Bihar hasiko da Gazte Danbada ekitaldiari buruzko epaiketa

«Terrorismoa goratzea» egozten diete Ernaiko zazpi kideri, kazetari bati eta Periko Solabarriari

Barakaldoko udaletxearen aurrean atzo egindako agerraldia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2015eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Ernaiko zazpi kideren, Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegiren eta ezker abertzaleko kide historiko Periko Solabarriaren aurkako epaiketa. 2012an Ernai gazte erakundea ofizialki aurkezteko antolaturiko Gazte Danbada ekitaldian «terrorismoari gorazarre» egitea leporatzen diete guztiei.

Fiskaltzak eta AVTko akusazio partikularrak bi urteko zigorra eskatzen du Ernaiko zazpi kideetako seirentzat, eta urtebete eta sei hilabetekoa Salegi eta Solabarria eta Ernaiko zazpigarren kidearentzat.

Gazte Danbada jaialdia egiten ari zirelarik, Urduñan (Bizkaia), Xabier Lopez Peña euskal presoaren heriotzaren albistea iritsi zen. Horren harira egindako adierazpen eta mobilizazioak direla eta hasi dute auzibidea, eta ostegunean eta ostiralean egingo dute epaiketa.

Epaituetako bat Topatu.info agerkariko Iraitz Salegi izateak elkartasun mugimendu indartsua sortu du hedabideen eta kazetarien artean, adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria dela iritzita. Kazetaritza ez da delitua izeneko agiria plazaratu zuten duela zenbait hilabete, eta, orotara, 93 hedabidetako 468 kazetari, argazkilari eta kazetaritza irakaslek bat egin dute aipatutako agiriarekin.

Solabarriaren alde

Iraitz Salegi eta Ernaiko zazpi kideekin batera —Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno—, Periko Solabarria ere (Portugalete, Bizkaia, 1930) epaituko dute. Ezker abertzaleko kide historikoa da Solabarria: apaiz langileen mugimenduaren aitzindaria, eta Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko kide izandakoa. Hainbat aldiz hautatua izan da Espainiako Parlamentuko eta Gasteizko Legebiltzarreko kide izateko. Gazte Danbadako ekitaldian parte hartzeagatik epaituko dute.

Solabarriaren kontrako epaiketari eta beste zenbait barakaldarrek aurrean dituzten auzibideei erantzuteko, Libre dinamika hasi dute Barakaldon (Bizkaia). Agerraldia egin dute hango udaletxearen aurrean, «Perikok bere bizitzan izan dituen lubakietako batean», esan dutenez; izan ere, Solabarria zinegotzi eta alkateorde ere izan zen Barakaldoko Udalean, 1980ko hamarkadan. Jende ugarik hartu du parte udaletxearen aurrean egindako agerraldian, gehien-gehienak Barakaldoko gizarte mugimenduetako ordezkariak: euskaltzaleak, Berri-Otxoak eta Langabeen Asanbladako kideak, ekologistak, udaleko langileak eta abar. 25 bat elkarte, sindikatu eta erakundek bat egin dute Periko eta besteak Barakaldon libre! agiriarekin. EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanova, Barakaldoko zinegotzi Jorge Garcia eta Iñaki O'Shea ezker abertzaleko kidea ere egon dira agerraldian.

Azaldu dutenez, Solabarriaren kontrako epaiketa «larria eta esanguratsua bada ere», ez da bakarra. Askapena erakundea legez kanpo uzteko prozesuaren harira, Unai Vazquez barakaldarrak sei urteko kartzela zigor eskaerari egin beharko dio aurre —epaiketak ez dauka datarik oraindik—. Barakaldoko beste bi gazterentzat urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute, ikasle greba batean parte hartzeaz akusatuta, eta beste gazte batek urtebete eta sei hilabeteko zigor eskaera du, Gurutzetako ospitalean abortu eskubidearen aldeko itxialdi bati babesa emateagatik.

Bestalde, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak salaketa jarri zuen bost gazteren kontra, Barakaldoko Bagatza auzoko jaietan egindako ekitaldi batean «Espainia eta segurtasun indarrak iraintzea» leporatuta. Delitu mota horrek kartzela zigorrik ez dakarrela ohartarazi dute Libre dinamikakoek. Auzia instrukzio fasean dago oraindik.

Bukatzeko, gogorarazi dute beste bi gazte barakaldar daudela joan den astean sarean «terrorismoa goratzeaz» akusatuta atxilotutakoen artean.

«Noiz arte jasan behar dugu egoera hau?», galdetu dute Libre dinamika osatzen dutenek, epaiketa politikoak gaitzetsi eta auzipetu guztiei babesa helarazteaz batera. Iragarri dutenez, bihar, 20:00etan, manifestazioa egingo dute Barakaldon, Bide Onera plazatik abiatuta.

Gainerako auzipetuen sorterrietan ere egingo dituzte haien aldeko mobilizazioak. Gaur, esaterako, elkarretaratzea egingo dute Soraluzen (Gipuzkoa), 19:00etan, Plaza Zaharrean, eta bihar beste bat antolatuko dute Gasteizen, 19:30ean, Andre Mari Zuriaren plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.