Ezker abertzalea berrosatzeko saioa

Biharko ezker abertzalea osatzeko asmoz, inkesta bat eginen dute

Ipar Euskal Herriko ezkerreko alderdi abertzaleen zatiketak gainditzeko aukera aztertuko dute inkesta horren bidez Autonomia Eraikik, Batasunak, ABk, EAk eta Segik babesa eman diote ekimenari

Ezkerretik hasita, Ellande Alfaro, Dominika Dagerre, Maite Goienetxe eta Menane Oxandabaratz, inkestaren nondik norakoak aurkezten. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Ezkerreko mugimendu abertzaleko pentsamolde guztietako hainbat militantek bat egin dute alderdi abertzaleen arteko zatiketak gainditu eta herrietako militanteen iritzietan oinarrituz biharko ezker abertzalearen argazkia osatzeko xedean. Hori ahalbidetzeko inkesta bat banatuko dute ondoko egunotan Ipar Euskal Herriko mila eta bostehun militante ingururen artean.

Ekimenak Autonomia Eraiki, Batasuna, AB, EA eta Segiren babesa jaso du. Horrez gain, sentsibilitate ezberdinetako 40 militantek galdeketaren babes taldea osatu dute. Horien artean daude, bertzeak bertze, Xole Aire, Leonie Agergarai, Battita Amestoi, Lorentxa Beirie, Filipe Bidart, Haritza Camblong, Txomin Catalogne, Daniel Dergi, Ixabel Etxeberria, Alain Iriart, Anita Lopepe, Xabi Soubelet, Iñaki Zaldunbide eta Panpi Sainte Marie.

Maite Goienetxe, Menane Oxandabaratz, Dominika Dagerre eta Ellande Alfarok aurkeztu dute Ipar Euskal Herrian datozen egunotan zabalduko den inkesta. Urte eta erdiko lan isilaren emaitza dela azaldu dute. Orduan sentsibilitate ezberdinetako abertzale talde bat bildu zen, eta mugimendu abertzalearen baitako zatiketak gainditzeko xedez, galdeketa bat egitea pentsatu zuten, denen artean adosturik. Inkesta burutzeko laguntza teknikoa ukan dute. Galdeketak bi atal ukanen ditu, bata teknikoa, mila bostehun militanteri zabalduko zaiena. Bordeleko unibertsitateko irakasle Francois Mimiaguek eginen du atal horren ustiapena.

Orotara 35 galdera ukanen ditu inkestak eta horiek baitan 100 aldagaitik gora daude, zazpi atal nagusitan banaturik. Honako hauek dira atalak: ezker abertzalearen egoera eta orain artean egindako lanaren bilduma; bilduma dinamikoa edo denboraren bilakaeran egon diren aldaketak; helburu estrategikoak; helburu taktikoak; oinarri orokorrak eta lan eremuak; eta azkenik, biharko ezker abertzalearen edukia zehaztea. «Orotara 300 informazio atomo ditu» zehaztu du Mimiaguek. Bertatik aterako den informazio guztia baliagarria izanen dela nabarmendu du.

Bigarren atal bat ukanen du inkestak, baina kasu horretan ez da galdeketa zabala eginen. 30-40 militanteri galdeketa luzea eginen diete, sakonean aztertzeko iritziak. Inkesta ondoko egunotan zabalduko da, eta abenduaren 17rako bilduko dira datuak. Inkesta guztiak anonimoak izanen dira. Hori bermatzeko kantonamenduka antolatzea deliberatu dute. Kantonamendu bakoitzean sentsibilitate ezberdinetako militanteak bildu dira, eta ezker abertzaleko sentsibilitatea duten pertsonen zerrenda osatu dute.

Bi hilabetez datuen ustiaketa eginen du Mimiaguek, eta ondoren Asier Etxenike soziologoak eginen du emaitzen irakurketa eta eragileen esku utziko du, tratamendu politikoa egin dezaten.

Biharko ezker abertzalea

«Inkestak militanteen iritzia bildu nahi du, izan dadin ekonomia, gizarte, politika edo bertze alorretan. Horietan oinarrituz biharko ezker abertzalearen proiektua finkatzea da helburua» adierazi dute eragileek. Nabarmendu dute Ipar Euskal Herrian sekula ez dela egin horrelako ariketarik.

Oinarrian dauden militanteen parte hartzeari lehentasuna ematen diote. «Beren burua ezkertiar eta abertzaletzat jotzen duten militante orori zuzentzen zaie inkesta, euskal preso politikoak barne». Bultzatzaileek nabarmendu dute Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzalea gehiengoa ez den arren, gizartean baitezpadakoa dela haren eragina. Ipar Euskal Herriko egunerokotasuna markatzen du, izan dadin arlo politikoan zein gizarte arloan.

Sentsibilitate ezberdinetako abertzaleek bat egin dutelarik, EH Bai koalizioaren baitan gertatu den bezala, hauteskundeetan lortu diren emaitzak onak izan direla. Gaur egungo egoeratik abiatuta, egindako lanaren bilduma egin nahi dute inkestaren bidez, mugimendu abertzalearen argazkia osatzeko. Ekarpenak eskuan, hautu estrategikoen arteko ikuspegi ezberdinak aztertu eta zatiketa gainditzea dute helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.