Miarritzeko (Lapurdi) geltoki aldeko auzoaren izena da La Negresse: XIX. mendean auzo horretako ostatu batean lanean ari omen zen emazte beltz bati dagokio izendapena, Napoleonen soldaduek jarria. Izenaren aldarazteko prozedura abiatu zuen Oroimenak eta Partekatzeak elkartearen ustez, baina, izendapena arrazista eta sexista da —beltzen trafikoaz eta esklabotzaz oroitzeko lan egiten du elkarte horrek—.
Paueko Administrazio Auzitegiko epaileen eskuetara eraman zuten afera: «Herriko etxearekin bitartekaritzan aritzeko eta elkarrizketa demokratikoa abiatzeko egin ditugun saiakera guziak hutsalak izan dira: horregatik egin dugu», esplikatu zuen Karfa Sira Diallo elkarteko buruak. Auzitegiak, baina, auzi saioko txostengilearen iritzia aintzat harturik, deliberatu zuen La Negresse auzo izena ez dela «giza duintasunaren kontrakoa», eta elkarteak helegitea ezarri zion erabaki horri; Bordeleko Dei Auzitegira heldu zen orduan epaiketa, eta azkeneko emaitza bihar jakinaraziko dute, hain zuzen.
«Ez da batere arrazista»
Auzoaren izena justifikatzeko edo, behin eta berriz argudiatu izan dute auzo horretako ostatu batean lanean aritu omen zen emazte beltzaren «ohoretan» egin zela izendapena; Miarritzeko Herriko Etxearen abokatuak berak erabili zuen hitz hori. Herriko etxeko sarreran duela zenbait egun ezarri duten kexu kaierean ere, hain zuzen, herritarrek zehaztu eta idatzi dute haien ustez emazteari zer irudituko litzaiokeen izendapena: «Ez da batere arrazista», «ez dut ulertzen non dagoen arazoa»... idatzi dute batzuek, bete diren 50 orrietakoren batean.
Maryse Forestier miarriztarrak kexu kaierean idatzi duen iritzia besteen antzekoa da, eta hau gehitu du ahoz: «Beti erran digute begirunea adierazten zuela hola deitu izanak: ez zen batere haren diskriminatzeko, kontrakoa zen». Vincent Hiribarren historialaria da, Afrikaren Historia irakasten du Londresen —Donibane Lohizunekoa da sortzez (Lapurdi)—, eta ez dator bat iritzi horrekin: «Horren frogarik ez dago, eta nehor ez dut ezagutzen gaur egun erranen lukeenik izen hori ez dela arrazista»; agerikoa denez, badira hori dioten batzuk.
Larousse frantses hiztegiak honela dio: «Nègre hitza sarritan erabili izan denez testuinguru diskriminatzaile eta arrazistetan, gaur egun nahiago izaten dira baliokide neutroak: erregistro guztietan, beltza, izena eta adjektiboa»; izena 1861ean hautatu zen, esklabotzaren hondarretan.
«Garai hartan jadanik, emazte horren istorioak 50 urte zituen, eta jada ez zuten emazte horren izenik. Horregatik da konplikatua: zenbait nabigatzaileren izenak xerkatzen ari gara, Haitira joan zirenak, Santo Domingora, eta, agian, emazte horrekin itzuli zirenak gero, esklaboa zena aitzitik eta libre geratu zena... Baina hipotesiak baizik ez dira». Noski, emazte hori existitu bada, izatekotan, ez zuen negresse izena; horregatik da hain garrantzitsua, Hiribarrenen ustez, haren egiazko izenaren atzematea: «Haren izena ezartzekotan, egiazkoa ezarri behar zaio, emazte [beltzen] eskubideen ikuspegitik».
Patrick Lafitte ere kexu kaierean idaztera jina da; hark ere ez du uste auzoaren izendapenak kutsu arrazista duenik: «Betidanik ezagutua da izen hori, eta ez dut ulertzen alegiazko konnotazio arrazista hori».
Euskaraz, ‘Harausta’
Ez da egia, ordea, La Negresse auzoaren izena betikoa denik, auzoak euskarazko izena baitzuen lehenago. 2000. urtean aurkeztu zuen tesi lanean, Hector Iglesias ikerlariak xehe-xehe ikertu zituen Baionako, Angeluko eta Miarritzeko leku izenak. Erakutsi zuen euskaldunek Harausta, Harrausta, Heustarre edo Eguastarre deitzen ziotela Miarritzeko geltokiaren inguruko auzo horri, baita dokumentuetan ere. XIX. mendean Napoleonen soldaduek auzoa La Negresse izendatu ondoan, 1968an herriko etxeak ofizialki egin zuen aldaketa, kolpe bakarrez bi kondena jarrita: euskarazko izena ezabatu eta La Negresse izendapen gutxiesgarriarekin ordezkatu zuen.
Kexu kaierean batek baino gehiagok «auzoaren historiaren izenean» galdegiten du izena ez aldatzea, baina, historiari erreparatzen bazaio bederen, Harausta izena behar luke.
Forestierrek 80 urte ditu, eta bera ere historiari lotu zaio, bere adinari erreparatuz: «Ene adina ikusita, nahi nuke La Negresse auzoa La Negresse egon dadin»; izan ere, Harausta euskarazkoarekin ordezkatzea ez zaio gustatzen. «Kasu horretan, frantsesek erran lezakete ezetz, ez dutela euskarazko izen hori atxikiko: zergatik ez! Beraz, ez, ez». Euskarazko izendapena La Negresse izendapena baino diskriminatzaileagoa ote den galdetuta, «baietz» erantzun du.