Itxura guztien arabera, atzeratu egingo da hezkuntza akordioa. Joan den astean aurkeztu zuen lehen dokumentua akordioa erdiesteko Eusko Legebiltzarrean sortu den lantaldeko presidenteak, eta, printzipioz, ostiralera arteko epea jarri zuten hari zuzenketak aurkezteko. Ordea, epea luzatzearen aldeko ahotsak gero eta ozenago entzuten ari dira, eta erabaki dute bihar lantaldea biltzea, egutegia berriz zehazteko.
Epea luzatzearen alde egingo dutela dirudi, hala eskatu baitute hainbat alderdik: Elkarrekin Podemos-IUk eskaera formala erregistratu du, eta Carlos Iturgaiz PPren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako presidenteak nahiz Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak hitzez adierazi dute denbora gehiago izateko nahia. Alderdi politikoen eskaerei erantzunez, Eusko Jaurlaritzak ere ez dio aterik itxi epeak zabaltzeari. Bingen Zupiria bozeramailearen hitzetan, gailendu egiten dira «ahalik eta akordio handiena lortzeko gogoa eta helburua», hezkuntza legea onartzeko ezarrita daukaten data buruan izanda, betiere: urte honen bigarren seihilekoa. Halaber, EH Bilduk ere galdegin du eskaera horiek aintzat hartzeko eta hezkuntzako lantaldea biltzeko, datak bertan erabaki ditzaten.
Azkenean, hala egitea erabaki dute: Gorka Alvarez (EAJ) lantaldeko presidenteak alderdiekin hitz egin du, bilerara biharko deitzeko. Osoko bilkuraren ostean dira elkartzekoa.
Akordiorako aukerak
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere mintzatu da hezkuntza akordioari eta legeari buruz. PSE-EEk oraindik ados ez direla jarri adierazi zuen joan den astean, baina Urkulluk horretarako aukerak ikusten ditu. Gainera, gobernukidearekin ez ezik, gainerako alderdiekin ere ikusten du ituna sinatzeko parada: «Uste dut nahiko adostasun dagoela oinarrietan».
Akordioa erdiesteko aukerez ez ezik, haren edukiez ere aritu da. Bi gai aipatu ditu nagusiki: hezkuntza publikoa eta euskara. Nabarmendu duenez, gobernu programan jasota daukate eskola publikoari buruzko aipamena, eta PSE-EEri zuzendu zaio esanez ez luketela EAJk hezkuntza publikoarekin duen «konpromisoa» zalantzan jarri behar. Euskarari dagokionez, gogorarazi du euskara eta gaztelera direla hizkuntza ofizialak, eta, haren hitzetan, hezkuntzak bermatu behar du ikasketak amaitutakoan bi hizkuntzetan «normaltasun osoz» jarduteko gaitasuna edukitzea.
Eusko jaurlaritza ez ezik, alderdiak ere ari dira beren iritziak ematen. Gaur, esaterako, EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arrese elkarrizketatu dute Bizkaia irratian, eta argi esan du zer duten begiz jota: Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek izenpetzea akordioa.
Eztabaidako gai korapilatsuenak ere izan ditu ahotan: segregazioa, euskara, eta hezkuntza publikoa eta itunpekoa. Hezkuntza sistemaren «arazo larrienetarikoa» iruditzen zaio segregazioa, eta gaiari «tinkotasunez» heltzea proposatu du, «neurri zuzentzaile tinkoak» martxan jarriz eta segregazioaren aurkako herri akordioa eginez.
Sare publikoaren eta itunpekoaren inguruan ere aho bizarrik gabe mintzatu da: «Eskola publikoak izan behar du euskal hezkuntza sistemaren ardatza». Egungo «ituntze unibertsala» gaitzetsi du, eta esan du ikastetxeek konpromiso batzuk —esaterako, segregazioari eta euskalduntzeari lotutakoak—hartu beharko dituztela, diru publikoa jasotzekotan: «Ezin dugu edozein ikastetxe diru publikoz finantzatu».
Eta hizkuntzari dagokionean, egungo sistema aldatzearen alde daudela nabarmendu du Arresek: «A, B eta D ereduen sistemak ez du funtzionatzen». Gogorarazi du legea bete beharra dagoela, eta bertan jasota dagoela derrigorrezko eskolaldia amaitutakoek ikasleek euskaraz nahiz gazteleraz aritzeko gauza izan behar dutela.