Bihar hasiko da V. Gazte Topagune Sozialista, Altsasun

«Formakuntza politikorako, hausnarketarako eta borrokarako gunea» izango da Topagunea, GKSk esan duenez.

Iazko topaketen barruan GKSk antolatutako manifestazioa, Atarrabian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iazko topaketen barruan GKSk eta IAk antolatutako manifestazioa, Atarrabian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Erredakzioa
2024ko urriaren 30a
12:00
Entzun

Bihar hasiko da V. Gazte Topagune Sozialista, eta, igandera bitarte, parte hartzaile ugari espero dituzte Altsasun (Nafarroa). Aurreko edizioetan bezala, Topagunearen erdigunean ipini nahi dute «formakuntza politikoa». Hitzaldiak, solasaldiak eta mahai inguruak izango dira egunero, «askotariko gai politikoak landu eta horien inguruan hausnartzeko».

Zein diren gai horiek? GKSk ostegunerako egin duen zerrenda oparoa da: «Gazte eta ikasle mugimenduaren historia; euskal literaturarako bide berriak; emakumeen laneko prekaritatea eta sexu industria; eta Europako krisi ekonomikoa». Hurrengo egunetan ere solasaldi eta mahai inguruak izango dira Gune Nagusian, «aktualitate politikoaren inguruko solasaldia» ostiralean, eta Mugimendu Sozialistaren erronkei buruzko mahai ingurua.

Larunbateko manifestazioa

Izango da «aisialdirako tartea» ere, eta egitarau zabala prestatu dute horretarako: musika kontzertuak (Eñaut Elorrieta, Ibil bedi, Tatxers, J. Martina, Malakias MX3, Kaparrak, Sara Sozaia, Nakar...), kirol ikuskizunak eta txapelketak (areto futbola, pilota eta boxeoa), umore ikuskizunak (Antton Telleria eta Asier K.) eta beste izango dira topaketak iraungo duen egunetako bakoitzean.

Gazte Koordinakunde Sozialista eta Ikasle Abertzaleak dira Altsasuko topaketaren antolatzaileak, eta deia egin dute «gerraren eta faxismoaren gorakadaren aurrean sozialismora batzeko». Hala, larunbat arratsaldean Altsasuko Foru Plazatik irtengo da manifestazio bat. Horrez gain, ostiral eguerdian «Israelen izaera terrorista salatzeko eta Palestina eta Libanoko herri langileei elkartasuna adierazteko» elkartasun argazkia aterako dutela jakinarazi dute antolatzaileek, goiz horretako «aktualitate politikoaren» inguruko solasaldiaren ostean.

2019ko otsailean aurkeztu zuten, Gasteizen, GKS Gazte Koordinakunde Sozialista antolakundea. Azaldu zutenez, «basakeria kapitalistaren» aurrean azken urteetan indartu egin da «joera politiko sozialistaren garatzea» gazte mugimenduan, eta gaztetxeen borrokak, ikasle mugimenduarenak, «klase feminismoaren gorakada» eta «teoria iraultzailearen lanketa eta hedapena» aipatu zituzten adibide gisa. Errealitate horietatik sortu da GKS, eta horiek «indartzeko» helburuz.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.