Segurtasun Sailak Ernaiko 133 kideri jarritako 2.500 eurora arteko isunak aztertzen hasiko dira auzitegiak bihartik aurrera. Bilbon eta Gasteizen identifikatutako bi gazteren kasuek zabalduko dute prozesua. Banan-banan eztabaidatuko dute isunen inguruan, eta, Ernairen kalkuluen arabera, hurrengo urtera arte itxaron beharko da ebazpen guztien berri izateko. Ia 300.000 euro daude jokoan.
Gazteen esanetan, isunak «ezohikoak eta gehiegizkoak» dira, eta helegiteak aurkeztu zituzten horien kontra, indargabetzeko asmoz. «Gisa honetako erasoen harira hartu genezakeen posiziorik egokiena da», esan du Markel Rio Taracido Ernaiko kideak. Aitortu du «urduritasun puntu bat» badutela prozesu judiziala hasi bezperan, baina, aldi berean, «motibatuta eta anbizioz» helduko diotela. «Uzkurtu beharrean, pauso bat aurrera eman, eta borrokarako gogotsu joango gara».
«Uzkurtu beharrean, pauso bat aurrera eman, eta borrokarako gogotsu joango gara»
MARKEL RIO TARACIDOErnaiko kidea
2023ko irailaren 22an dago abiapuntua: Galder Barbado eta Aitor Zelaia espetxeratzeko aginduen aurkako protestak egin zituzten, besteak beste, Bilbon eta Gasteizen. Eserialdia egin zuten Espainiako Gobernuak Plaza Eliptikoan duen egoitzaren aurrean, eta, ondorioz, Bilboko trafikoa ia lau orduz moztu zuten; Gasteizen, Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoaren atarian egin zuten mobilizazioa. Egun horretan bertan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuen hiru pertsona atxilotu zituela eta ehun baino gehiago identifikatu. Era berean, abisatu zuten zigor eskaerak egin zituztela.
Bada, identifikatutako 133 lagunek zortzi hilabete geroago jaso zituzten zigorrak, aurtengo maiatzean. 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak iritsi zitzaizkien. Batuta, 290.500 euro.
Alegazioak banaka egin zituzten, ekainean. Argudiatu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak mozal legearen «interpretazio oso zigortzailea» egin duela, eta helegiteen bitartez frogatuko dutela irailean egindako protestak «mobilizatzeko eskubidearen barruan egindako ekinaldi baketsuak» izan zirela.
Gainera, haien ustez «argi dago» Jaurlaritzak «modu erabat neurrigabean eta arbitrarioan» jokatu duela. «Ikusi dugu erantzuna oso bestelakoa izan dela ezaugarri berdintsuko beste protesta batzuetan. Asko jota, bi edo hiru lagun identifikatu dituzte, eta isunak txikiagoak izan dira. Oraingoan, modu orokortuan zigortu gaituzte, eta, gainera, halako kopuruak ezarrita».
«Arrakastaren seinale»
Ernai jopuntuan jarri nahi izan dute, Rioren ustez. «Oso argi ikusten dugu tartean badagoela Ernai politikoki ezeztatzeko estrategia bat». Azken urteetan Ertzaintzaren kargei, atxiloketei, isunei, prozesu judizialei, aurkako adierazpenei... aurre egin behar izan dietela azaldu du Riok. «Halako lehen gertaera ez bada ere, jasan dugun bortitzena da, segur aski. Ekonomikoki ito nahi gaituzte, eta gure jarduna ezinezko egin».
Tesi horrekin bat egin dute, hain zuzen, 32 eragilek. Tartean dira sindikatuak, alderdi politikoak, talde ekologistak, feministak, antirrazistak... «Gure auzia estrategia orokor bati lotu ahal zaio. Bestelako Euskal Herri bat nahi duten eragileen aurkako jarrera sistematikoa dauka Eusko Jaurlaritzak».
«Inolaz ere ez» dira damutzen. «Tamalez, badakigu balitekeela noizbait horrelakoei aurre egin behar izatea Euskal Herrian gazte militante independentista izateagatik». Oraingo isunak horren handiak izatea «arrakastaren seinale» dela uste du: «Gure jarduna berresteko beste motibo bat da. Gure aurka egiten baldin badute, arrakasta lortzen ari garelako egiten dute. Ezker independentistaren proiektuak geroz eta babes zabalagoa du».
Azkenean epaiak aurkakoak badira eta 300.000 euroak ordaindu behar baldin badituzte, orain arteko dinamikak sakonduko dituzte, Rioren hitzetan. Hainbat ekintza egin dituzte auzia gizarteratzeko, eta iradoki du bide horretatik joko dutela aurrerantzean ere. «Gainera, prozesuaren parte bat epaitegietan gertatuko da, baina beste parte handi batek gainditu egiten du esparru hori».