Nerea Ibarzabal

Biharamunez zer esan

2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Bilbo, Ingelesen Landako kaia, egun historikoaren biharamun goiza. Bezperan ukondokadaka defendatutako baranda hau edonork uki dezake gaur, eta lasai asko egon Nerbioi ibaiari begira. Zaborra eguzkipean: Mc’Donaldseko paper poltsak, garagardo latak. Mercadonako orga huts bat bazter batean, bultzada baten zain.

Korrikalariek lurreko kristal zatiak saihestuz botatzen dute pausoa, garbitzaileek dagoeneko gehientsuena plastikozko poltsa beltzetan sartu duten arren.

Gizon trajedunak Iberdrola dorrera bidean; Deustuko unibertsitateko ikasleak zubian; txakur-jabeak han-hemenka. PPko Bea Fanjul saltxitxa-txakur bat paseatzen ikustea iruditu zait birritan, baina saltxitxa klase bi ziren, eta beste ilehori bi.

Hamarrak aldean auzo honetakoa ez dirudien jendea hasi da EHUren Bizkaia Aretora inguratzen. Beraiek ere laster identifikatu dute elkar. «Pablorenera zoazte?». Maeztutik eta Arrasatetik etorri dira batzuk. «Sí-se-puede. Denon artean. Hau ez da posible, bestela». «Gogoan duzu Pablorekin hasi ginenekoa?». Besoak bata bestearen lepora. «Ez gara amildu, hori da garrantzitsuena».

Ilara bizkor hazi da. Ile eta bizar urdin dezente, izar gorriak biseretan, motxilak lepoan. Los Chikos del Maízen kamiseta bat. Aita Mariren jertsea. Hiruzpalau zapi palestinar. Amy Winehousen Back to Black jarri dute tandem-bizikleta bati lotutako bafleetatik; Silvia Perez Cruz gero, eta Zeamaysen Kukutza III.

«Zer zatoz, hemengoak entzun eta hortik zehar kontatzera?», esan dit ondoko gizon nagusiak, esku artean era nabarmen samarrean daramadan koadernoari adi. Gasteiztarra da, garai batean Alderdi Komunistan eta CCOOen ibilitakoa, eta Podemoseko militantea mugimenduaren sorreratik. «Nik hasiera-hasieran gobernuan sartzearen aurka bozkatu nuen, baina tira». Gogoan ditu hastapen jendetsuak. «Alderdi Komunistan ibilitako kide bati galdetzen nion, ‘Hauek denak nondik irten dira?’, eta berak, ‘Eurek ere ez dakite’. Elkar ulertzen nahiko lan».

Egungo egoeraz galdetu diot. «Hari [Yolanda Diazi] igartzen zitzaion. Ez zen alderdikoa; eta guk tontoarena egin genuen. Joan nahi badu, utzi joaten». Aurreko bikotea gure elkarrizketa entzuten dabil, zurrun. «Nik argi daukat. Ez dut Sumar bozkatuko, eta PSOE ere ez, traidorerik ez dudalako bozkatzen».

Eolikoen makro-proiektuen aurkako mugimenduan eta pentsionistenean ere ba omen dabil. «EHBildukoekin batzen naiz elkarretaratzeetan, eta harritu egiten dira Podemosekoa naizela esandakoan».

Gizona gustura ari da. Ia ez dugu ikusi Miren Etxebeste ilarara iristen, ezta Miren Gorrotxategi ere, gure atzetik pasatu dena ezagunei agur eginez. «Ni hori entzutera etorri naiz. Iglesias ere bai, baina haren aldean nahiago dut Montero». Esan diot aspaldian ez dudala Pablo Iglesias entzun. «Bere hitzalditxoetako bat prestatuko zuen. Behin Madrilen esan nion, ‘Ibil hadi lasaiago, motel!’, eta hark erantzun: ‘Ezin diat’».

Atia nori ireki

Eraikineko terrazara igo gara. Biserarik ekarri ez duten militanteak izutu egin dira mitina eguzkipean izango dela ikusitakoan. Sartu ahala kamisetak oparitu dizkiete Think outside the PNV leloarekin, eta adineko batzuk berau burutik behera botata eseri dira aulkietan.

Pantailan, euskal iruditeria sagardotegitik eta futboletik hartuta, spotak gaztelaniaz. Kanpaina-arduradunak gauza bat diost, kantuen playlistaren egileak beste bat. Olaia Inziarteren Denak begira daudelaik kantuarekin sartu dira Pablo Iglesias, Pilar Garrido, Roberto Uriarte eta Miren Gorrotxategi. Jendea zutik, txaloka eta sí-se-puede-ka, ukabilak gorantz.

Uriartek egin dio lehenengo erreferentzia zatiketari. «Ekaitza dagoenean benetako patroiak ez du alferrikako birarik ematen, lema beti zuzen mantentzen du». Hamar urteko «ibilbide garbia» ospatu du. «Ez ditugu Euskadiko Ezkerraren edo Ezker Batuaren akatsak errepikatu».

Patroi denek ez dute beroa ondo jasaten, ordea, eta zenbait entzulek aulkia oholtzatik urrundu eta gerizpetara eraman dute.

«Lasai» etorri da Iglesias, kargu publikorik ez daukanetik mitinetan «esan behar den hori» esateko obligaziorik ez daukalako. «Espainiako botere blokea» deritzona kritikatu du, apurka Podemos «lehertu» duena. M-15ak suposatu zuen arrakalaz aritu da, «agian Euskal Herrian ez zutena ez EAJk, ez Ezker Abertzaleak ikusi».

Eta berehala, aiztoak airera, mototsa zeraman garaiko ahotsarekin: «Egon al daiteke ezker bat La Sextan ondo tratatuko dutena? (…) Ezker horrek onartu beharko du PSOEren apendize bat izatea, Ukrainara armak bidaltzea (…) Ezertarako balio ez duen ezker bat izatea onartu beharko du». Txaloak, txistuak. «Noski gure espazio politikoa zatitzeak min eman digula. Baina Podemos itzultzen ari da». Jendearen ilusio beharra eta Miguel Maldonadoren ahots totela «Pablo se ha picao» esaten, biak sumatu ditut.

Iglesiasek Gorrotxategi besarkatu du. «Ezkerra ala eskuma?», galdetu du lehendakarigaiak. EH Bilduri  «zentroratzea» eta «EAJ-tartzea» egotzi dizkio. Jeltzaleenak izan dira siglarik aipatuenak: «kafea denontzako» eta «pastelaren banaketa» esamoldeekin lotu dituzte, beti janariz eta abundantziaz inguratuta, animazioko gizon musugorriak ikur.

Gorrotxategiren diskurtsoa inprimatuta eman digute prentsako mahaikooi. Bera azken paragrafora iritsi orduko banekien zelan amaituko zuen:
«Aukeratu ezkerra. Eskerrik asko (puño en alto)».

mitina

  • Alderdia. Elkarrekin Podemos. 
  • Hizlariak. Miren Gorrotxategi lehendakarigaia eta Pablo Iglesias Podemos alderdiko buruzagi ohia.
  • Lekua. EHUren Bizkaia aretoa.
  • Eguna. Apirilaren 12a.
  • Ordua. 11:00ak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.