EAJk lurralde zuzendaritzetan islatuko du gizarteari helarazi nahi dion berrikuntzaren mezua. Bizkai, Araba eta Gipuzko Buru Batzarrek zuzendaritza eta presidente berriak izango dituzte bihar abiatuko den prozesua burura eramaten dutenean, azaroaren 23rako; GBBren kasuan, egun bat gerorako.
Jose Antonio Susok aspaldian iragarri zuen presidentetza utziko zuela, hain zuzen Bastidako Udaleko (Araba) auzi politikoaren ondoren, iaz. Itxaso Atutxak, berriz, aurreko astean iragarri zuen badoala BBBtik. GBBri dagokionez, Joseba Egibarrek aditzera eman zuen berak ere kargua utziko duela; lehen hautespen aldia zabalduko dute bihar, eta politikari eskarmentudunaren iragarpen bat espero da aurki. NBBn eta IBBn, aldiz, ez dira espero aldaketa handiak, eta Unai Hualde Nafarroako buru gisa jarraitzekoa da. Ipar Euskal Herriko ordezkari nagusiak, berriz, Peio Etxelekurena izaten jarraituko du, ezusterik ez bada.
Joseba Egibarrek aditzera eman zuen berak ere kargua utziko duela; lehen hautespen aldia zabalduko dute bihar, eta politikari eskarmentudunaren iragarpen bat espero da aurki
Azken asteetan, izen dantza bat hasi da hedabideetan, buruzagi horiek ordezkatuko dituztenak aurreratu nahian. Lehen hautespen aldiaren bukaerak, urriaren hondarrean, aztarna argiak emango ditu izen horien inguruan, baina Aberri bermearen galbahea pasatu ondoren, zerrendak argiago ikusiko dira bigarren hautespen aldia hasten denerako, azaroaren 7rako. Ordurako, lurralde zuzendaritzetako presidenteak nortzuk izango diren bideratuta egon da kasu gehienetan.
Arabako egoera
Izan ere, Gipuzkoan ez dago sektore kritikorik Egibarrek ordezkatzen duen ildoarekin, eta kontsentsuzko hautagai bat egotea espero da. BERRIAk jakin duenez, Maria Eugenia Arrizabalagaren izenak indar handia hartu du prozesu horren hasieran. Bizkaian gauzak ez daude hain argi, baina Iñigo Ansolaren izena kaleratu dute zenbait hedabidek. Araban, berriz, zailagoa da aurreikustea nork har dezakeen Susoren lekukoa, ABBko buru den politikariak onartu baitu Araban badirela korronte desberdinak. Bigarren hautespen aldirako hautagai bateratu bat adosten den ala ez ikusiko da azaroaren 7rako.
EGUTEGIA
- Lehen hautespen aldia. Urriaren 17an abiatuko dira Uri buru batzarretan ABB, BBB, GBB, NBB eta IBBko zuzendaritzak berritzeko prozesuak. Hautagaiak aurkeztuko dituzte gehiengo soilarekin.
- Bigarren hautespen aldia. Azaroaren7-8an abiatuko da bigarren itzulia batzokietan. Gehiengo soilarekin hautatuko dituzte zuzendaritzako kidegaiak. Aurretik, Aberri berme eta zaingo batzordearen galbahea igaro beharko dute hautagaiek. Urriaren 28tik aurrera ariko da lan horretan. Azaroaren 17-20rako bigarren itzulia bukatuko da.
- Herrialde batzarra. Azaroaren 18tik 24ra, herrialdeetako zuzendaritzak gehiengo osoz izendatuko dituzte.