Autogobernua

Bihar hartuko du bere gain trafiko eskumena Nafarroak

Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian, Maria Txibitek «mugarri historikotzat» jo du berriro funtzio hori izatea, frankismoak kendu egin baitzuen 1960ko hamarkadan.

Jose Antonio Gurrea, Amparo Lopez, José Maria Aierdi, María Txibite, Javier Remirez eta Juan Carlos Zapico. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2023ko ekainaren 30a
13:45
Entzun

«Azkenik, lortu dugu, elkarrizketari eta leialtasun instituzionalari esker». Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzionala egin nahi izan du bere egoitzan, Nafarroako Jauregian, bihartik aurrera trafikoa berriz ere bere gain hartuko duela ospatzeko. Maria Txibite jarduneko lehendakariak eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari, akordioa izenpetzeagatik: «Gure funtsa ulertu du, eta gure foraltasuna errespetatu».

Txibiterekin batera, han izan dira gobernuko jarduneko bi presidenteordeak (Javier Remirez eta Jose Mari Aierdi), Amparo Lopez Barne zuzendaria, Juan Carlos Zapiko Foruzaingoko burua eta Jose Antonio Gurrea trafikoko eta bide segurtasuneko komisarioa.

Ikusi gehiago:Nafarroari trafiko eskumena uztailaren 1etik aurrera itzuliko zaiola sinatu dute

Legealdiaren hondarrean sinatu zuten akordioa Madrilgo eta Espainiako gobernuek, martxoaren 22an. Txibitek asko goraipatuagatik, Pedro Sanchezen gobernuari kostatu egin zaio emandako hitza betetzea. Izan ere, 2018ko urriaren 30ean, aurreko lehendakari Uxue Barkosi ziurtatu zion trafiko eskumena itzuliko zitzaiola Nafarroari. Azkenik, Espainiako aurrekontu orokorren inguruan EH Bilduk lortutako akordioaren barruan egin da urrats hori.

Gaurko ekitaldian, Txibitek Foruzaingoaren rola nabarmendu du. Haren irudiko, Foruzaingoak erakutsi du «egiteko gaitasuna, talentua, ezagutza eta gertutasuna dituela, eta egunerokoan herritarren konfiantza lortu duela Nafarroako errepideetan ia mende batez izandako ibilbide luzean». Dena den, Nafarroan diren beste polizien jarduna eskertu nahi izan du: «Egunero daude –eta egongo dira– nafarren zerbitzura, bestelako zereginetan».

2018ko Polizien Legean jasotako xedapen baten bidez —UPNk, PSNk eta Ahal Dugu-ko sektore kritikoko bi parlamentarik bozkatu zuten haren alde—, egun trafikoan aritzen diren guardia zibilek aukera izango dute foruzain egiteko. Asteon, Javier Remirezek baieztatu du «azken lauhilekotik aurrera» izango dutela irekia ate hori, egungo gutxieneko baldintzak errespetatuta.

Ikusi gehiago:Bihurgune askoko eskumena

Bestalde, Javier Remirezek azpimarratu du biharkoa «egun handia» izango dela. Nahiz eta funtzioa ez den berehalakoan osorik hartuko, Remirezek uste du aukera emango duela trafikoko arazoentzat Nafarroaren neurrirako irtenbideak aurkitzeko. Berez, akordioan jaso zenez, lau urteko trantsizio epea izango da Nafarroak eskumena osorik bere gain hartu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.