izan du diputatua lortzeko aukera, baina Solanak uste du «egingarria» dela euren boto emaileak mobilizatuz gero. «Inportantea da Madrilen ahots propioa izatea».

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Haserre dago Maria Solana (Iruñea,1975). Sigma Dos etxeak Nafarroan egindako inkestan«Maria Roncesvalles» gisa aurkeztu zuen Geroa Baiko hautagai gisa. «Ez abizen, ez ezer». Horren berri eman zioten duela aste batzuk, baina harridura eta haserrea areagotu egin zaio jakitean inkesta EITBrentzat zela. Inkestaren arabera, Geroa Baik, UPNk eta Sumarrek ez dute hautagairik lortuko. Alta, Solana sinetsita dago «egingarria» dela jarlekua PPri kentzea Geroa Bairen boto-emaileak mobilizatuz gero.

Zergatik esan diozu baietz erronka honi?

Polarizazioaren arriskua eta Madrilen gerta daitekeen mapa aldaketa aintzat hartuta, Geroa Bairen moduko ahotsak ezinbestekoak gara. Aniztasunaren alde gaudelako, indar aurrerakoien batuketaren alde gaudelako eta Nafarroak ahots propioa izan behar duela defenditu dugulako hasieratik. Norbaitek hartu behar zuen ardura. 2019an jada eskarmentua hartu nuen, eta, oso kanpaina berezia zenez, gaurko gaien lehen lerroan dabilen norbait behar genuen.

Zer esango zenioke hauteskundeok garrantzitsuak ez direla uste dutenei?

Kontrakoa, oso garrantzitsuak direla. Geroa Bairekin konfiantza baduzu Nafarroa bere onera ekartzeko eta gure printzipioak eta politika defenditzen jarraitzeko, zergatik ez diguzu babes hori emango Madrilen ere? Ez du zentzu handirik pentsatzeak Nafarroarenzat ona denak estatuko politikarako ez duela balio. Foro guztietan egotea inportantea da.

Aurreko hauteskundeetan Geroa Bai urrun egon zen jarlekua lortzeko aukeratik. Orain helburu egingarria dela uste duzu?

Ez dakit zein prezio izango duen jarlekua lortzeak. Parte hartzearen araberakoa izango da. Ziurrenik merkatu daiteke, eta agian ez dira behar 45.000 boto. Gure ustez, guri botoa eman diguten horiek gure alde berriz apustu egiten badute, eta lortzen badugu maiatzean Geroa Bairi botoa eman ez zioten eta etxean geratu ziren Geroa Baiko boto emaile horiek mugiaraztea, aukerak benetakoak dira oso.

Maiatzean boto galera handia izan zenuten: zati bat EH Bildura joan zen, baina gehienak abstentziora. Zer azterketa egin duzue?

Boto aldaketa argirik ez zen egon. Eta horrek pentsarazten digu jende asko etxean geratu zela. Ez zela joan beste alderdi bati botoa ematera. Auskalo zergatik. Horixe deskubritu behar dugu. Baloratzen dugu fideltasuna. Ez ziguten guri eman, baina ez zioten beste inori eman ere. Uste dugu horiek ere etor daitezkeela berriz Geroa Baira.

Boto baliagarrirako dei ugari daude. Sumar, EH Bildu... Lehia dago zuen artean?

Lehia baino gehiago eraso txiki bat sumatu dut EH Bilduren ingurunetik. «Zergatik Geroa Bairen alde bozkatu? Hori botoa botatzea besterik ez da, eta hobe da benetan aukerak dituen indar bati ematea». Horrelako adierazpenak oso demokratikoak ez izateaz gain, uste dut tokiz kanpo daudela. Politikoki itsukeria da ez ikustea zein garrantzitsua litzatekeen bost diputatu horietatik bi abertzaleak izatea, bata EH Bildukoa eta bestea Geroa Baikoa. Guk ez dugu eskatzen EH Bilduri botoa eman zietenen botoa. Geroa Bairi botoa eman zioten horien botoa eskatzen ari gara gu.

Aukeretako bat da PPk Voxekin batera gobernatzea. Zer ekarriko luke horrek?

Neurri txikiagoan ikusten ari gara zer gerta daitekeen. Badakigu zer jokabide eta zer atzerapauso ekar dezakeen horrek. Gu ez ginateke sekula egongo horrelako gobernu batetik gertu.

Catalanek ohartarazi du PPren eta EAJren arteko aliantza baten aukeraz.

Astakeria bat da. Pentsatzen dut haserre dagoela EITB Focusen inkestarekin, baina guk ez dugu ordaindu behar haren haserrea.

EITB Focusen aste honetako inkestak iragarri du UPNk ez duela lortuko diputaturik.

Izan dezake horrelako irakurketa estatalizatu bat. Maiatzean, UPNren galera ez zen hainbesterako izan, eta nahiko indartsu eutsi zion bereari. Zergatik boto emaileek jokatzen dute modu batean foru hauteskundeetan eta bestela espainoletan? Zergatik ez dago alde hori EH Bilduko hautesleen artean? Ez dugu erantzunik. Beharbada, boto emaile ideologizatuagoak eta politizatuagoak dituzte, eta, hala bada, UPNk halakoxeak ere baditu.

Nafarroan bost diputatu banatzen direla kontuan izan dezakete.

Nik ez dakit jendeak ba ote dakien zenbat eserleku banatzen diren.Zergatik ez dio jarraitzen bere usaimenari, bere bihotzari? Eta hark esan badizu Geroa Bairekin fidatzeko, ez aldatu. Ez du merezi.

Autogobernua mehatxatuta dago?

Jakina. PSOErekin eta Podemosekin nahikoa lan izan ditugu hari eusteko, eta odisea latza pasatu dugu zertxobait handitzeko. 2018an Pedro Sanchezekin trafiko eskumena itzultzeko konpromisoa hitzartu zuen Uxue Barkos lehendakariak, baina sozialistek sinatutakoa betetzeko zailtasunak izan ohi dituzte. Horregatik egon behar dugu Madrilen, autogobernuaren higadura isila eta higadura ez hain isila salatzeko. Pentsa, Nafarroako Gobernuan PSNko presidente bat eta Madrilen PSOEko presidente bat edukita transferentzia EH Bilduk lortu du. EH Bilduk fruitua jaso du, baina erein eta ureztatu gainerakook egin dugu. Ezer egin ez duena PSN izan da. Politikoki jokatu du auziarekin, eta salerosten aritu da.Nafarroako presidenteak beste aldera begiratu du hori gertatu denean.

Eskuinaren garaipen batek arriskuan utziko luke Nafarroako Gobernuaren negoziazioa?

Ez dakit. Zalantza dugu. Izan ere, badakigu UPNren eta alderdi sozialistaren artean harremana dagoela. Ikusi dugu aurreko legealdian lan erreformaren kontura zer gertatu zen eta hainbat udaletan gertatutakoa. Nafarroako Gobernuari dagokionez, PSNk esan du argi dutela norekin egin nahi duten gobernua. Eta guk ere diogu inbestiduraren blokea osatzen duten indar aurrerakoiekin izan behar duela; modu ofizialean EH Bildurekin. Horri buruz ez du ezer esan nahi PSNk, eta hilaren 23an gertatzen denaren arabera, zailtasun gehiago izan ditzake horrelako blokeak sortzeko. Edo ez. Ez dakit.

Erronka jo zenuten negoziazioan. Konpondu da?

Ez, ez, ez da argitu. Zain gaude eta espero dugu erantzuna positiboa izatea eta eskatu dugunaren araberakoa izatea. Ez dakit 23a pasatu arte zain dauden edo zergatik ez duten erantzun nahi.

Nahikoa denbora badago?

Abuztuaren 28ra arteko epea dago. Ez dugu presarik; ez dugu presak jota akordio txar bat egin nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.