Hamalau urteko espetxe zigorra, eta hamar urtez biktima bizi den herrira joateko debekua. Hori da fiskaltzak Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohiarendako eskatzen duen zigorra. Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egitea egozten diote Lopezi: Bizkaiko Auzitegiaren esku dago kasua, eta bihartik ortzegunera bitarte eginen dute epaiketa. Ateak itxita eginen dute saioa, biktimak zein akusazio partikularrak hala eskatuta. Gainera, biktimak eta akusatuak ez dute elkar ikusiko, epaitegiko autoak dioenez. Biktimari elkartasuna erakusteko, Gernikako Sare Feministak kontzentrazioa eginen du bihar, 09:00etan.
Epaiketa saio guztia ateak itxita eginen da, baita bukaerako txostenen aurkezpena ere. Izan ere, akusazio partikularrak erran du komunikabideak aretora sartuko balira biktima nor den jakingo luketela, «bukaerako txostenean gertakarien eta hainbat lekukoren testigantzen deskribapen zehatza egiten delako, eta bertan biktimaren identitatearen aipamen zehatzak egiten dira».
Lehenbiziko erasoa 1998ko uztailean gertatu zen, biktima saskibaloi partida bat ikustera gonbidatu eta ukituak egin zizkionean. Geroztik jarraituak izan ziren abusuak, hiru urtez; biktima etxera ere eramaten zuen, eta sexu abusuak egiten zizkion. Erasoak hasi zirenean, erasotzaileak 31 urte zituen, eta biktimak, 13; Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen biktima, Allende Salazar ikastetxean lehenbiziko, eta Lointek Gernikan gero. 2022ko ekainean Gernika-Lumoko epaitegiak jasotako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen, eta etengabeak izan ziren mehatxuak eta kontrola ere.
Horren berri jakitean, haserrea nagusitu zen herrian; erasoak arbuiatu ez ezik, saskibaloi taldeko zuzendaritzaren kudeaketa ere gogor kritikatu zuten herritarrek. Izan ere, hasiera-hasieratik, sare feministaren eta klubaren bertsioek ez zuten bat egin: feministek adierazi zuten 2023ko uda hasieran izan zutela gertatutakoaren berri, eta biktimari sinistea erabaki zutela. Uda hartan, klubarekin zenbait bilera egin zituzten, «egoerari irtenbide bat emateko». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izanen zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko, «kontuan izan gabe maila hori bi hamarkadatan baino gehiagotan izandako inpunitateak ahalbidetu ziola». Kasua urte hartako irailean atera zen argitara, El País hedabideak haren berri eman zuenean.
Azkenean, feministei helarazi zieten zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hori eginen zutela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta erabaki zuen akordio bat egiteko prozesua amaitzea.
Lagun egitea
«Konplizitate eta inpunitate hori» salatzea helburu, 2023ko abenduaren 18an egin zuten kasuari lotutako lehenbiziko manifestazioa, eta 3.000 lagun baino gehiago bildu ziren. Mobilizazioa akitu eta gero, oharra atera zuen klubak, eta salaketaren berri jaso izana ukatu zuen. Hiru bider idatzi zuen oharrean: «Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez; ez dugu jakin adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik zela salaketa». Taldeak berretsi zuen kargutik kendu zutela Lopez, eta barkamena eskatu zuten gaiaren kudeaketan egindako akatsengatik. Akats horiek gaiaren inguruko informazio faltari egotzi zizkioten. Erasoak gaitzetsi zituen klubak, eta adierazi zuen neurriak hartuko zituela haurrak eta nerabeak babesteko sistemak indartzeko. Hurrengo egunetan, ezohiko bilerara deitu zuten, «beharrezko azalpenak» emateko.
«Erasotzailea eta konplizitatea» salatu zituzten 2023ko mobilizazioan, eta geroztik herriko sare feministaren helburua izan da erasoa jasan zuenari babesa eskaintzea. Horretarako, beste manifestazio bat antolatu zuten 2024ko abenduaren 14an, Gernikan bertan.
Ehunka lagun bildu ziren Guk sinisten zaitugu, eta zurekin gaude! lelopean egindako manifestazioan. Sare Feministako kideek salatu zuten prozesu judizialak «birbiktimizazio arriskuak» dakartzala, eta, horregatik, biktimari babesa ematea eta elkartasuna adieraztea dela euren ekarpena. Manifestazio amaieran irakurritako adierazpenean, hainbat eragilek eta norbanakok ekintzaren garrantzia nabarmendu zuten, eta Lopezi eta «haren konplizeei» mezu argia bidali: «Ez zaitugu gure kaleetan nahi». Era berean, gogor kritikatu zuten saskibaloi taldeko zuzendaritzaren jarrera, «benetako ardurarik» hartu ez izana leporatuta.
Mobilizaziora joan ezin zirenek ere biktima babesteko aukera izan zuten: herriko sare feministak atxikimendu kanpaina bat jarri zuen abian, eta 1.300 eragile eta banakok baino gehiagok eman zuten izena.